Sakanerrian:
Normaltasunerako bidean argindar itzalaldiaren ondoren. Atzo eguerdian hasi zen argindar itzalaldia arratsalderako bueltatu zen herri gehienetan. Arakilen eta Irurtzunen, ordea, arratsaldea “luze” egin zitzaien eta iluntzean bueltatu zen. Tren garraioa gaur berrezarriko duela jakinarazi du Renfek. Argindar itzalaldiaren ondorengo eguneko lehen orduetan aparteko gorabeherarik ez da. Bazkaltzeko garaiaren aurretik joan zenez argindarra, horrek eragina izan zuen. Esaterako Irurtzungo Sutek dendan berehala saldu ziren zituzten gas botilatxo apurrak. Baina argindarrik gabe zeudenez, ezin zuten esku diruarekin kobratu, pertsiana eri itxita izan zuten, eta bakarrik kontua duten bezeroekin aritu ziren. Lakuntzako Aralar burdindegian ere zituzten gas botilatxo gutxi batzuk eta haiek berehala saldu zituzten. Eta zituzten gasarekin dabiltzan sukaldeak ere berehala agortu ziren. Argindarra bueltatu zenez, arratsaldean normal lan egin zuten. Etxarri Aranazko Esekin zituzten gas botilatxoak eta gasarekin dabiltzan sukaldeak berehalakoan saldu ziren. Arratsalderako argindarra bueltatu bazen ere, ezin kobratu ibili ziren. Altsasuko Ramosen ere gas botilak, gasarekin dabiltzan sukaldeak eta aisialdian gasarekin sua egiteko metalezko euskarriak saldu zituzten. Altsasuko Gertu dendan gas botila guztiak agortu ziren. Arratsaldean telefono estaldura joan egin zen eta ezin izan zuten txartela zuten bezeroei kobratu. Bestalde, Arakilen argindarra bueltatu zen azken tokia Harivenasara izan zen, 22:00etan bueltatu zen. Urdiainen Internetekin arazoak izan ziren, joan-etorrian ibili zen, 21:00etan zerbitzua normaldu zen arte.
Irurtzungo Udalak bi musika irakasle kontratatzea erabaki du. Aurtengo lan publikoaren eskaintzan hala zehaztu du. Irurtzungo Udalak 2025erako lan publikoaren eskaintza onartu du. Eskaintza horretan musika irakasleko bi lanpostu daude sartuta: klarinete eta bateria irakasle lanpostuak. Udalak hartutako erabakiaren kontra errekurtsoak aurkezteko aukera dago hilabete batez.
Kontzejua hasi da festak prestatzen. Jaio berriek festetako zapiak eskuratzeko, izena emateko epea zabalik da. Lizarragako Kontzejuak joan zen urtean herrian jaiotako haurrei harrera eginen die San Adrian festetan. Ekitaldi horretan herriko zapia emanen zaie umeei. Halako ttattarra jaso nahi duten haurren gurasoek kontzejuko kideei jakinarazi beharko diete maiatzaren 10a baino lehen.
Kirolak:
Mendian, 1.044 mendizale ausart. Euriari aurre eginez, parte hartze ederra izan zuen Irurtzungo Iratxo elkarteak antolatutako 36. Sakanako Ibilaldiak. Gehienek Ibilaldi Motza aukeratu zuten. Hiru ibilbideek Latasan egin zuten topo. Sakanako Ibilaldiak aurten Paris 365 jantoki soziala lagundu zuen.
Futbolean, , Zaldua, puntu banaketa Txaparrosekin. Elomendiko Futbol Txapelketako azken aurreko jardunaldian talde arakildarrak berdindu egin zuen. Elomendiko Futbol Txapelketan 25. jardunaldia jokatu zen. Arakilgo Zaldua taldeak Txaparros izan zuen aurkari eta parez pare ibili ziren bi taldeak. Azkenean, bina berdindu zuten. Bar Olmok jarraitzen du ligako lider (67 punturekin). Arakilgo Zaldua bosgarren da (50 puntu). Hain zuzen ere, maiatzaren 3an Zalduak Bar Olmo liderra izango du aurkari, Lizasoainen jokatuko den partidan.
Futbolean, Altsasu, kopan ongi. Emakumezkoen Kopako multzoen fasean Lagunak mendean hartu zuen Altsasuk. Emakumezkoen Kopan, Altsasu laugarren multzoan dago. Bigarren jardunaldian Lagunak taldea izan zuen aurkari, Barañainen, eta Altsasuk 1-2 hartu zuen mendean Lagunak, kontrako markagailuari buelta emanez. Izan ere, 6. minuturako Barañain aurreratu zen, baina Altsasuk partidari buelta ematea lortu zuen, 43. minutuan Alicia Elizaldek bana berdindu baitzuen eta bigarren zatia hasi eta berehala Alicia Elizaldek berak garaipenaren gola sartu zuelako. 1-2 markagailuari ongi eutsi zion Altsasuk, eta garaipen garrantzitsua lortu zuen. Laugarren multzoko sailkapenean Ardoi eta Altsasu daude buruan, hiruna punturekin, bi taldeek orain arte jokatutako bi partidak irabazi dituztelako. Multzoen faseko hirugarren eta azken jardunaldian bi taldeek elkarren kontra jokatuko dute, maiatzaren 11n, Dantzalekun.
Futbolean, Altsasu, erregionaleko ligako txapeldun lau jardunaldiren faltan. Dantzalekun jokatutako derbian liderrak ez zion aukerarik ere eman kopa irabaztetik zetorren Etxarriri. Lagun Arteak Amaya mendean hartu zuen. Erregional mailako 30. jardunaldiak bi talde sakandarren arteko derbia ekarri zuen. Altsasu liderrak apirilaren 17an Nafarroako Futbol Federazioko kopa irabaztetik zetorren Etxarri Aranatz hartu zuen Dantzalekun. Talde bakoitzak bere helburua zuen: Altsasurena hiru puntuak lortzea zen, ligan galdu gabe jarraitzeko eta liga garaipena lortzeko; eta, Etxarri Aranatzena, Altsasu liderra lehen aldiz irabazten zuen taldea izatea. Altsasu, ligako txapelduna. Bi taldeek lehia borrokatua eskaini zuten, baina Altsasu hasieratik hasi zen gailentzen. Gorka Martinezek 6. minuturako Altsasu aurreratu zuen, eta 24. minutuan iritsi zen Imanol Loboren gola. Atsedenaldira 2-0 Altsasu aurreratuta iritsi zen. Bigarren zatian bide beretik jarraitu zuen partidak. Hasi eta berehala Asier San Romanek Altsasuren hirugarrena sartu zuen, eta 3 minutu beranduago San Roman berak gorrien laugarren gola sartu zuen. Jon Lopez de Goikoetxeak Altsasuren bosgarrena egin zuen, eta Etxarri Aranatzek markagailua mustutzea lortu zuen Aritz Aristorenak 78. minutuan sartutako golarekin. 5-1 irabazita, garaipen sendoa lortu zuen Altsasuk, eta liga despeditzeko lau jardunaldiren faltan, erregionaleko laugarren multzoko liga irabazi du Altsasuk. Lagun Arteak, bere aldetik, Amaya taldea hartu zuen Lakuntzako Zelai Berrin. Bi taldeak nor baino nor hasi ziren, baina ordu erdira Iker Anduezak Amayaren atea zulatu zuen, eta 5 minutura jokalari lakuntzarrak bigarren gola sartu zuen. Atsedenaldira 2-0ko garaipenarekin joan ziren lakuntzarrak. Bigarren zatian bizi-bizi segitu zuen partidak. Asier Artasok Lagun Artearen hirugarren gola sartu zuen, baina Amayak ez zuen etsi eta 3-2 hurbildu zen 3 minutuko tartean. Lagun Arteak ez zituen 3 puntuak ihes egiten utzi nahi izan, eta partida bukatzear zela, 89. minutuan, Jon Arraizak laugarren gola sartu zuen, garaipena lotuta utzi zuena. 4-2, garaipen ederra Zelai Berrin. Datorrena:
Altsasu da erregional mailako liderra eta ligako txapelduna, partidarik galdu gabe (86 puntu). Bigarrena San Jorge da (74 puntu), eta hirugarren Etxarri Aranatz (70 puntu). Lagun Artea zazpigarren da (49 puntu). Erregional mailako laugarren multzoko 31. jardunaldian Altsasuk Iruñean jokatuko du, sailkapenean azken aurrekoa den Alde Zaharreko Klubaren kontra, maiatzaren 4an, Amayan. Etxarri Aranatzek maiatzaren 3an, larunbata, sailkapenean hamahirugarren den Universidad de Navarra B taldea hartuko du San Donato futbol zelaian, 17:00etan. Azkenik, Lagun Arteak Iruñean jokatuko du maiatzaren 5ean, astelehena, 20:00etan, sailkapenean bigarren den San Jorgeren kontra, Sanduzelain.
Txirrindularitzan, Mikel Uncillaren eta Aimar Tadeoren podiumak. Rural Kutxa-Aleako etxarriarra bigarren izan zen Natxituan eta Euskadi Fundazioko lakuntzarra hirugarren Lazkaon. Egunotan makina bat lasterketa jokatu dira afizionatuen mailan. Apirilaren 19an Natxituko XXIX. Txirrindulari Lasterketa jokatu zen Bizkaian, Euskaldun Txapelketarako baliagarria. 118 kilometroko proba oso mugitua izan zen hasieratik, baina Rural Kutxa-Alea talde sakandarrak bikain kontrolatu zuen proba, guztia irabazi baitzuen: lehen hiru postuak lortu zituen, taldekako sailkapena, mendiko sailkapenena eta tartekako helmugen sailkapena. Rural Kutxa-Aleako Juan Pedro Lozano iritsi zen bakarrik helmugara (2:52:30). 13 segundora Mikel Uncilla Aldasoro etxarriarra iritsi zen, denboraldiko lehen podiuma lortuz, eta 2 segundo beranduago Adria Regada. Mikel Uncillak, bigarren postuaz gain, mendiko txapelketa lortu zuen, eta Adria Regadak tartekako helmugena. Aimar Tadeo (Euskadi Fundazioa) 27. sailkatu zen. Apirilaren 26an Lazkaoko LXXXII. Proba jokatu zen, 128,7 kilometrotan Larraitz (bitan), Lazkaomendi (bitan), Olaberria gaina eta Gaintza portuak lotu zituen lasterketa gogorra. Rural Kutxa-aleak eta Euskadi Fundazioak lehia gogorra izan zuten, eta azkenean Juan Pedro Lozano (Rural Kutxa-Alea) iritsi zen bakarrik helmugara (3:11:13), Euskadi Fundazioko Gari Ugarteren (3:11:30) eta Aimar Tadeo lakuntzarraren (3:11:52) aurretik. Denboraldiko lehen podiuma lortu zuen txirrindulari lakuntzarrak. Mikel Uncilla 24. sailkatu zen.