Tokia
Arrafelako lezea. Lizarragako portutik mendebaldera doan bidea, Arangarte, hartu eta Olleiku eztarrian, aurrera egin beharrean hegoaldera egin, baina berehala mendebaldera egin behar da, Ollozuiko zierreko bidea hartuz, Obats edo Lubierrira jotzeko. 2,5 km-ra, bidearen iparraldean dago lezea, basoaren erdian. Lezearen ahoak 16 metro luze eta 6 metro zabal ditu eta 43 metroko sakonera. Lezean areto handi bat dago. Eskuin aldean hiru laku eta formazio ugari daude. Aretoa bitan banatu dute goitik eroritako materialek. Aurreneko hara 80ko hamarkadan jaitsi ziren. Orduan ere ikusi zuten aparteko ondarea izan zezakeela. 
Bisontea
Duela 4.000 urte inguruko animalia baten hezurdura ia osoa opatu zuten. Estepako bisonteen eta egungo behi eta zezenen arbasoen gurutzaketatik sortu ziren bisonteak.
Beste animaliak
Lezeetako lehoi baten aztarnak agertu dira ere. Espezie hori duela 12.000 urte desagertu zen. Halakoen arrastoak Olatzagutiko Koskobilo lezean ere opatu dituzte. Lira oilar baten eta beste hegazti harrapakari batzuen aztarnak ere jaso zituzten. Nafarroako Gobernuak eta Euskal Herriko Unibertsitateak ikertuko dituzte aztarna horiek.
Ikerketa

Egindakoa
Lezearen diziplina anitzeko miaketa egin zuten: paleontologia, biologia, geologia, topografia… Guztira 22 pertsona jaitsi ziren. Paleontologia esku hartzea lezean, hezurdura jasotzeko. Ondoren hezurrak garbitu, inbentariatu eta neurtu zituzten. Genetika ikerketa egiteko laginak hartu zituzten hezurretatik. Bestalde, morfologia azterketari esker dakite bisontea dela. Baztertu egin dute estepako bisontea dela, handiagoa zelako eta duela 9.000 urte desagertu zelako.
Hezurdura noizkoa den jakiteko erradiokarbono bidez ikertu dute. Kalkolito garaia da, hain zuzen gizakia kobrezko lanabesak erabiltzen hasi zena. Bisontearen saihetsetan gezi metalikoa opatu zuten. Beraz, Urbasan orduan bizi ziren pertsonak bisontea ehizatzen saiatu ziren. Animalia lezera erori eta han hil zen. Orain arte zientzialariek ez zekiten Euskal Herriko orduko biztanleek bisonteekin harremana zutenik.

Egitekoak
Urbasan opatutako zein animalia zehazteko hezurren genetika azterketa eginen dute. Horrek, besteak beste, animaliaren elikadura ezagutzeko aukera emanen du.
Kalkolito garaiko arkeologia bildumak berraztertuko dituzte, bisonte arrasto gehiago baden jakiteko. Bestalde, europar bisontearen eboluzioa ez da oso ezaguna eta horretan lagun dezake hezurdurak. Aldi berean, isotopoen bidez haren elikadura zein den jakinen da. Hiltzean jasan zituen prozesuak jakiteko tafonomia ikerketa eginen da. Horretaz aparte, jasotako buruhezurren zatian oinarrituta 3Dan berreginen da. Azkenik, fosil batzuk zaharberrituko dira.
Bi hipotesi
Bat da europar bisontea dela, eta hezurduraren tamaina ertaineko europar bisonte ar baten tamainarekin bat letorke. 4 urte eta 800-850 kilo artean lituzke. Bestea da X kladoa izatea. Biologian arbaso bat eta haren ondorengo guztiak biltzen dituen izaki bizidunen multzoa da kladoa. Arbasoa ale bakarra, populazio edo espezie bat izan daiteke. Bisonteen X kladoa genetika ikerketetan ezaguna da, baina zientzialariek oraindik ez dakite nolakoa zen bisonte haien anatomia.
Hipotesien gainean
Europar bisontea balitz Iberiar penintsulan opatutako aurrena litzateke.
X kladoa balitz, zientziak aurrenekoz, espezie horretako hezurdura ia oso bat luke eskura.

Zeinek
Nafarroako Gobernuko Kultura Zuzendaritza Nagusiko Jesus Garzia Gazolaz arkeologoak eta Euskal Herriko Unibertsitateko Asier Gomez Olivencia paleontologoa ari dira ikerketa koordinatzen. Ahalik eta informazio gehiena lortzeko diziplina askotako profesionalak ari dira ikerketan parte hartzen. Vienako Unibertsitateak bisontearen DNA ikertuko du. Kantabriako Unibertsitateak isotopoen ikerketa eginen du. Bisontearen xehetasun-azterketa Jan van der Made Natur Zientzien Museoa-CSIC paleontologoa egiten ari da. Buruhezurra 3Dn berregiteaz Mikel Arlegi paleontologoa arduratuko da, Parisko Musee de l´Hommeko Marie Curieko ikertzailea. Tafonomiaz Antonio Rodriguez Hidalgo arkeologoa arduratuko da. Asier Gomezek animaliaren patologien ikerketa koordinatuko du. Lehoiaren azterketa Alvar Manjon Garcia EHUn egiten ari den doktore tesiaren zati bat da. Eta geziaren ingurukoak Jesus Garzia Gazolaz berak ikertuko du. Ikerketa horiek bukatzeko urte erdi eta urte bat artean beharko dira.
