Teilatuko txapak frontoiko kantxan

Guaixe 2026ko martxoaren 16a

Neguko haizeteek arrastoa utzi dute Satrustegiko frontoian: teilatuko txapa batzuk lasatu eta bota egin dituzte. Lana joan zen urtean egina da eta, horregatik, Satrustegiko Kontzejuak eraikuntza enpresarengana jo du.

Festetan, agorrilaren 16an, pilota jaialdi batekin mustu zuten satrustegiarrek herriko frontoian egindako lanak. Ezker pareta altura berean jarri eta pilotalekuari teilatua jarri zioten. Eta teiladurarekin batera, haizea sartzea eragozteko xaflak jarriko dituzte hegoaldean eta mendebaldean.

Baina urte hasierako haizeteek arrastoa utzi dute teilatu berrian. Pixkanaka-pixkanaka haizeak bere lana egin zuen eta teilatu jarri berriko metalezko zenbait xafla askatu eta lurrera bota zituen. Ondorioz, frontoiaren egur laminatuko egiturako habe bat agerian gelditu da. Frontoiak zazpi koadro ditu. Haizeak kalteak, zehazki, 5 eta 7 koadroen arteko teilatuaren hegoaldeko isurian sortu zituen. Bost metroko luzerako xafla oso bat bota zuen. Teilatuaren mendebaldeko muturrean halako beste xafla bat bota du. Satrustegiarrek ikusi zuten xaflak askatzen ari zirela, baina haizeteek ezer egitea eragotzi zieten. 

Obra Mas Madera Cubiertas 2000 SMk egin zuen. Satrustegiko Kontzejuak lanetara 244.426,79 euro bideratu zituen. Lanak finantzatzeko kontzejuak Nafarroako Gobernuak emandako 80.000 euro dirulaguntza izan zuen. Satrustegiko Kontzejua enpresarekin harremanetan jarri da, erreklamazioa egin dio. Lanaren bermea oraindik ez da pasa. 

Erlazionatuak