Sakanerrian:
Igeriketa irakaslea behar da Lakuntzan. Udalak kontratatuko du. Uda sasoian igerilekuak zabalik egonen dira eta, hori baliatuta, Lakuntzako Udalak igerian egiten irakasteko ikastaroak antolatu nahi ditu. Horretarako igeriketa irakaslea behar du. Deialdian interesa duenak eskabide orria beteta eta curriculuma udaletxean aurkeztu beharko du. Horretarako epea garagartzaroaren 9an, astelehenean, 14:00etan despedituko da.
Ergoienako Udalak hurrengo ikasturteko ikastaro eskaintza egin du. Lau ikastaro dira eta izen ematea dagoeneko zabalik dago. Heldu den ikasturterako, lastailetik apirila bitartean, Ergoienako Udalak lau ikastaro antolatu ditu. Yoga 1 izeneko ikastaroa asteazken eta ostiraletan eginen da 16:30etik 18:00etara. Yoga 2 ikastaroa astelehenetan izanen da, 16:30etik 18:00etara. Bietan ere gehienez 15 pertsona onartuko dira, baina aurrenekoaren izen ematea 80 eurokoa da eta atzenekoarena 70 euro. Hipopresiboak ikastaroa ostiraletan izanen da, 18:15etik 19:45era. Hilean hiru egunez eginen da ikastaro hori eta gehienez 18 pertsona onartuko dituzte. Izena emateagatik 100 euro ordaindu beharko dira. Azkenik, eskulan tailerra dago, ostegunetan 15:45etik 17:15era dena. Gehienez hamar pertsonek eman dezakete izena, eta horregatik 50 euro ordaindu beharko dituzte. Izen ematea garilaren 20ra arte zabalik egonen da. Horretarako udaletxetik pasa edo info@ergoiena.com e-posta helbidera mezua bidali behar da.
Urdiaingo Igerilekuak eta elkartea alokatzeko deialdia. Aitziber elkarteak egin du. Urriztin dauden Urdiaingo igeruilekuak udan kudeatu nahi dutenek, edota Urdiaingo festetan Aitziber elkarteko taberna kudeatu nahi dutenek Aitziber elkartearekin harremanetan jartzeko garaia dute. Alokairuei buruzko informazio gehiago nahi dutenek aitziberelkartea@gmail.com posta elektronikoko helbidera mezua bidali beharko dute garagarrilaren 6a, ostirala baino lehen.
Kiroletan:
Pilotan, Joseba Ezkurdiak omenaldia jasoko du Arbizun. Ekainaren 21ean pilota jaialdi berezia antolatu du Arbizuko Udalak. Arbizuko San Juan festen bezperetan, ekainaren 21ean, Arbizuk omenaldia egingo dio Joseba Ezkurdia pilotariari. Horretarako pilota jaialdi polita antolatu dute ekainaren 21ean, 18:00etan, Arbizuko kiroldegian. Hasteko pilotari afizionatuen partida izango da. Josu Igoa etxarriarrak Olaetxea izango du aurkari lau eta erdian. Ondoren, Joseba Ezkurdiak merezitako omenaldia jasoko du herritarren partetik, eta bukatzeko Ezkurdia lanean jarriko da. Gaskuerekin osatuko du bikoa, Zabalaren eta Bikuñaren kontra jokatzeko.
Pilotan, Irurtzungo finaleko txartelak oso garesti daude. Gaur lehen finalerdiak daude jokoan, eta Irurtzungo Igoa-Arbizuk edo Azketa (Tartaloetxe)-Bergerak (Irurtzun) egingo dute aurrera lehen mailan. XXXIII. Irurtzungo Pilota Txapelketa azken txanpara iritsi da. Lehen mailan 24 bikote lehiatu dira eta bigarren mailan 18 bikote, afizionatuen pilotari onenak, eta egunotan ekainaren 14ko final handiko txartelak erabakiko dira. Final horretan egotea, zalantzarik gabe, oso garesti dago. Gaur, ekainaren 4an, lehen finalerdiak hartuko ditu Irurtzungo Biaizpe pilotalekuak, eta lehen mailako finalerdian Irurtzungo klubeko hiru pilotari lehiatuko dira. Irurtzun klubeko Josu Igoa eta Aaron Arbizu etxarriarrak, batetik, eta Irurtzun klubeko Iosu Bergera atzelari arruazuarra, bestetik, Tartaloetxe klubeko Azketarekin bikotea osatuko duena. Ikusmina handia da, puntako bi bikote direlako, eta ikusiko dugu nork lortzen duen finaleko txartela preziatua.
33. Irurtzungo Pilota Txapelketako finalerdiak. Ekainak 4, 19:00etan, Biaizpe pilotalekuan.