Iberoko Zurbau parajean, hiru gurutzeen gainean, oroigarri bat mustuko da igande eguerdian. Haren bidez Oltza Zendeako Udalak 1936an udalerrian erail zituzten herritar guztiak eta Iberoko paraje horretan opatutako hobian eraildakoak gogoan izan nahi ditu. Arantzadi zientzia elkarteak hobia 25 gorpuren bila aritu zen abenduko aurreneko asteburuan. Haien artean hiru uhartearrenak egon daitezke: Silverio Astiz Lakuntza eta Silverio Astiz Ezkurdia aita-semeak eta Victor Martirena Alegria.
Hori dela eta, Uharte Arakil, 80 urte memoria galtzen taldeak herritarrak Iberora joatera animatu ditu. 11:00etan plazan jarri du hitzordua. Bildutakoak autoetan joanen dira Iberora. Zurbau parajean 12:00etan mustuko da oroigarria. 14:00etan herri bazkaria izanen da. Bestalde, Ororbiako kiroldegian igandera arte argazki erakusketa ikusgai izanen da.
Uhartearrak
Silverio Astiz Lakuntza 1877ko garagartzaroaren 20an jaio zen. Ramon eta Gregoriaren semea, Nicolasa Ezkurdia Garziandiarekin ezkondua zegoen eta seme bat zuen. Nekazaria eta UGTko kidea, Uharte Arakilgo alkatea zen, 59 urte zituela, atxilotu eta espetxeratu zutenean. 1936ko lastailaren 28an fusilatu zuten, Iberon.
Silverio eta Nicolasaren semea, Silverio Astiz Ezkurdia, 1915eko garagarrilaren 20an jaio zen. UGTko kidea zelako atxilotu eta espetxeratu zuten. 21 urte zituela hil zuten, aitarekin batera, 1936ko lastailaren 28an fusilatu zituzten, Iberon.
Victor Martirena Alegria UGTko kidea zen. 26 urte zituela atxilotu eta espetxeratu egin zuten. Iberon erailtzeko atera zuten espetxetik.