Funtzionario Publikoen zein Eskuin Muturreko taldeen indarkeriazko ekintzei buruzko 19/2019 Foru Legearen babesean, 41 biktimari errekonozimendua eta erreparazioa emateko ekitaldi publikoa hartu zuen Baluartek atzo. Ekitaldi horrekin, Nafarroako Gobernuak, "memoriaren ikuspegi integral" batetik, aurrera egin nahi du biktima guztien errekonozimenduan eta erreparazioan, bizikidetzaren eta memoria demokratikoaren alde eta bakean oinarritutako gizartea eraikitzeko duen lan-ildo global eta koherentearen barruan. Foru gobernuak biktimen errekonozimendu eta erreparaziorako bigarren ekitaldi publikoa izan zen eta, oraingoan ere, aitortza jaso zutenen artean sakandarrak zeuden: Joxe Aldasoro Jauregi eta Mikeldi Diaz Aldama. Biak ere torturaren biktima gisa aitortu ditu Nafarroako Gobernuak.
Ekitaldian parte hartu zuten, biktimez aparte, senitartekoekin eta haien ingurune hurbilenarekin batera, Errekonozimendu eta Erreparazio Batzordeko kideek, zeinak aztertzen ari baitira motibazio politikoko indarkeria jasan duten pertsonen espedienteak eta eskaerak. Ekitaldian Nafarroako hainbat instituzio eta erakundetako ordezkariak ere izan ziren.
Biktimen hitza
Tortura pairatu duen biktima horietako batek, Alberto Goñik, bere esperientzia pertsonaletik abiatuta, baina bizipen hori gaindituz, testuinguru biktimologiko horretan jasandako motibazio politikoko indarkerien uneak, egoerak eta kausak errepasatu zituen. Goñiren arabera, torturak "bizi osorako trauma" eragiten dio biktimari, eta gainean daraman motxilaren zama deskribatu zien ekitaldian zirenei: "Errua, beldurra, lotsa, isiltasuna... Beldurra ariman sartzen zaizu, zure baitan talka egiten du, itotzen zaitu, ez dizu bizitzen uzten. Beti, itzuliko diren beldurrez. Errua, berriz, barrutik usteltzen zaituen pozoia da. Zure erruz beste torturatuak daudela esaten dizute poliziek, gehiago eutsi zenezakeela eta ez zenuela egin. Isiltasuna gordetzen duzu, zerbait egingo zenuen susmo orokorraren aurrean. Edo ez zela hainbesterako izango. Egun bat besterik ez zela izan. Bakarrik nahi duzu ahaztea eta ahaztua izatea".
Goñik azpimarratu zuenez, indarkeria guztiak “gizagabeak” dira, besteak entzutea galarazten duelako. Eta "bizikidetza, entzutea eta elkarrizketa" oinarri hartuta aurrera egiteko beharra defendatzeko. Goñik esan zuenez, "bete ditzagun lubakiak lur berri eta emankorrez, egin ditzagun gudu-zelaiak ereintza-zelaiak, non elkarrizketa, entzutea, adimena, ideia desberdinak, kontraesanak landu, non gizateria berri bat, jendarte berri bat nahi dutela oihuka eskatzen diguna elikatu. Non bestearen bihotzean, eta ez haren ideietan bakarrik elkartuko garen", hausnartu zuen Goñik. "Bere akatsak egin ditzakeen gizarte bat, eta ez berriro gureak. Espero dut hau guztia hasiera izatea, hainbeste behar dugun beste inflexio- eta sendatze-puntu bat izatea. Datozen belaunaldiek eskatzen digute. Aurreko belaunaldiek begiratu eta horretara animatu egiten gaituzte", nabarmendu zuen.

Gobernuaren esanak
Ana Ollo Hualde lehendakariordeak Nafarroako gizarteak eta Gobernu honek azken legegintzaldietan memoriaren eta bizikidetzaren politika publikoen arloan egindako aurrerapenak nabarmendu zituen, eta "oraindik egiteko dituen etapetan urrats sendo eta erabakigarriarekin" aurrera egiten jarraitzeko apustua egin zuen.
Ollok esan zuenez, "indarkeriaren kulturak ekintza politikorako estrategia gisa duen deslegitimazio politiko eta sozial erradikala berrestea; Nafarroako pluralismoa defendatzea eta indartzea; eta guztion eskubideak – batez ere biktimenak eta sektore ahulenenak – benetan babesten direla zaintzea dira lantzen ari garen II. Bizikidetza Planaren ardatzak, desberdinentzako kontratu sozial gisa. Etorkizuna hiru zutabe handi eta sendotan oinarritzen da: pertsonen duintasuna, indarkeriaren zentzugabekeriaren erabateko deslegitimazioa eta giza eskubideen babes eta berme eraginkorra ", azpimarratu zuen.

Lehenakariordeak "zerumuga" horren barruan kokatu zuen atzoko eguna, "iraganean bidegabeko eta justifikaziorik gabeko kaltea eta indarkeria jasan zenuten pertsonei errekonozimendua eta ordaina emateko ekitaldia: indarkeria, tortura, tratu txarrak, atentatuak... Nafarroako Gobernutik barkamena eskatzen dugu erakundeen izenean iraganean eragin zizueten kalte desegoki eta ez-legitimo horrengatik, gaur egundik gizarte benetan demokratikoa eta baketsua eraiki ahal izateko. Izan ere, ekintza honek — gaineratu du — kontakizun bat eraikitzeko balio behar du, indarkeria oro deslegitimatuko duena, baita zuek jasan zenutena ere, eta bakean dagoen gizarte batean aurrera egitea ahalbidetuko duena".
Ollok azpimarratu zuenez, tratu txarrak eta tortura jasan dituzten emakumeen kasuan, "indarkeriak genero-joera bat ere badu. Izan ere, giza eskubideen edozein urraketaren aurkako jarrerak erabat demokratikoa izan behar du". Ildo horretan, Ollok memoriaren garrantzia aldarrikatu zuen, izan ere, "ezin da aurrera egin biktima bakar bat ere ahaztuta edo ikusezin bihurtuta, ezta biktima guztiekin dugun konpromisoa ere, Gobernuarena, bakoitza bere testuinguru biktimologikoan, diluziorik eta parekatzerik gabe". Gaineratu zuenez, "ideia desberdinak izan ditzakegu, proiektu desberdinak, baita kontrajarriak ere, baina inork ez zuen inoiz gainditu behar pertsonen duintasunaren muga. Biktimekiko eta gizarte osoarekiko konpromiso bikoitzetik abiatuta, inoiz gehiago ez den mezua helarazi nahi dugu gaur hemen".
Lehendakariordearen esanetan, "demokraziak ez du bidezidorrik onartzen. Indarkeria eta giza eskubideen urraketa ez dago inoiz justifikatuta. Ez demokrazia lortzeko, ezta, ustez, hura defendatzeko ere. Inoiz ez inorentzat inon ", azpimarratu zuen Ollo. Era berean, azpimarratu nahi izan zuen "memoria kritiko baten garrantzia, banakako eta taldeko akatsen errepikapenak saihesteko balio duena. Eta aitortu, baita erakundeen aldetik ere, inoiz gertatu edo egin behar ez zena". Ondorio gisa, dei egin zuen "ukazioz eta inboluzioz betetako garai nahasietan" Nafarroako gizarteak "printzipioei eta etikari" eta "demokrazia defendatzeari" eutsi diezaien, "agian demokrazia osatugabea baina hori bera lortzea asko kostatu dena".

Errekonozimendu Batzordearen lanaren balioa
Batzordeko buru eta Memoria eta Bizikidetzako zuzendari nagusi Martin Zabalzak batzordeari berari eta bere kideei balioa eman eta aitortzeaz aparte, egiaren beste batzorde batzuekin bat datorrela nabarmendu zuen. "Esan dezakegu, erratzeko beldurrik gabe, bai gure jardueren lege-egokitzapena, bai Batzorde honek erabilitako metodologia, guztiz homologatuta eta lerrokatuta daudela nazioarteko gomendioekin eta gaian aditu ospetsuen interpretazioekin", ziurtatu zuen. Gaineratu zuenez, garrantzitsua da "bizikidetza demokratikoko ekosistema nafar bat eraikitzeko aldi hau, herritarrak ordezkatzen dituen ezein eragile baztertu gabe". Gogorarazi zuenez, bi ekitaldietan 53 pertsonari aitortu zaie indarkeria mota horren biktima gisa, Batzordearen nahitaezko txostenen ondoren. Zabalzak jakinarazi zuenez, batzordeak beste 78 espedientetan lanean ari da.