Sakandarren mugikortasun ohiturak ezagutu nahi dituzte

Guaixe 2026ko uztailaren 27a

Ubertearrak Felipe Gorriti kalean. ARTXIBOA

Ibarreko mugikortasun iraunkorreko estrategia diseinatzeko erabiliko dute jasotako informazioa.

Europar Batasuneko zazpi eskualde, tartean Sakana, Iconic proiektuan parte hartzen ari dira. Proiektuaren ardatza mugikortasun iraunkorra da. Besteak beste, Sakanako Mugikortasun Plana ekarriko du Iconic proiektuak, hau da, sakandarrak ibarrean nola mugitzen garen erakutsiko du. Horretarako, sakandarrek laguntza behar dute. Gure  eguneroko joan-etorriak eta mugikortasun-ohiturak ezagutzeko, Sakanako Garapen Agentziak (SGA) Internet bidezko galdetegia zabaldu du, labur.eus/7qjijmlv. Galdetegia anonimoa da. 

Hainbat galderaren bidez, SGAkoek jakin nahi dute sakandarrek lanera, ikastetxera, erosketak egitera, osasun etxeetara edo mediku kontsultetara, baita eguneroko beste joan-etorri batzuk ere nola egiten dituzten. SGAko arduradunek azaldu dutenez, erantzunak "Sakanako mugikortasun iraunkorreko estrategia diseinatzen lagunduko dute, ibarreko biztanleen benetako beharretara egokituta". Horregatik, SGAko kideek sakandarrak galdetegia erantzutera eta hura ezagunen artean zabaltzera gonbidatu dituzte. 

Mugikortasun planak diagnostikoaz aparte helburuak eta ekintza plana ditu. Beraz, planean politika publikoetatik aldaketa edota irtenbideak nola sustatu edo bermatu daitezkeen aztertuko dute. Nafarroako Gobernua proiektuko parte da ere, herri arteko mugikortasun eskumena berea delako.