Eguneko albisteak

Maiatzaren 12ko albistegia

Guaixe Irratia 2025eko maiatzaren 12a

Eguneko albisteak Guaixe Irratian.

Sakanerrian:

Autobusa herrian gelditzearen alde, Satrustegi bat eginda. Gasteiz eta Iruñea lotzen dituen lineako autobusaren aurrean jarri eta Zuhatzuraino oinez joan ziren. Egunero muturren aurretik pasatzen ikusten dute Nbus zerbitzuko Burundesa enpresaren autobusa Satrustegiarrek, baina ez du herrian geldialdirik egiten. Autobusa hartzeko Zuhatzura edo Hiriberri Arakilera joan behar dute. Nafarroako Gobernutik adierazi dietenez, markesina ingurua arriskutsua dela. Bi urte daramate egoera horrekin. Eta gobernuak jaramonik egiten ez dienez, protesta egitea erabaki zuten. Hiru satrustegiarrek online Zuhatzun autobusa hartzeko txartela atera zuten eta haiei laguntzeko herri guztia eta hainbat arakildar batu ziren. Autobusa Satrustegi parean agertu zenean, traktorea lehenik, jendea eta auto pare bat ondoren, autobusaren parean jarri ziren. Eta oinez Zuhatzu bitarteko bidea egin zuten. Autobusa herrian gelditzearen aldeko leloak etengabe oihukatu zituzten ibilbidean. Satrustegiarren artean orokortua dagoen iritzia da hustuko ez badira, herri txikiek zerbitzuak behar dituztela. 

Loteak eska ditzakete arbizuarrek. 35 eurotan eskuratu daitezke. Arbizuko Udalak jakinarazi du etxeko surako egur loteak nahi dituenak dagoeneko eskatzeko aukera duela. Izena emateko udalaren 948 460 017 telefono zenbakira hots egin beharko da. Epea  maiatzaren 23ra arte zabalik dago. Lote bakoitzeko 35 euro ordaindu beharko dira. Ordainketa udalak Caixan duen s64 2100 5169322200022902 kontu korrontean egin beharko da.

Altsasuko Udal Musika eta Dantza Eskolan izena eman daiteke. Online egin beharko da. Altsasuko Udal Musika eta Dantza Eskolak heldu den ikasturteko matrikulazio epea maiatzaren 23ra arte dago zabalik. Matrikulazioa online egin behar da eskolako edo udaleko webguneen bidez. Bietan daude eskaintzaren azalpen xeheak. Eskolak honako eskaintza izanen du 2025-2026 ikasturtean: musika mugimendua, musika hizkuntza, txistua, gaita, alboka, eskusoinua, trikitixa, klarinetea, biolina, gitarra, gitarra elektrikoa, baxu elektrikoa, tronboia, bonbardinoa, tuba, saxofoia, zeharkako txirula, ikasle helduen koru taldea eta talde klaseak. Dantza ikasketa eskaintza honakoa da: dantza tradizionalaren musika eta mugimendua, euskal dantzen oinarrizko teknika eta gorputz prestakuntza, fandagoa, arin-arina eta taldeak. 

Olatzagutiko Udalak lan poltsa bat sortu nahi du. Kontulari ekonomialariaren lanpostua aldi baterako betetzeko da. Olatzagutiko Udalak kontulari ekonomialariaren lanpostua aldi baterako betetzeko lan poltsa osatu nahi du. Eta horretarako dagokion deialdia egin du. Hautagaitzak aurkezteko epea maiatzaren 23ko 23:59:59an despedituko da. Deialdiaren oinarriak Olatzagutiko Udalaren web orrian, olazti.eus-en daude. 

Kirolak:

Mendian, Alerta laranjak La Peluso kolpatu zuen. 1.500 txirrindulari zeuden izena emanda eta 926 txirrindularik hartu zuten irteera. Alerta laranjarengatik ibilbide luzea eta ertaina bertan behera geratu ziren eta antolakuntzak motzarekin egin zuen aurrera. Larunbatean La Peluso martxa zikloturistaren txanda izan zen Irurtzunen. Antolakuntzak zehaztutako 1.500 tokiak beteta zeuden, baina txirrindulariek Nafarroako Gobernuak eguerdirako luzatutako alerta laranjarekin egin zuten topo. Ibilbide guztia prest zegoen, baina antolakuntzak azken orduko erabakia hartu behar izan zuen: ibilbide luzea eta ertaina bertan behera utzi, eta ibilbide motzarekin aurrera egin, eguerdirako txirrindulariek proba bukatzeko. Aurten San Migel pista igotzea zen erronka, baina alertarengatik bertan behera geratu zen kronoigoera. Beste urte baterako beharko du izan. 926 txirrindularik hartu zuten irteera eta horietatik 800ek bukatu zuten. Euriak harrapatu zituen, baina bukaera aldera. La Pelusok Josefina Arregi Klinika lagundu zuen. Santi Morenok 4.912,20 euroko txekea eman zion  Joseba Arregi klinikako presidenteari. 

CBASK Xabi Gorriz Tattoos, ligako hirugarrena. Larraonan jokatutako Lauko Final zirraragarrian, emakumezkoen lehen senior mailako ligako hirugarrenak sailkatu dira altsasuarrak. Altsasuko CBASK Xabi Gorriz Tattoos taldeko neskak ez dira Larraona kiroldegian jokatutako Lauko Finaletik esku hutsik itzuli. Maiatzaren 10ean jokatutako finalerdietan partida ikusgarria jokatu zuten Larraona Claret taldearen kontra, baina etxeko taldea gailendu zen 3 puntu eskasen aldearekin, 70-67. Lehia oso estua izan zen. Hasieran Larraonak aldea atera zuen, baina partida bukaera aldera ongi erantzun zuen CBASK-ek eta partida izugarri gogortu zen. Zortzi aldiz berdindu zuten bi taldeek, eta tarteka altsasuarrak aurretik jarri ziren. Baina azken saskiratzea Larraonaren aldera erori zen eta talde altsasuarra final handia jokatzearen atarian geratu zen, 70-67 galduta. Itxura bikaina eman zuten altsasuarrek. Edurne Ormazabal nabarmentzekoa izan zen: jokalari sakandarrak 30 puntu lortu zituen. Beste finalerdia oso estua izan zen baita ere, eta, azkenean, Navasket SF´Old taldeak 45-48 irabazi zion Ega Perfil Oncinedari. Hirugarren postua. Maiatzaren 11n final handiak jokatu ziren. Hasteko eta behin, hirugarren postuagatik borrokatu zuten CBASK Xabi Gorriz Tatoos eta Ega Perfil Oncinedak. Kasu honetan ere, lehia oso estua izan zen. Bi taldeak parez pare ibili ziren, eta markagailuan alternantziak izan ziren. Bukaera aldera Lizarrako taldeak aldea atera zuen, baina azken txanpan altsasuarrek estutu zuten, eta bozina gainean zutela Ega Perfil Oncineda garaitzea lortu zuten, 3 punturengatik (49-46). Horrela, emakumezkoen lehen senior mailako ligako hirugarrenak izan dira altsasuarrak, irabazleen podiumean sartu dira eta trofeoa ekarri dute Sakanara. CBASK-ek emakumezkoen Lauko Finala jokatzen duten lehen aldia omen da, eta historia egiteaz gain, etxera trofeoa ekarri dute sakandarrek. Gizonezkoak, bosgarren.
Bestalde, maiatzaren 11n, bigarren maila autonomikoko bosgarren eta seigarren postuak erabakitzeko partida jokatu zuten, Zelandin, CBASK Narum Fisioterapia eta Bar Soto Gazte Berriak taldeek. Bi taldeak parez pare hasi ziren, baina altsasuarrek alde sendoa atera zuten, bukaeraraino mantendu zutena. Azkenean, 70-55 gailendu zen CBASK, eta denboraldi ona egin du, ligan bosgarren bukatu baitu. 

Areto Futbolean, Xota, play-offetan. Talde irurtzundarrak ligako titulua erabakitzeko play-offak jokatuko ditu, bost urte ondoren, Championseko txapeldun Islas Baleares Palma Futsali 6-4 irabazi eta gero. Pozarren daude Irurtzunen. Osasuna Magna Xotak 6-4 hartu zuen mendean aurreko astean Europako Areto Futboleko hirugarrenez Championsa irabazi zuen Islas Baleares Palma Futsal Taldea. Anaitasuna gotorleku sendoa izan zen talde irurtzundarrarendako, eta festa ederra ospatu zuten bertan bildutako 2.178 zaleek. Xotak lehen zati ikusgarria egin zuen, eta 4-0 aurreratu ziren, hasiera zoragarriari esker. Ion Cerviñok zulatu zuen lehenengoz Palmakoen atea, eta atzetik Korsun (2) eta Juninhoren golak iritsi ziren. Atsedenaldia baino lehen 4-1 hurbildu zen Palma. Bigarren zatian hozka egitera atera zen Palma Futsal, baina ongi eutsi zuen Xotak. Bigarren gola sartu zuten Palmakoek, baina Xotak erasoan jarraitu zuen eta Dani Saldiseren pasea ongi aprobetxatuta berdeen bosgarren gola sartu zuen Roberto Martilek. 5-2 aurreratu zen Xota, eta horrek airea eman zion. Partida bukatzeko 5 minuturen faltan atezain-jokalari formula erabili zuen Palma Futsalek. 5-3 hurbiltzea lortu zuten, baina Ion Cerviño adi egon zen, baloi bat errekuperatu zuen eta Xotaren seigarren gola sartu zuen. Palmak ez zuen etsi eta laugarren golarekin 6-4 hurbildu zen, baina partida despeditu zen eta Xotak garaipen garrantzitsua ospatu zuen etxean.Izan ere, garaipen honi esker eta gainontzeko taldeen emaitzei esker, Osasuna Magna Xotak ligako titulua erabakitzeko play-offetan sailkatzea lortu du. Ligan lehen zortzi postuetan sailkatutako taldeek jokatzen dituzte play-offak, eta talde irurtzundarrak, liga despeditzeko jardunaldi baten faltan, play-off postua ziurtatzea lortu du. Egun, Servigroup Peñiscola taldea da liderra (61 puntu), eta Osasuna Magna Xota zortzigarren da (41 puntu). Bederatzigarren den Industrias Santa Colomak 37 puntu ditu, eta, hortaz, Xotarendako ez dago arriskurik. Garaipenak zoramena piztu zuen Anaitasunan. “Partida ikusgarria egin dugu, lehen zati ikusgarria. Egun oso polita izan da. Taldea oso motibatuta dago, hobetzeko gogoz, eta play-offak pastelaren ginga dira. Oso pozik gaude” nabarmendu zuen Miguel Hernandez entrenatzaileak. Ligako azkena, El Pozoren kontra. Asteburu honetan atseden jardunaldia du lehen mailako ligak. Ligako azken jardunaldia, 30.a, maiatzaren laugarren asteburuan jokatuko da. Osasuna Magna Xotak sailkapenean seigarren den El Pozo Murcia izango du aurkari, Murtzian. Izenen dantza. Liga bukatzear den honetan, taldean jarraituko dutenen eta ez dutenen izen dantza hasi da. Osasuna Magna Xotak datorren denboraldirako talderako jokalari ezinbestekoa den Juninho, Xotan 2018 urtetik dagoena, galdutzat ematen du, Letoniako ligako Riga taldea bere klausula (20.000 euro) ordaintzeko prest baitago. Bestalde, jakina da ere Tony Escribano Manzanares taldera joango dela. Beste baja garrantzitsu bat Roberto Martil kapitainarena da, irurtzundarrak areto futbola utziko baitu. Zurrumurruen artean dago baita ere Xotak Barça Atletic taldeko Arbert Ortas Net jokalariaren kontratua lotuta omen duela. 

Txirrindularitzan, Igor Arrietaren lehen pedalkadak Giroan. Albanian hasi zen denboraldiko lehen itzuli handia, eta Italian segituko du. Maiatzaren 9an hasi zen Giroa, Albanian. Bertan eman ditu lehen egunak Igor Arrietak. Hiru etapa jokatuta, Mads Pedersen (Lidl-Trek) da liderra (7:42:10), Primoz Rroglic (Red Bull-Bora) 9 segundora eta Mathias Vacek (Lidl-Trek) 14 segundora duela. Juan Ayuso (UAE Emirates) bosgarren da, 25 segundora, eta berarendako eta sailkapenean hamahirugarren den Adam Yatesendako (UAE Emirates) ari da lanean Igor Arrieta (UAE Emirates). Uharte arakildarra 65. postuan dago sailkapen orokorrean, 4:27ra. Gaur atsedenaldia du Giroak, tropelak Italiako bidea hartuko duelako. Bihar Italian segituko du probak, Alberobello eta Lecce arteko 189 km-ko etaparekin. Etapa laua da, esprinterrendako aproposa.

Txirrindularitzan, Aimar Tadeo hamalaugarren Bidasoako Itzulian. Iker Gomez mendiko txapelketako liderra izan zen bigarren etapan, eta 21. postuan sailkatu zen. Afizionatuen mailako tropelak Bidasoako Itzulian parte hartu zuen, maiatzaren 8tik 10era. Bertan parte hartu zuten Iker Gomez Lopez de Goikoetxea (Finisher) altsasuarrak eta Aimar Tadeo Arkauz (Euskadi Fundazioa) lakuntzarrak. Sakandarrek meritu handiko lana egin zuten. Irurita eta Bera artean jokatutako bigarren etapan (140 km) Iker Gomez mendiko sailkapeneko buru jarri zen eta podiumera igo zen. Bere taldekide Luis Alberto Lajarin lider jarri zen; berarendako lan handia egin zuen altsasuarrak. Hirugarren eta azken etapan, Hendaia eta Irun artekoan (102 km), Finisherrekoak bere liderra defendatzen egon ziren, baina egindako ahaleginak ez zuen fruitu gehiegirik izan, etapa Charlie Meredithek (Eulen) irabazi eta gero Marc Torresek (Cortizo) sailkapen orokorrean lidergoa lortu baitzuen (6:10:46), Charlie Meredith-i 4 segundo, Unai Ramosi (Finisher) 14 segundo eta Luis Alberto Lajarini 35 segundo ateraz. Podiumeko hirugarren postuarekin konformatu behar izan zuen Finisherrek. Aimar Tadeo lakuntzarra ikusgarri aritu zen hirugarren etapan, eta hamalaugarren iritsi zen helmugara. Horrela, sailkapen orokorrean nabarmen gora egin zuen, eta Top15ean sartu zen, hamalaugarren sailkatu baitzen, Torres txapeldunetik 1:35era. Iker Gomezek 21. postuan despeditu zuen proba, 2:19ra. 

Txirrindularitzan, Aimar Tadeo, Balenciagako podiumean. Euskadi Fundazioko lakuntzarra lehen euskalduna izan zen, eta txirrindulari lehiakorrenaren saria jaso zuen. Bidasoako Itzulia bukatu eta hurrengo egunean, maiatzaren 11n 54. Valenciaga Memoriala jokatu zen Eibarren, Espainiako Kopako puntuagarria. Afizionatuen proba gogorra oso gorabeheratsua izan zen eta azkenean Cesar Perezek (Finisher)irabazi zuen, martin Solhaug-ekin (Cortizo) esprinta jokatu eta gero. Aimar Tadeo (Euskadi Fundazioa) zortzigarren sartu zen, 1:01era. Lakuntzarra bitan igo zen podiumera, probako lehen euskalduna izan zelako, eta lehiakortasunaren saria irabazi zuelako. Iker Gomezek (Finisher) ezin izan zuen proba bukatu.