Agiriko despopulatura bueltan

Guaixe 2016ko uzt. 25a, 10:25

Eliza zeneko zorua egokitu eta paretak finkatu asmoz ariko dira.

Hainbat arrazoiren ondorioz bi urtez lanak geldi egon ondoren, aurten, berriro ere, Agiriko (Agiregi)  despopulatua agerrarazteko lanean ariko dira. 2012an eta 2013an egindako lanek despopulatuko eliza agerian utzi zuten. Pedro Arrese Villanuevak Zizur Nagusiko institutuan historia irakasle eta Ezpilleta elkarteko kide denak hilabete emanen du han.

Berak esan digunez, aurtengo asmoa da “elizaren inguruak txukuntzea. Elizako paretetako harri asko barrura erori ziren eta ideia egiteko haiek ingurura atera genituen”. Horrekin batera, Arresek beste asmo bat aurreratu digu: “harri horiekin elizako zorua ongi jarri nahi dugu, polit jarri nahi dugu. Gainera, paretak finkatu nahi ditugu.” Azken asmoa bisitariendako guztia txukun uztea dela jakinarazi digu.

Eliza eta herria
Agiriko eliza 13 metro luze eta 6 metro zabal ditu. Pareta zabalak dira gelditzen dena. Iparraldeko pareta da finkatzen lan gehien behar duena, barrura “puztuta” baitago. Elizak atea hegoalderantz du, ibarreko elizen moduan (Lakuntza salbu). Egindako lanek erliebedun harriak (ateko kapitelak?) eta alaka zuzen eta borobilduko harriak agerian utzi zituzten. Elizaren hormaren luzeran harrizko banku bat izan daitekeena ere agerrarazi zuten. Elizatea hilerria izan zenaren gainean eraiki zuten, antza. Elizaren, eta herriko etxeetako teilatua begetala zen, “ziurrenik zekalez egina”.

Arresek esan digunez, herria dena ez dute ukituko, “arkeologia-indusketa eskatzen duelako”. 13 etxez osatutako herria zen Agiri. Haietako bat ikertu zuen Arresek; 105 metro karratuko azalera  eta 90 cm-ko zabalerako paretak ditu. Pareten altura ez da metro batera iristen. Atea, hegoaldean, non egon daitekeen susmoa du. Iltzeak eta zeramika zatiak opatu zituen.

Boluntarioak
Agiriko indusketan borondatez lan egin nahi dutenek Arreseri hots egin beharko diote, 697 649 425 telefonora.