Satrustegiko frontoia teilatua izatetik gertuago

Alfredo Alvaro Igoa 2024ko aza. 11a, 09:00

Frontoiko estalpea aulkien pareraino iritsiko da. ARTXIBOA

Horretarako ezker pareta guztia altuera berean jarri beharko dute lehenik. Teiladurarekin batera, haizea sartzea eragozteko xaflak jarriko dituzte hegoaldean eta mendebaldean. Satrustegikoa Arakilgo laugarren frontoi estalia izanen da, dagoeneko Etxeberrin, Egiarretan eta Etxarrenen badituztelako.

Satrustegiko Kontzejuak frontoia estaltzeko proiektua egin du, 244.426,79 euroko (BEZ barne) aurrekontua duena. Kontzejuak obra Nafarroako Gobernuaren Toki Azpiegitura Planaren bidez finantzatu nahi izan zuen, baina haren eskaera erreserban utzi zuen foru administrazioak. Hala ere, Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuaren 80.000 euroko dirulaguntza lortu du. Baina gainontzeko 164.426,79 euroak kontzejuak jarriko ditu. "Bi baso aprobetxamendu saldu genituen eta badugu dirua", azaldu du Jose Antonio Angulo Bachiller kontzeju buruak. Obra Mas Madera Cubiertas 2000 SMk eginen du 200.005,61 euroren (BEZik gabe) truke. Enpresak bost hilabete izanen ditu horiek despeditzeko. Lanak aurten hasi beharko ditu eta, beranduenez, 2025eko garagarrilaren 1erako despedituta egon beharko dute.

Frontoiak 254,33 m2-ko azalera du, 10,30 metro zabal eta 28,65 metro luze da. Iparraldean, mendebaldean eta hegoaldean dituen espazioak kontuan hartuz 449,50 m2-ko azalera hartzen du pilotalekuak. Kontzejuko presidenteak azaldu duenez, "frontoiak kirol jarduerak hartzeaz aparte, topaleku eta haurrak jolasteko lekua ere bada. Gainera, festa egunetan han egiten dira bazkariak eta bestelako ospakizunak. Horrela, karpa jarri beharrik gabe, ekitaldiak hartzeko estalpea duen toki bat izanen dugu, bai herriko bai ibarreko ekitaldiak hartzeko", gaineratu du Angulok.  

Pilotalekua estaltzeko proposamenak 408,80 m2-ko (28 m x 14,60 m) azalera hartzen du. Hau da, frontoiaz aparte hegoaldeko berdegunearen zati bat hartuko du. Bi isurkiko teiladura eraikiko da. Hari kolatutako egur laminatuko bost habeek eta ezker paretak eutsiko diote. Horretarako ezker paretari altura emanen diote. Habeak gaur egun dauden hiru bankuekin lerrokatuta egonen dira.

Frontoiaren hegoaldeko eta mendebaldeko aldeetan, lurretik 3,74 metrora, libre egonen da eta hortik gora 6,12 metroko altuera duen egitura bat izanen da, haizeaz babesteko. Egitura hori polikarbonatokoa izanen da eta argiari sartzen utziko dio. Helburu berarekin halako xafla batzuk ere jarriko dira teilatuan, gainontzekoa txapazkoa izanen da. Frontoi estaliak argiteria berria izanen du. Euri urak biltzeko azpiegitura ere jarriko da eta dagoen iturria mantenduko dute.

Aurreko lana
Satrustegiko frontoia mende hasieran erabat utzita zegoen. Arakilgo beste herri askotan bezala, frontisa eta porlaneztatutako zorua besterik ez zuen. Satrustegiko Kontzejuak hura konpontzea erabaki zuen, eta lanak 2008ko otsailaren hasieran hasi ziren. Frontisari 2,5 metro gehiago eman zioten, 10 metroko altura izateko. Horrekin batera 24,5 metro luzeko ezker pareta jaso zuten, 7 koadroko pilotalekua egin zuten. Ingurua auzolanean txukundu zuten satrustegiarrek. Lanak egiteko kontzejuak ez zuen dirulaguntzarik izan eta, finantzatzeko, kontzejuak Abeltzainaren etxea saldu behar izan zuen. Zaharberritutako frontoia 2008ko agorrilaren 17an, festetan, mustu zuten. 

Erlazionatuak

Alberto Ongay Tere

Guaixe 2008 ots 29 Satrustegi