Emakumeenganako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Eguna dela eta, udalek erakunde adierazpena onartu dute. "Beste behin ere, emakumeen kontrako indarkeria matxista mota guztiak irmoki gaitzetsi" dituzte, "indarkeriarik gabeko mundu bat" aldarrikatu dute, "non emakumezkoak zein haurrak beldurrik gabe, mehatxurik gabe eta beren eskubideen berme osoarekin bizi daitezkeen". Izan ere, indarkeria bikarioari erreparatu diote toki erakundeek aurten eta Ez da antzerkia, indarkeria bikarioa da leloa aukeratu dute.
Azaldu dutenez, "erasotzaileak bere gertuko jendea erabiltzen du, batik bat seme-alabak, emakumezkoari ahalik eta kalte emozional handiena eragiteko. Indarkeria mota horrek aztarna ezabaezina uzten du jasaten dutenengan, eta, kasu askotan, neska-mutilen heriotza eragin dezake". Udalek nabarmendu dutenez, "indarkeria mota horretan, agerian geratzen dira indarkeria matxistaren ezaugarri diren botere-dinamikak: erasotzaileek ez dituzte beren haurrak izaki independente gisa ikusten, bikotekideen gaineko kontrolaren hedapen gisa baizik". Gaineratu dutenez, "indarkeria bikarioak emakumezkoak etengabe zalantzan jartzen dituen gizarte baten konplizitatea du, emakumezkoak agintetik kendu eta haien hitza zalantzan jartzen duena"
Udalek ezinbesteko jo dute beraien "politikak eta baliabideak indartzen jarraitzea indarkeria matxista mota guztiei aurre egiteko. Horregatik, bost konpromiso hartu dituzte. Aurrena, indarkeria bikarioari buruzko berariazko sentsibilizazio kanpainak sustatzea, indarkeria mota hori ikustarazteko eta herritarrak haren ondorio suntsitzaileen inguruan kontzientziatzeko. Bestetik udal profesionalen prestakuntza indartzea indarkeria bikarioaren kasuak antzeman eta modu goiztiar eta eraginkorrean jokatu ahal izateko. Horrekin batera, babes integraleko neurriak bultzatzea, emakumeendako eta haien seme-alabendako, dituzten beharrak kontuan hartuta. Aldi berean, gobernuaren eta udalen arteko ekintzen koordinazioa sustatzea. Eta, azkenik, tokiko berdintasun politiketan indarkeria bikarioaren ikuspegia txertatzea, indarkeria.