Sakanerrian:
Arbizuko udako aisialdi eskaintza egin du udalak. Haurrendako da eta garilean izanen da. Arbizuko Udalak udako tailerrak eskaintza prestatu du. Aisialdi tailer horiek haurrei zuzenduta daude, zehazki, 2015 eta 2021 urteen artean jaiotakoendako da. Garilaren 1etik 31ra izanen da, astegunetan, 10:00etatik 14:00etara. Izena eman nahi duenak info@arbizu.eus webgunera mezua bidali edo 948 460 017 telefono zenbakira hots egin dezakete. Maiatzaren 30era arte eman daiteke izena. Haur baten matrikulagatik 125 euro ordaindu behar dira eta bi edo gehiago badira 75 euro haur bakoitzeko. Gurasoak langabezian badaude 70 euro izanen dira.
Altsasuko udalak baso aprobetxamendua saltzeko deialdia egin du. Ameztian dago. Ameztiako basoaren aprobetxamendua enkante bidez saltzeko deialdia egin du Altsasuko Udalak. Baso inguru horretako 2022ko ezohiko aprobetxamendu planean jasota dago jarduera hori. Lotea haritzez, gaztainondoz eta zenbait pagoz osatuta dago. Guztira 142,1 metro kubiko egur egiten dute. Lizitazioaren balioa 710,40 eurokoa da. Eskaintza aurkeztu nahi duenak garagarrilaren 2ra arteko epea du.
Sunsundeguiko langileak kaleratuta. Langileak Aldi Baterako Enplegu erregulazioan zortzi hilabete egon ondoren, kontratuak eteten duen autoa gaur ezagutarazi du epaileak. Sunsundeguiko hartzekodunen konkurtsoaren ardura duen epaileak autoa publiko egin du, eta haren bidez Sunsundeguiko langileak kaleratuak izan dira. Maiatzaren 16ko data du idatziak, beraz, egun horiek ere langileei ordaindu behar zaizkie. Ondorioz, Aldi Baterako Enplegu Erregulazioan egon diren langileen kontratu akaberako kitatzeagatik pagatu beharrekoa eta bestelakoak birkalkulatu beharko dituzte konkurtsoko arduradunek. Eta ziurtagiri eta gainerako dokumentazio hori guztia jaso ondoren Fogasara joateko aukera izanen dute langileek. Agiri horiek noiz jasoko dituzten ez dakite oraindik langileek. Baina kaleratzeagatik jaso beharreko kalte ordaina iraila akaberan jaso lezakete. Urteko 20 eguneko legezko gutxieneko kalte-ordaina ordainduko die langileei. Bitartean enpresarekin inolako loturarik ez dutenez, Sunsundeguikoak izan diren langileak beste lan bat bilatzeko aukera dute orain.
Kiroletan:
Pilotan, Irurtzungo Pilota Txapelketan, Santestebanek eta Bergerak aurrera. Irurtzungo Txapelketako azken txanpa hasi da. Maiatzaren 20an final laurdenetako lehen jardunaldia jokatu zen, eta Irurtzun klubeko Santestebanek eta Bergerak aurrera egin zuten. Miatzaren 21ean eta 22an final laurdenetako beste bi jardunaldi daude jokoan. XXXIII. Irurtzungo Pilota Txapelketa final laurdenetan dago. Txapelketako lehen fasean, lehen mailan 24 bikotek hartu zuten parte eta bigarren mailan 18 bikotek, “afizionatuen mailako onena” Irurtzun Pilota Klubeko arduradun Miguel Berazaren esanetan. Zerrendaburuak final zortzirenetan sartu ziren lehian, eta final zortzirenak erabakita, onenek egin dute aurrera egunotan jokatzen ari diren final laurdenetarako. Lehen mailan, Irurtzun klubeko Santestebanek finalerdietarako sailkatzea lortu zuen atzo, maiatzaren 20an, Eñaut Lizeagarekin batera 8-22 hartu baitzituzten mendean Zugarraldeko Anso eta Alduntzin bikoa. Iosu Bergera Irurtzun klubeko atzelari arruazuarrak ere aurrera egin du txapelketan, Azketarekin (Tartaloetxe) batera, 9 tantotan utzi baitzituzten Iribarren (Txukun Lakua) eta A. Garmendia (Lapke). Gaur Irurtzun klubeko Bustince eta Cuairan sartuko dira lehian.
Pilotan, Zabaleta, Ezkurdia, Martija eta Bakaikoa Bizkaia Torneoan. Binakakoan, Zabaletak Elordi izango du bikote Oiz taldean, Ezkurdiak Rezusta Gorbeia taldean eta Martijak Altuna III.a Anboto taldean. Joanes Bakaikoa Sollube taldeko Buruz Buruko ordezkaria izango da.Buruz Buruko Txapelketako finala erabaki bezain pronto hasiko dira udako torneoak. Hain zuzen ere, maiatzaren 20an XII. Bizkaia Torneoa aurkeztu zuten, sei talde osatuta hiru modalitateetan –buruz buru, binaka eta lau eta erdian– jokatzen den torneoa. Aurtengo Bizkaia Torneoan sei talde lehiatuko dira, eta 24 pilotari guztira. Sakandarrei dagokienez, Zabaleta, Ezkurdia, Martija eta Bakaikoa pilotariek hartuko dute parte txapelketan, bakoitzak talde batean. Txapelketa final laurdenekin abiatuko da, segidan finalerdiak jokatuko dira eta final handia Bilboko Aste Nagusian jokatuko da. Partidak set sisteman jokatuko dira, baina aldaketa egin dute. Lehen bi set-ak 10 tantora jokatuko dira, eta berdinketa emanez gero, 5 tantoko hirugarren set-a jokatuko da. Torneoa maiatzaren 31n hasiko da, Orozkon, Ganekokortak eta Kolitzak jokatuko duten final laurdenarekin. Sarrerak dagoeneko salgai daude entradasfronton webgunean. Taldeak: Oiz taldean Zabaletak Elordirekin osatuko du bikoa; Peio Etxeberria lau eta erdiko ordezkaria izango da, eta Salaberria buruz burukoa. Kapitaina: Elordi.Gorbeia taldeko bikoa Ezkurdia eta Rezusta izango dira. Lau eta erdian Zabala ariko da, eta buruz buru Egiguren V.a. Kapitaina: Ezkurdia.Anboto taldean Altuna III.ak eta Martijak bikote sendoa osatuko dute. Lau eta erdian Dario dute ordezkari, eta buruz buru Aldabe. Kapitaina: Altuna III.a.Sollube taldean Artola-Arbisu ariko dira binaka, Agirre lau eta erdian eta Joanes Bakaikoa etxarriarra buruz buru. Kapitaina: Artola.Kolitza taldeko bikoa Larrezabalek eta Mariezkurrenak osatzen dute. Jaka lau eta erdiko ordezkaria izango da, eta Senar buruz burukoa. Kapitaina: Larrazabal.Ganekorta taldeko bikoa Urrutikoetxeak eta Iztuetak osatutakoa da. Lau eta erdian Peña II.a dute ordezkari, eta buruz burukoan Eskiroz. Kapitaina: Urrutikoetxea.
Txirrindularitzan, Aimar Tadeo, bigarren Espainiako Kopako azken lasterketan, Vigon.
Euskadi Fundazioko txirrindulari lakuntzarra Vigoko helmugako esprintean bigarren izan zen, Ilya Savekinen atzetik. Asteburuan afizionatuen mailako Espainiako Kopako baliagarriak ziren azken bi lasterketak jokatu ziren, Galizian. Maiatzaren 17an, larunbata, XII. Rutas Xacobeas lasterketa jokatu zen Padronen. Rural Kutxa-Aleako Lucas Joseph Towersek erakustaldia eman zuen eta probako garailea izan zen (4:14:25). Euskadi Fundazioko Aimar Tadeo lakuntzarra 22. postuan iritsi zen helmugara (4:17:07), eta Rural Kutxa-Aleako Mikel Uncilla etxarriarra 37. (4:18:31). Hurrengo egunean, V. Vigo Kopa jokatu zen. Lasterketa oso mugitua izan zen, baina azkenean zazpi txirrindulari batera iritsi ziren helmugara eta euren artean erabaki zen garailea. Esprint estuan Ilya Savekin (Technosylva Maglia Rower Bembi) gailendu zen (4:55:15), Aimar Tadeoren aurretik. Lakuntzarrak sekulako lasterketa egin zuen. Afizionatuen mailako Espainiako Kopa Finisher taldeko Cesar Perezek (654 puntu) irabazi du.