Hitz onak Teknoadineko programarendako

Guaixe 2025eko azaroaren 26a

Unai Razkin Iriarte, Juanjo Goikoetxea San Roman eta Silbia Sesma Nazabal. PARLAMENTUA

Sakanako hiru Oinarrizko Gizarte Zerbitzuetako Mankomunitateetako presidenteek haren berri eman zuten. 65 urtetik gorako pertsonen bakardade ez hautatuari aurre egiteko orain arte landutakoaren berri eman zuten.

Ibarreko hiru Oinarrizko Gizarte Zerbitzuetako Mankomunitateetako presidenteak dira Unai Razkin Iriarte (Irurtzun aldekoa), Silbia Sesma Nazabal (Etxarri Aranatz) eta Juanjo Goikoetxea San Roman (Altsasu). Hirurak Nafarroako Gobernuko Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko Batzordearekin lan bilera izan zuten asteazkenean, azaroak 19. EH Bildu eta Geroa baiko parlamentari taldeek eskatutako agerraldia izan zen. 

Ordezkari sakandarrek bakarrik bizi diren adineko pertsonen nahi gabeko bakardadeari aurre egiteko egiten ari diren lana aurkeztu zuten. Teknoadineko programaren berri ematearekin batera hiru proposamen egin zizkioten parlamentariei. Aurrena, Teknoadineko programa pilotua izateari utzi eta programa egonkorra bihur dadila. Hurrena, programa dinamizatzeko tresna nagusia Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateak direla aitortu arren, erakunde horiek lan komunitariora bere egin behar dutela azaldu zuten eta, horretarako, egokitu beharra dutela gaineratu zuten. Atzeneko proposamena izan zen Sakanako esperientzia Nafarroako gainontzeko eskualdeekin partekatzeko prest zeudela. Horretaz aparte hausnarketa bat ere utzi zuten: "programa orain 65 urtetik gorakoekin egiten ari gara, baina etorkizunean gazteagoei ere erreparatu beharko litzaieke". 

Parlamentuko taldeetako bozeramaileek egindako lanagatik sakandarrak zoriondu zituzten. Nafarroako beste eremu batzuetan antzekoak izan daitezkeen esperientziak daudela gaztigatu zuten. Sakandarrek esan zutenez, "guk gure aletxoa jarri dugu, eta gurea partekatzeko prest gaude. Baina honen inguruko ikuspegi orokorra izanen duena gobernua da. Hari dagokio lidergoa".