Eguneko albisteak

Maiatzaren 19ko albisteak

Guaixe Irratia 2025eko maiatzaren 19a

Eguneko albisteak Guaixe Irratian.

Sakanerria:

Arakil Udalak bi lanpostutarako zerrendak osatuko ditu. Zerbitzu anitzetako eta administrazio laguntzaileko lan zerrenda dira, aldi baterako kontratazioak egiteko. Arakilgo Udalak hautaproben bidez bi lanpostuetarako lan zerrendak osatuko ditu, premia duenean han daudenengana jo eta aldi baterako kontratazioak egiteko da. Zerrendetako bat zerbitzu anitzetako langilearena da. Hautagaiek euskarazko B1 maila izan beharko dute. Beste zerrenda administrari laguntzaile lanposturako da, eta euskarazko C1 maila edo baliokidea eskatzen du. Bi lanpostuak D mailako lanpostuak dira. Bi deialdiak enplegu-eskatzaileei zuzenduta daude, enplegua hobetzea barne. Udalari eskabideak aurkezteko epea maiatzaren 21ean despedituko da. Deialdien oinarriak arakil.eus/eu/ webgunean daude. 

Altsasuko Udalak zortzi langabetu kontratatuko ditu. Horretarako prozedura martxan jarri du. Altsasuko Udalak langabezian dauden zortzi pertsona kontratatuko ditu. Hautatutako pertsonak urte erdirako kontratua izanen da, etab udalaren Obra eta Zerbitzuen Brigadan lan eginen dute interes orokorreko lanak egiten. Udalak zerbitzu anitzetako launa ofizial eta peoi kontratatu nahi ditu. Deialdian interesa duenak Altsasuko Enplegu Bulegoan eman dezake izena maiatzaren 23ra arte. Deialdiaren oinarriak altsasu.eus webgunean daude.

Sarek presoak etxeratzeko “oztopo izaten jarraitzen dute salbuespen lege eta politikak” salatu ditu. Lege eta politika arruntak aplikatuko balitzaizkieke euskal presoen %100a etxean egongo lirateke. Sarek  Puzzlea osatu arte ekimena egin du asteburuan. Bigarren graduan dauden 57 presoen 28 herrietatik pasa dira. Herri bakoitzean erregimen itxian dagoen presoen puzzle zatiak jaso zituzten sarekoek. Sareko kideek adierazi dutenez, “ezinbestekoa da elkarbizitza agertokietara jauzi egin nahi badugu ondorio guztiekin bukatzea; biktimek behar eta merezi duten aitortza eta erreparazioa jasotzea eta horrekin batera euskal preso, iheslari eta deportatuen auziarekin bukatzea ezinbestekoa da”. 

Maiatzaren 17an Ihabarko Gazta mozte eguna ospatu zuten.

Kirolak:

Txirrindularitzan, Igor Arrieta galoiekin iritsi da Giroko bigarren atsedenaldira. UAE Emirates taldeko uharte arakildarra laugarren izan zen Giroko zortzigarren etapan, ihesaldian sartu eta tarte batean erasoa jo eta aurrean bakarrik joan eta gero. Egun bere taldekide Isaac Del Toro da liderra, sterratoan erakustaldia emanda, beste taldekide Ayusoren aurretik. Igor Arrieta Lizarraga (UAE Emirates) uharte arakildarra lehenengoz ari da itzuli handi batean, Italiako Giroan, hain zuzen ere. Ilusio handiz eta oso gogotsu abiatu zen Girora, taldeko liderrei laguntzeko helburuarekin, “eta egunen batean aukera sortzen bada, ea aprobetxatu ahal dudan”. Aukera maiatzaren 17ko Giroko zortzigarren etapan sortu zitzaion, Giulianovan hasi eta Castelraimondon despeditu zenean (197 km) baina ustekabean. Eguneko ihesaldian sartu zen, hogei txirrindulari inguruk osatutakoan, eta zuen guztia eman zuen ihesaldiak iraun zuen 113 kilometrotan. Tartean erasoa jo eta aurrera egin zuen Arrietak, bakarrik, baina azken eremuan Luke Plapp australiarrak irabazi zuen etapa, eta Igor Arrieta laugarren sartu zen, 1:22ra, meritu handiz. “Gaurkoa ez zegoen taldearen planetan, baina ihesaldi horren handia izanda, adi egon beharra zegoen eta bertan sartu, badaezpada norbait arriskutsua sartu eta beharrezkoa balitz prest egoteko. Aurrean egotea zen kontua, presente egoteko eta atzetik mugimenduren bat egonez gero, beti hobeki da aurrean joatea tiratu behar izatea baino. Oso pozik nago nire lehendabiziko handian gaur aurrean egon ahal izateagatik. Pozik, baina hemendik aurrera jarraitzea, eta liderrarekin defendatzea eta erasotzea da helburua” azaldu zuen. Gogorra izan zela aitortu zuen. “Igoera batean sortu da ihesaldia, eta hortik aurrera guztia bizirautea izan da”. Sterratoa. Atzoko, maiatzaren 18ko etapako sterratoak hankaz gora jarri du Giroa. Gubbio eta Siena arteko etapak lur gaineko bost eremu ziren, tentsio handikoak izan zirenak, guztiz erabakigarriak. Primoz Roglic faboritoak erorikoa izan zuen, eta tarte handia galdu zuen, 2:22 minutu. UAE Emirates taldeko Isaac Del Toro ikusgarri aritu zen, Wout van Aertekin (Visma), Egan Bernalekin (Ineos Grenadiers) eta Brandon Riverarekin (Ineos Grenadiers) batera. Aurrean jarri zen laukotea, baina berehala Del Toro eta Van Aert geratu ziren bakarrik. Azkenean etapa Van Aertek irabazi zuen (4:44:20) Del Tororen aurretik, baina Del Toro da Giroko lider berria (33:36:45), bere taldekide Juan Ayusori 1:13 ateraz. Igor Arrieta sterratoko etapan 64. izan zen, 6:45era, eta sailkapen orokorrean 39. postuan dago, 19:58ra. Hemendik aurrera zalantza da eta Del Toro edo Ayuso, nor izango den UAE Emirates taldeko liderra. Gaur atseden jardunaldia dute txirrindulariek, maiatzaren 20ko Lucca eta Pisa Tudor arteko 28,6 km-ko erlojupeko erabakigarriaren aurretik.

Pilotan, Joanes Bakaikoak Buruz Buruko B Serietako final handia jokatuko du. Zubizarreta gaindituta iritsi da etxarriarra finalera. Agirre izango du aurkari larunbatean, maiatzaren 24an, Labriten. Joanes Bakaikoa etxarriarra bolada ezin hobean dago. 2024. urtean Lau eta Erdiko B Serietako txapela irabazi eta gero, Binakako Txapelketan ez zuen parte hartu, baina Buruz Buruko B Serietako Txapelketa bikain prestatzeko probestu zuen, eta txapelketa ikusgarria egin du, final handirako sailkatu baita, maiatzaren 16an Azkoitian jokatutako finalerdietan 22-10 hartu baitzuen mendean Zubizarreta III.a partida ikusgarrian. Aurrelari etxarriarrak ez zuen pilota bat bera ere galdu, eta 16 tanto egin zituen. Zubizarretak, aldiz, 10 tanto egin zituen, eta 6 pilota galdu. Bakaikoak Agirre izango du aurkari maiatzaren 24an Labriten jokatuko duten final handian. Agirrek 4 tantotan utzi zuen Aldabe finalerdian, ikusgarri arituz, eta arerio latza izango da Joanes Bakaikoarendako. Etxarriarrak ofizioa eta esperientzia ditu alde, bere palmaresean Buruz Buruko bi txapela baititu, 2018an eta 2023an lortutakoak, eta 2017an txapeldunordea izan zen. Horretaz gain, Lau eta Erdiko hiru txapela ditu: 2018koa, 2021ekoa, eta 2024koa. Bere palmares ederrari beste txapela bat gehitzeko prest dago etxarriarra. Agirre bere arerioak Binakako hiru txapel dauzka (2018, 2020 eta 2024), 2017an Lau eta Erdiko txapela irabazi zuen, eta 2024an Buruz Buruko txapeldunordea izan zen. Hirukoa osatzeko falta zaion Buruz Buruko txapela lortu nahi du, eta txinpartaz betetako partida espero da Labriten. 

Atletismoa, Aritz Etxeberria eta Erkuden San Martin, azkarrenak Aitzkibilen.
Proba laburra Iñigo Fernandez de Resanak eta Noemi Corderok irabazi zuten. Proba nagusian 79 korrikalarik hartu zuten parte, eta aurretik haurrak lehiatu ziren. Larunbatean XIX. Aitzkibil elkartasun krosa jokatu zen Bakaikun, Bakarrekoetxea, Aitzkozar eta Tintiniturri elkarteek antolatutakoa. Parte hartze ederra izan zuen probak, eta giro bikaina egon zen Bakaikun lasterketa jokatu bitartean. Hasieran, 17:00etan, haurren mailako lasterketak jokatu ziren, eta kuadrilla polita animatu zen parte hartzera. 18:00etan abiatu zen proba nagusia. Kadeteak eta juniorrak proba nagusian abiatu ziren, baina ibilbide motza egin zuten, Bakaiku eta Iturmendi artean jokatu zena (4,3 km). Hala nahi izan zuten seniorrek ere proba laburrean parte hartzeko aukera izan zuten. Guztira 33 korrikalarik osatu zuten proba laburra. Proba luzera animatu ziren 46 korrikalariek aldiz, Bakaiku, Iturmendi eta Urdiain batu zituzten (7,6 km). Beroa eta ibilbide gorabeheratsua izan zituzten arerio.  Kadeteak eta juniorrak. Kadeteen mutilen mailan Ekhi Lazkano 16:22) Otxandioko gaztea gailendu zen, Ekhi Guiradoren (17:33) eta Aratz Mendozaren (20:14) aurretik. Emakumezkoetan Siets Agirre (24:06) izan zen azkarrena, Angela Morenoren (24:25) aurretik. Jubenilei dagokienez, mutiletan Jon Orella (18:18) eta Iraitz Ariz (30:11) izan ziren azkarrenak, eta nesketan Zoe Lanz (28:41), Jone Goikoetxea (28:43) eta Elene Andueza (31:11). Proba Motza. Proba Motzean, gizonezkoetan Iñigo Fernandez de Resana donostiarra gailendu zen (18:29) eta emakumezkoetan Noemi Cordero altsasuarra (22:04). Proba Luzea. Proba luzean, gizonezkoetan Aritz Etxeberria altsasuarrak ez zuen areriorik izan eta bakarrik iritsi zen helmugara (26:54) Ivan Sobredo “Triki” altsasuarrari 42 segundo ateraz (27:12). Eukeni Goikoetxea altsasuarra hirugarren sailkatu zen (27:52). Lehen herritarra Joseba Galarza iturmendiarra izan zen, proban laugarrena (29:00). Emakumezkoetan Erkuden San Martin etxarriarra iritsi zen lehena (38:01), Edurne Rivera arbizuarraren (38:50) eta Andrea Claver altsasuarraren (39:30) aurretik. Lehen herritarra Arantxa Jungitu iturmendiarra izan zen (49:327). Giro ederrean jokatu zen proba Bakarrekoetxeak eskainitako auzate ederrarekin borobildu zen. 

Areto Futbolean, Maila autonomikoko kopak final sakandarra izango du, eta Altsasun jokatuko da. Altsasu eta Arbizu Kirol Taldea gailendu dira finalerdietan eta maiatzaren 24an jokatuko dute finala, Altsasun. Aurten Altsasu eta Arbizu Kirol Taldea izan dira areto futboleko maila autonomikoko talderik onenak. Liga Altsasuk irabazi zuen, Arbizuri 2 puntu eskas aterata, eta kopa bietako talde batek irabaziko du, asteburuan jokatutako finalerdietan bi talde sakandarrak izan baitira irabazleak. Altsasuk Gazte Berriak Antsoain taldea hartu zuen maiatzaren 17an Zelandin. Finalerdi estu eta borrokatua eskaini zuten bi taldeak. Altsasu 3-0 aurreratu zen Jonathan Medina, Mikel Ruiz eta Aritz Sevillari esker, baina Gazte Berriakek ez zuen etsi eta 3-2 gerturatu zen. Xabier Aiestaranek laugarrena sartu zuen, Altsasuren lasaitasunerako, baino 4-3 gerturatu zen Gazte Berriak. Zorionez, ez zen mugimendu gehiagorik egon eta 4-3 irabazita, final handirako sailkatu zen Altsasu. Arbizu Kirol Taldeak garaipen erosoagoa izan zuen, 7-1 irabazi baitzion, Arbizun, Berriozarko Mendialdeari. Julen Luisi eta Julen Mayori esker 2-0 aurreratu zen Arbizu, baina 2-1 gerturatu zen Mendialdea. Baina hortik aurrera arbizuarrek aginte makila hartu, eta golak bata bestearen atzetik sartuta, 7-1 aurreratu ziren. Urtzi Nazabal, Julen Luis eta Andoni Goikoetxea (3) izan ziren markagailua borobildu zutenak. Gauzak horrela, maila autonomikoko kopa Altsasuk eta Arbizu Kirol Taldeak jokatuko dute, maiatzaren 24an, Altsasuko Zelandin. Bi taldeek harreman handia dute eta kiroltasun handiko finala espero da, pike sanokoa.