Ekainaren 9ko albistegia

Guaixe Irratia 2025ko eka. 9a, 11:46

Eguneko albisteak Guaixe Irratian.

Sakanerrian:

Lakuntzako Igerilekuko taberna hartzeko eskaerak aurkezteko epea luzatu egin dute. Ostiralera arte izanen da horretarako aukera. Lakuntzako Udalak jakinarazi duenez, igerilekuko taberna zerbitzua kontratatzeko oinarriak udaletxean edo lakuntza.eus webgunean eskuratu daitezke. Udan igerilekuko taberna kudeatu nahi duenak ostiralera arteko epea dute eskabidea aurkezteko. 

Olatzagutiko Udalak zezensuzkoa eramateko pertsona bat behar du. Hautagaiak adienez nagusiak izan behar dira. Olatzagutiko Udalak aurtengo festak prestatzen ari da eta ospakizunetan zezensuzkoa ateratzea aurreikusten du. Festa egunetan zezensuzkoa eramateko pertsona bat behar duela jakinarazi du udalak. Interesa duenak adinez nagusia izan behar du eta udalak zehaztutako zazpi egunetan zezensuzkoa ateratzeko konpromisoa hartu behar du. Eguneko 30 euro gordin kobratuko ditu eramaileak. Lan egunak izanen dira: garilaren 24, 25, 26 eta 27 eta irailaren 26, 27 eta 28an. Izena emateko epea garilaren 7ko 14:00etan despedituko da. 

Beriainen bi mendizale erreskatatu zituzten.  Ihurbainen gora zihoazela batek erorikoa izan zuen, bestea ez aurrera ez atzera gelditu zen. Suhiltzaileek bi mendizale erreskatatu zituzten larunbat eguerdian Beriainen. Mendizaleak Ihurbainen gora mendi tontorrerantz zihoazela, bat erori eta 10 metro egin zituen behera eta min hartu zuen. Beste mendizalea, berriz, irristatu eta ez aurrera eta atzera egiteko aukerarik gabe gelditu zen. 11:20ean larrialdi zerbitzuak gaztigatu zituzten. Suhiltzaileen erreskate teknikoko kideak helikopteroaren laguntzaz erorikoa izan zuen mendizalea erreskatatu zuten eta leku irisgarri batera eraman zuten. 35 urteko gizonezkoa Nafarroako Unibertsitate Ospitalera eraman dute pronostiko erreserbatuko polikontusioengatik. Bitartean Altsasuko parkeko suhiltzaileak Beriaingo gailurrera igo ziren eta eta goitik behera jaitsiz, beste mendizalea erreskatatu zuten. Hura osasunez ongi zegoen. Aipatutakoez aparte, Cordovillako suhiltzaileak, erreskate helikoptero bat, medikua zuen helikoptero bat, bizi euskarri aurreratuko anbulantzia bat eta Foruzaingoa ere bertaratu ziren.

Eski kanpainak saria eman dio Andra Mari ikastolari.  Aste txurian parte hartu duten ikasle guztien birziklapena eta kontsumo arduratsua sustatzeko ekimena egin zen, aztarna ekologikoa neurtuz. Andra Mari ikastolako ikasleek saria eskuratu dute, bere txandan parte hartu zuten beste lau ikastetxeekin batera. Ipar eskiko eskola kanpaina baliatu dute Nafarroako Gobernuaren Nicdo enpresa publikoak aztarna ekologikoa txikitzeko proiektua indarrean jartzeko. Kanpaina egiten den hirugarren urtea da eta Aste Txuriak Zaraitzu eta Erronkari ibarretan eragiten duen aztarna ekologikoa murriztea du helburu, eta bertako udalen eta Nafarroako Hondakinak partzuergoaren laguntzarekin antolatu da. Aste txuriak dozena bat txanda izan ditu aurten eta bakoitzean hainbat ikastetxetako 240 ikaslek parte hartu zuten astero, Lehen Hezkuntzako 6. mailakoak edo Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 1. eta 2. mailakoak. Neurketa. Ekimenaren helburua izan da ikasleen txanda bakoitzak sortzen duen aztarna ekologikoaren ranking bat egitea, Pirinioetako ibarretako ingurumenean eragin txikiena izan zuen taldea irabazle izan dadin. Aztarna ekologikoa uraren, hondakinen eta energiaren erabileran neurtu dute antolatzaileek, beti ere, birziklapena eta prebentzioa sustatu nahian, eta baliabideen kontsumo arduratsuagoa sustatuz. Era berean, bizikidetza kontratuaren betetze maila ere kontuan hartu zuten antolatzaileek. Hau da, ostatuekiko eta haur guztien arteko errespetuari eta kanpainako arduradunekiko errespetuari balioa eman zioten. Gainera, herrietako hainbat tokitako argazkiak egin zituzten, garbitasuna nolakoa zen jakiteko. Ostatuetako arduradunen eta eski begiraleen iritziak ere jaso dituzte balorazioetan, baita arratsaldean egindako jardueretakoa ere. Txanda bakoitzean horren guztiaren jarraipena egin eta puntuazioak eman dituzte. Eta, ondorioz, Otsagabian bigarren txandan egon ziren lau ikastetxeak eta Izaban izan ziren zazpigarren txandako bost ikastetxeak saritu dituzte. Azken horretan izan ziren Andra Mari ikastolako ikasleak. Guztiak ere Sendaviva parkean egun pasa batez gozatzeko aukera izanen dute. 

Kirolak:

Futbolean, Altsasu preferentera igo da. Larunbatean Dantzalekun jokatutako igoera faseko lehen kanporaketako itzulerako partidan 6-0 gailendu zen Altsasu Urroztarraren kontra. Eromena piztu zen Dantzalekun, eta festak herrian izan zuen segida. Erregional mailako Altsasu taldeak denboraldi ikusgarria itxi du: erregional mailako laugarren multzoko liga irabazi zuen (96 puntu), partidarik galdu gabe, 31 partida irabazita eta 3 berdinduta, eta igoera faseko lehen kanporaketan Urroztarra mendean hartuta eta partidarik galdu gabe – joanekoan husna berdinduta eta itzulerakoan 6-0 irabazita– igo da preferentera. Zala gorritxoak, pozez gainezka daude. Igoera faseko lehen kanporaketako joanekoan Urroztarraren kontra nahiko partida eskasa jokatu zuen Altsasuk. Husna berdindu zuten, eta guztia larunbatean Dantzalekun jokatutako itzulerako partidan erabaki zen. Futbolzale asko bildu ziren Dantzalekun, Altsasu animatzeko prest, eta sekulako giroarekin jokatu zen partida. 10. minutuan Mikel Etxaizek Altsasu aurreratu zuen, zaleen gozamenerako. Hala ere, Urroztarrak ongi eutsi zuen, eta atsedenaldira bitartean ez zen gol gehiago egon. Bigarren zatia hasi eta berehala, 53. minutuan, Imanol Lobok Altsasuren bigarrena sartu zuen, eta zoramena barreiatu zen Dantzalekun. Txarangak ere bertaratu zen, eta benetako festa giroa zegoen. Partida bukaera aldera Igor Ortega arbitroak partida geldiarazi behar izan zuen tarte batean, goiko zelai zaharrean zeudenetako batzuk bengalak piztu, suziriak jaurti eta makilen bat zelaian erori zelako. Foruzainak ere bertaratu ziren, baina ez zen bestelako arazorik egon. Bitartean, zelaian Altsasuren gol festak jarraitu zuen. 86. minutuan Asier Claverrek hirugarrena sartu zuen, eta deskontuan iritsi ziren beste hiru golak, Unai Calvok, Eneko Verak eta Javier Guisadok sartutakoak. Ondoren bai, festak eztanda egin zuen Dantzalekun. Altsasu preferente mailan dago, atzera ere. 2021-2021 denboraldian lortu zuen erregionaletik preferentera igotzea, 30 urtez erregionalean egon eta gero, baina pozak gutxi iraun zuen, bi denboraldi eskas, 2022/2023 eta 2023/2024 denboraldiak, 2023/2024 denboraldian atzera ere erregionalera jaitsi zelako. 2025/2026an atzera ere preferente mailan lehiatuko da Altsasu; espero dezagun luzerako izatea. Etxarri Aranatzek orain du aukera. Igoera faseko lehen kanporaketan San Ignacio mendean hartuta, bigarren kanporaketan San Jorge du aurkari. Etxarri Aranatz futbol taldea erregional mailako igoera fasea jokatzen ari da baita ere. Liga erregularrean hirugarren sailkatu denez, Etxarri Aranatzek gutxienez bi kanporaketa jokatu beharko ditu preferente mailara igotzeko. Lehen kanporaketan Etxarri Arantzek San Ignacio izan zuen aurkari. Iruñean jokatutako joaneko partidan 1-3 gailendu zen Etxarri, eta alde horri esker lortu du igoera fasean aurrera egitea, larunbat eguerdian etxean jokatutako partidan 1-2 galdu baitzuen Etxarrik. San Ignacio 12. minutuan aurreratu zen, 52. minutuan Jon Erdoziak berdinketa lortu zuen, baina 80. minutuan San Ignaciok bigarrena sartu eta Etxarrik ezin izan zuen buelta eman. Nolanahi ere, Etxarri Aranatzek aurrera egin du. Igoera faseko bigarren kanporaketan Etxarri Aranatzek arerio gogorra du: liga erregularrean beraien aurretik bigarren sailkatu zen San Jorge taldea. Joaneko partida Etxarri Arantzen jokatuko da asteburu honetan, eta itzuliko partida Sanduzelain erabakiko da. 

BTTan, aurten bai, eguraldiaz lagun gozatu ederra hartu zuten bikerrek. Izena emana zuten 350 txirrindularietatik 345ek parte hartu zuen 28. Altsasu BTT Zeharkaldian. Etxarri Aranatz, Bernoako galtzada, Intsusburu, San Pedro, Sorozarreta, Orobe eta Olaztiko Auntzetxe lotu zituzten. Barranka Txirrindularitza Taldeak antolatutako 28. Altsasu BTT Zeharkaldian parte hartu zuten bikerrek aurten eguraldia alde izan zuten. Horrela, iazko arantza kendu, eta eguraldi bikainarekin osatu zuten Barrankak prestatutako ibilbide zoragarria, joan zen urteko berbera. Guztira 53 km eta 1.200 m desnibel + zuen probak. Altsasutik Urdiainerantz abiatu zen, eta beheko pista azkarretatik Etxarri Aranatzeraino iritsi zen. Ez zen Haritzen Ibilbidean sartu, ondoko pistatik baizik, eta hortik Bernoako galtzadan sartu ziren, Intsusbururaino. Handik jaitsita, Urdiaingo Auntzetxen indarrak berreskuratu eta ibilbideak San Pedron eta Sorozarretan egin zuen aurrera. Zubi zintzilikaritik Oroberaino iritsi ziren txirrindulariak, Ameztiako gainera iritsi eta Olaztiko Auntzetxera igotzeko. Ondoren, buelta hartu eta Ameztiatik helmugaraino jo zuten bikerrek. Ibilbide horren luzea egin nahi ez zutenek Intsusburura eta Olaztiko Auntzetxera ez ziren igo. Barrankako antolakuntzatik adierazi dutenez, biker gehienak Intxusburura igo ziren, baina askok ez zuten Auntzetxe igo. Txirrindulariek oso gustuko izan zuten ibilbidea. Guztia behar bezala antolatzeko ehun boluntario inguru aritu ziren lanean. Helmugan, opari poltsa eta kamiseta jaso zuten bikerrek, biziki eskertuta. 

Txirrindularitza, Mikel Uncilla Seguran txapeldun. LXVII. San Joan Txirrindularitza proba irabazi zuen Rural Kutxa-Alea taldeko etxarriarrak, bere afizionatuen ibilbideko bigarren garaipena, eta garaipena aurreko astean istripuz zendutako Mikel Regil eta Ibai Hoyosi eskaini zien.  Ekainaren 7an LXVII. San Joan Txirrindulari Proba jokatu zen Seguran (101 km), aldi berean afizionatuen Euskadiko 23 urtez azpiko eta eliteen mailako Txapelketa izan zena. Ibilbide oso gorabeheratsua zuen lasterketak, bigarren eta hirugarren mailako zortzi mendate puntuagarri zituela. Ihesaldi eta saiakera dezente egon ziren, baina tropelak bertan behera utzi zituen. Ergoeneko azken mendatean Alejandro del Cidek (Gomur Cantabria) erasoa jo zuen eta Mikel Uncillak (Rural Kutxa-Alea) jarraitu egin zion. Segundo gutxi batzuk atera zizkioten tropelari, baina aldea mantentzea lortu zuten. Segurako kaleetan Uncillak erasoa jo zuen eta bakarrik iritsi zen helmugara (2:38:15), Alejandro Del Cidi 10 segundo aterata. Hirugarren Gorka Corres (Rural Kutxa-Alea) sartu zen, 23 urtez azpiko Euskadiko Txapelduna izan zena. Euskadiko elite txapelduna Asier Castilla (Euskadi Fundazioa), sailkapen orokorrean hamabigarren. Mikel Uncillak denboraldiko lehen garaipena lortu du, afizionatuen ibilbidean bigarrena, 2023an Laudion lortutakoaren atzetik. Garaipena Burundan eta Aralarren bere taldekide izandako Mikel Regili eta Ibai Hoyosi eskaini zien, duela aste bat trafiko istripuz zendutako bi txirrindulari ohiei. Euskal duatloia, Arkaitz Jauregi zortzigarren eta Eloy Kortxero hamargarren Euskal Duatloian. Julen Alberdik sorpresa eman zuen eta txapeldun izan zen Azpeitian. Aizkora eta atletismoa batzen dituen Euskal Duatloiaren finala atzo jokatu zen Azpeitian. Guztira hamabi kirolari sailkatu ziren finalerako. Bertikalki jarritako 45 ontzako lau enbor erdibitu behar izan zituzten, horizontalean jarritako beste horrenbeste, eta Azpeitiko zezen plazan 500 metroko lau saio osatu. Julen Alberdik sorpresa eman zuen, txapelduna izan baitzen (23:21), Xabier Zaldua bigarrenari 21 segundo aterata (23:42). Altsasun bizi den Arkaitz Jauregi zortzigarren sailkatu zen (28:28) eta Lakuntzan bizi den Eloy Kortxero hamargarren (29:43). 

Areto Futbolean, Jubenilen kopa, Xotarendako. Irurtzungo taldeak Ibararteren kontrako errebantxa lortu zuen. Xota jubenilen mailako ligako txapeldunordea izan zen, Ibararte txapeldunaren atzetik. Kopako finala aipatu bi taldeek jokatu zuten, eta Xotak errebantxa lortu zuen, finalean bina berdindu eta penaltietan 4-5 gailendu eta Kopa lortu eta gero.Txapelketa ederra egin du lehen mailako Xotaren harrobiak. Kimuak, txapeldunorde. Kimuen mailako kopako finalean Xota txapeldunordea izan zen, El Redinen kontra galduta.

Atletismoa, Dantzalekukoak, Nafarroako txapeldunordeak. NKJetako Pista Txapelketako Taldekako Txapelketan bigarren sailkatu da 10 urtez azpiko Dantzaleku Sakana taldea. Dantzaleku Sakana atletismo eskolak denboraldia ezin hobe itxi du. Igandean 10 eta 12 urtez azpiko NKJ-etako Pista Txapelketako Taldekako Txapelketako finalak jokatu ziren Burlatan, giro ederrean. Dantzaleku Sakanako gizonezkoen 10 urtez azpiko taldea bikain aritu zen jokoan zeuden modalitateetan (pisua,vortex,erreleboak, altuera jauziak, hesiak, luzera jauziak…) eta txapeldunordea izan zen.