Orkoien eta Ezkio-Itsaso lotzen dituzten bi argindar linea daude, biak ere Sakana zeharkatzen dutenak. Red Electrica Española (REE) da argindarraren garraioaz arduratzen den enpresa. Bere asmoa da 200 kV-ko bi linea horiek kentzea eta zirkuitu bikoitzeko 400 kV-eko beste bategatik ordezkatzea. Azken hori Castejon, Muru Artederreta eta Ezkio-Itsasoko azpiestazioak lotuko ditu. REEk dagoeneko baimenak eskuratu ditu. Baina hainbat udalek helegiteak aurkeztu dituzte eta haien ebazpenik ez dute jaso.
Orkoien eta Itxaso arteko 1 linea Oskiatetik sartzen da Sakanan eta Satrustegiko mendien magaletik ibarraren erdialderantz jotzen du eta Ihabar eta Irañeta artean Aralar magalera pasatzen da. Handik Lizarrustira jotzen du Gipuzkoan sartzeko. 25, 27 km-ko luzera guztira. REEk linea hori betirako kenduko luke.
Enpresaren asmoa da lehenik Oskiatea eta Etzegarate arteko linea kentzea. Sakanan 35,65 km-ko luzera du. Horretarako 2.326.725 euro bideratzea aurreikusi zuen 2025an. Hori kenduta, linea berria egiten hasiko lirateke. Gaur egungo lineari eusteko hiru dorre behar diren tokian linea berriak bi izanen ditu. Dorre horiek 70 eta 80 metro arteko altuera izanen dute. Dorreek bi beso izanen dituzte eta bakoitzak bertikalean jarritako hiru kableri eutsiko diote.
Oskiatea eta Lizarrusti arteko linea kentzea lanen bukaerarako utziko luke. Hasieran argindarraren garraiorako bypassa eginen luke. Baina lanen azken sei hilabeteetan argindarrik ez litzateke izanen bi lineatan. Linea hori kentzeko 2.609.050 euro aurreikusi zituzten 2025ean.
Behin hori eginda basoan hutsik gelditzen diren espazioekin zer egin erabaki beharko da: berriro zuhaitzak landatu, bere horretan utzi suteen kontrako suebaki gisa... Jabe batzuk lurra berreskuratuko dute. Eta Irañetan herri erdiko argindar dorrea kenduko dute.
Proiektua
REEren linea egitasmo berriak 92,484 km-ko luzera du. Sakanan Oskiatetik sartu eta Etzegarate alde eginen du. Guztira 81 dorre aurreikusi dituzte: 22 Arakilen, kontzejuen herri lurretan; 10 Uharte Arakilen eta Altsasun; 7 Etxarri Aranatzen eta Bakaikun; 6 Ergoienan; 4 Arbizun eta Urdiainen; 3 Irañetan, Lakuntzan eta Iturmendin eta 2 Arruazun.
Lurjabeen baimena eskuratu nahian ari dira orain. REEren asmoa litzateke lanei udaberrian ekitea eta 2030erako despeditzea.
Linea berria egiteko lurralde okupazio eta aire zortasunak ekarriko ditu. Gainera, argindar linearen eta landaretza edo zuhaitzen artean segurtasun eremuak egon beharko dute ere.
Forestalia enpresa pribatuak Aragoiko Gobernuak Ejea de los Caballerostik Sakanan barna Gatikaraino argindarra garraiatzeko goi tentsioko linea egitea proposatu zuen 2019ko lastailaren 8an. Baina Espainiako Gobernuak aurten ez dio horretarako baimenik eman.