Arkeologoak Aralarren erantzunen bila

Guaixe 2017ko uzt. 14a, 08:30

Arkeologoak Aralarko elizako absidearen ondoan lanean.

Zamartzeko arkeologia-indusketetan opatutako hezurdurak bertakoak diren beste batzuekin alderatzeko ari dira lanean. Lagin-zulaketaren bidez elizaren jatorriari buruzko datuak jaso nahi dituzte.

Fran Valle de Tarazaga Monterok (indusketa eta ikerketa arduraduna) eta Emma Bonthornek (osteoarkeologoa, hezurduren arduraduna) zuzentzen duten arkeologia lantaldea Aralarren dago berriro. Aditu Arkeologiak zortzigarren indusketa kanpaina du Uharte Arakilen; aurreneko seiak Zamartzen eta azken biak Aralarko santutegi ondoan. Garagartzaroaren akaberan taldekide batzuk iritsi ziren, logistika azpiegitura prestatzera. Garilaren 3an hasi ziren indusketa egiten eta “eguraldiaren errukitasunaren arabera” agorrilaren akaberaraino egonen dira.

Aralarren lur eman zieten aurreneko haiek zer nolako pertsona ziren? Jakin-mina dute arkeologoek: “adinduta hiltzen ziren? Edo gazte? Emakumezkoak edo gizonezkoak? Santutegiaren sorrerarekin lotura egitea. Horiek dira gure arreta bereganatzen duten arloak”. Aldi berean, kanpo santuaren behe mailara iritsiz gero, “opatu ditzakegun materialetan santutegiaren jatorria ikusten saiatuko gara; santutegia hasi zeneko garaia argitzen lagun diezagukeen edozein egitura mota edo adierazgarri” beharko lukete horretarako. “Teodosioren eta dragoiaren kondairak oinarriren bat izanen du. Baina jakin beharrekoa da zein eta zergatik etorri zen hona, eta zein garaitan. Hori da argitu nahi duguna orain”.

Horretarako, batetik, absidearen ondoan indusketa-eremu bat zabaldu dute. Bestea santutegiaren iparraldean dago, lauki luze handi batean, lurra erdialdean jasotzen hasi dira arkeologoak. “Emaitzen arabera gehiago edo gutxiago sakonduko dugu”. Hala ere, Nafarroako Gobernuarekin hitz egin, koordinatu nahi dute, ahalik eta lagin-zulo gehien egin nahi baitituzte. “Zulatu, begiratu eta tapatu. Denak jatorrizko itxura izanen du”.



2016ko lana
Joan den urtean hilerria kokatu eta bere azalera kalkulatu behar zutenez, L moduko eremu batean lan egin zuten arkeologoek. Santutegiaren absidetik gertuen zegoen tokian hilerria opatuko zutela ziur zekiten. Hala erakutsi baitzuen Larrateren langin-zulaketak 2009an. Aditukoek Trinitate aldera ere zabaldu zuten indusketa-eremua joan den urtean, kanpo santua noraino iristen zen jakiteko. “Absidetik 15-20 metrora hobiratzeak bukatzen dira”, azaldu digu arkeologoak. Horregatik, aurten abside ondoko eremua zabaldu dute berriro, “ezin izan genuelako opatu genituen eskeleto guztiak atera. Beheko mailakoak falta dira, kronologikoki garai goiztiarrenari dagokienak eta guri gehien interesatzen zaigunak”.

Joan den urtean egindako arkeologia-indusketarekin “herriguneetatik urrun eta halako toki malkartsu batean espero zitekeen baino erabilera handiagoa zuen hilerri bat zela egiaztatu genuen. Komunitatea balego ere, urrun zegoelako eta erlijio zerbitzua izanen luke” azaldu digu Franek. 2016an “espero baino gorpu gehiago opatu genituen. Sei eta hamar gorpu artean opatuko genituela kalkulatzen genuen. Azkenik, 15 berreskuratu genituen”. Arkeologoek oraindik ez dakite zein garaikoak ziren pertsona horiek. Santutegia VIII. edo IX. mendean sortu bazen, garai horren eta XIV.-XV. mendeetara arte hildako pertsonen hezurdurak opatuko dituztela uste dute. XV-XVI mendeetakoak opatzea “zailagoa” litzatekeela esan digu Franek. “Hil berrienak dira” joan den urtean atera zituztenak, XII. eta XIII. mendeetakoak direla uste dute. Aurreko mendeetakoak aterako lituzkete, beraz, aurten.

Hilobien ezaugarriak
Santutegira iritsi eta haren inguruan zelai berde eder askoa opatzen du bisitariak. Belar azpian, ordea, harri eta haitz ugari opatu dituzte arkeologoek. Orain arte opatutako gorpu guztien lur ematea kristaua da. “Zamartzen opatu genuen hilobiratze sistema bera da. Betegarria. Kokapena. Ekialdera begira daude. Hori ziurtatzeko, kasu askotan, buru azpian harriak jartzen dira”. Aralarko kanpo santuan ez dago lurrik, dena haitza da. “Hareharriak berez dituen tolesturak erabili dituzte. Tolestura horien artean dauden zirrikituak hustu dituzte hilobiak sortzeko”. Arkeologoek arazo bat dute: “zirrikituak oso sakonak dira, metro batetik gora”. Horrek postura ez erosoetan lan egitera behartzen ditu, lana zailduz. Halako tokian, beraz, betegarri gutxi.

Hilobi horiek ahalik eta gehien erabili zituzten. Franek azaldu digunez, “ia-ia gorpu bati bestearen gainean eman zioten lur, tarteko estrakturik gabe. Hezurdura bat jaso eta berehala bestea ageri da. Zegoen espazio eskasa amortizatzeko kokatuta daude”. Beraz, Aralarko eta Zamartzeko indusketak desberdintzen dituena da mendian harri artean industen ari direla eta ibarraren ondoan ibaiak eramandako lurretan, errazago. “Hainbeste harri egotean, hezurdurak elkarrengandik hain gertu egotean, elkarri eragin eta Zamartzen opatu genituenak baino zartatuagoak daude hezurrak Aralarren”.


Emma Bonthorne hobi bateko hezurdurari begira.

Opatutakoaz
Bitxikeria berreskuratutako hilobi aniztuna izan zen: “hiru pertsona zeuden, aurre-ikerketaren arabera emakumezkoak lirateke, edo bi emakumezko eta gizonezko bat. Haietako baten fisionomia eta aldaketako hezurrengatik, laguntzarik gabe oinez ibiltzerik ez zuen. Hirurak aldi berean hil ziren eta hilobia hirurendako egin zen aldi berean. Bortizkeria arrastoak dituzte. Aurretiazko interpretazioa da haietako bat labanaz hil zutela. Oinez ibiltzerik ez zuenaren saihetsetan lantza bat opatu genuen. Hezurrek arrastoak dituzte eta posible da hiltzerakoan han izatea”.

Orain arte opatu dituzten hilobietako bakarra dago hareharriz eta morteroz egina. Zamartzen bat berdin berdina opatu zuten. Aralarko elizako harrien mozketa bera duela dirudi. “Antzeko kronologia dute, baina jakinarazten digu soberan edo zeuden elementuak berrerabili direla edo merezi zuen pertsona batendako erabili direla”. Franek esan duenez, “hobi horren berezitasuna da 2 metro eta 60 cm luze dela. Pertsona altu batendako zen. Barruan zegoena eta, pentsatzen dugu hilobia harendako egin zela, bizi zela metro bat eta 90 cm inguru izanen zituen. Garai hartarako altura handia. Pertsona garrantzitsua izan behar zuen”.

Zamartzeko hobiratzeek komunitate batekin zerikusia zutela agerian gelditu bazen (adin guztietako hezurdurak, haurren hilerri gunea eta guzti), Aralarren ez dute guztiz garbi, nahiz eta gazteen hezurdurak opatu. “Harritu gaitu emakumezkoen presentzia nahiko handiak. Baina hemengo populazioa definitzeko ez da kopuru adierazgarria”. Franek azaldu duenez, “ikuspegia zuzentzen ari gara, hasieran espero baino emakumezko gehiago daude eta adina pixka bat gazteagoa da. Tokiarekin zerikusia zuten erlijio-gizon gehiago espero genituen. Hala ez zirenei Zamartzen eman ziezaieketen lur. Ikertzeko dago, baina badirudi hemen espero baino jende gehiagori eta gazteagori ematen ziotela lur”.  

Hilobietan kopuru handia ez bada ere, arma kopuru “adierazgarria” opatu zuten, “asko hain toki txikian. Horrek asko harritu gintuen”. Hiruzpalau gezi punta, bi xabalina “on” eta “oso kalitate oneko” hiru lantza punta. Nafarroako Gobernuko teknikarien esku daude, egoki kontserbatzeko eta egonkortzeko tratamenduak egiteko. “Horrek guztia hain toki txikian eta, batez ere, erlijio-toki batean, ez dirudi zentzu handirik duenik”. Heriotza bortitza izan zuten hilobiratutako askok eta hori ikertu beharra dute.

Horretarako data bat eman behar diete. Sedimentuetan oinarrituta ezin izanen dituzte hezurdurak datatu, dena harrian baitago. “Zein dagoen bestearen gainean, ordenatu ditzakegu”. Baina datatzeko karbono-14 proba egiteko asmoa dute. “Laster egin nahi dugu, dudarekin ez gelditzeko”. Franek gaineratu du opatu duten txanpon kopurua Zamartzen baino askoz ere eskasagoa dela.


Arkeologoak lagin-zuloetan lanean.

Lagin-zuloak elizaren jatorria bilatzeko
Arkeologoek Zamartzeko hilerrian Donejakue bideko erromesak, beste tokietatik etorritakoak, izan litezkeenen hezurdurak opatu zituzten. Sakanan mende haietan bizi zen populazioaren profil biologikoa egiteko zerekin konparatu beharra zuten arkeologoek eta, horregatik, Aralarren bertako populazioa errazago opatuko dutela ziurtasun handiagoa dute. Horregatik, mendiko indusketan nahikoa adierazgarria den hezurdura kopuru bat ateratzeko helburua jarri zioten euren buruari, gero Zamartzekoekin alderatzeko.

Dagoeneko nahikoa hezurdura opatu dituzte Aralarren. “Baina laginen emaitzen arabera, santutegiaren jatorria ikertzera bueltatzea interesatuko litzaiguke”. Horretarako, behe mailetara iritsi beharra dute, “santutegiaren hasierara. Oraingoz oso zail dago. Zulatzean eliza jaso zenetik XXI. mendera gertatutako guztia oso erraz opatzen dugu. Gauza gehiegi dira. Suntsiketak, suteak, jaso eta bota diren eraikinak… Hemen eraikin, egitura eta bizi izugarria egon da. Hasierara iristeko maila asko gainditu behar ditugu”.

Aurtengo laginen emaitzen arabera, heldu den urtean hezurdurak berreskuratzeari baino jatorria ikertzeari eta Erdi Aroko santutegiaren aurretik besteren bat zegoen ikertzeari ekinen diote arkeologoek, “hau erromatarren garaitik edo aurretik heldu den zerbait den jakiteko. Duda handiena eta zailtasun handiena da”.

“Dugun arazo handiena kronologiak dira. Opatzen ditugun datatzeen arabera, eta VIII. mendeko hasiera mitikoaren aurreko kronologiak opatzen baditugu, inguruarekin zer erlazio mota izan zezaketen, Aracaeliko erromatar mansioarekin harremanik ote zuen, megalitoz jositako mendi honetan erlijio- edo gizarte-aspekturik zegoen zibilizazio haiekin… Oso zaila da. Halakorik opatzea ametsa litzateke”. Horretarako aurten eginen dituzten laginek emaitza positiboak eman beharko lituzkete.

2016ko lagin-zulaketa
Joan den urtean bezala, aurten ere arkeologoek santutegiaren inguruko eremuan lagin moduko zulo txikiak eginen dituzte. 2016an absidetik iparraldera egindako lagin horietako batean, hilerrian ez bezala, teila eta harri maila bat opatu zuten. “Ez dakigu joan den mendeko 70ko hamarkadan bota zen txabolakoa den. Joan den urtean egindako lagin txiki batean zoruko harlauza ederra agertu zen. Ez dakigu noraino iristen den aurri hori. Espero dugu aurten zabaldutako lagineraino ez iristea. Denbora asko galduko genukeelako”.

Franek haien asmoen berri eman digu: “Nafarroako Gobernuarekin hitz egin ondoren laginetarako hainbat zulo eginen ditugu. Horrela joan den urtean jasotako informazioa osatzea nahi dugu”. 2016 urtean ere belarraren azpian zer zegoen jakiteko Aralarko elizaren inguruan hainbat zulo egin zituzten. Batzuek ez zuten ezer esan, esaterako Trinitate ermitaren ondoan egindakoa. Santutegiaren eremuaren iparraldeko muturrean “pilatze modukoa” opatu zuten, “ingurua mugatuko lukeen parapeto edo eraikuntza batena” izan litekeena. Gainontzekoetan “aurri material asko” agertu zen.

Laginetan “interesgarriena” elizaren mendebaldera, Lakuntzetxeren ondoan egindakoa da. “Eraikin hori, antza, aurrez egindako plataforma baten gainean jaso zen”. Horixe opatu zuten lagin horretan. Oinarri horren barruan txanpon bat opatu zuten. “Horrek data zehazten laguntzen digu. Bat egiten du Lakuntzetxea eraiki zen garaiarekin”.  Aurtengo laginetan “ea ez ditugun teilak eta elementu arraroak opatzen”, erregutu du Franek.



Bi lantaldetan banatuta
Asteartean indusketan 21 pertsona zeuden lanean. Eguneroko bataz bestekoa 18-20 artekoa izanen da. Talde handia osatu dute hilerritik hezurdurak ateratzeko. “Aurten bukatzen dugula ziurtatu nahi dugu. Ez dugu ezer egiteko utzi”. Arazoa da lur emateak bata bestearen gainean daudela eta hezurdura bat kendu arte ezin dutela bestearekin hasi. Horretan azkar aritzeko txandaka ariko dira.

Lagin-zuloak egiteko ere talde handia osatu dute. Bost eta zortzi lagin artean zulatzeko asmoa dute. Hori azkar egin nahi lukete, santutegiaren jardunari ahalik eta gutxien eragiteko, udan jende gehien etortzen den garaia baita.

Australia, AEB, Erresuma Batua, Kroazia eta Kanada. Horiek dira Aralarko indusketan lanean ari direnetako batzuen jatorria. Arkeologia ikasketak egiten ari dira batzuk eta hezurdurak hobitik ateratzen eta Aralarkoaren moduko arkeologia-indusketa “nahikoa konplexu” baten erronkei aurre egiten ikastera etorri dira.

Beste batzuk arkeologoak eta osteologoak dira, hemen bertan ahalik eta ikerketa handiena egiten laguntzen dutenak. Horretarako, ostatu zaharrean behin-behineko laborategia prestatu dute. Hala, hezurdurak lurretik atera ondoren, argazkiak egin, dokumentatu, garbitu, prestatu eta aurreneko osteologia-ikerketa egiten dute. Azterketa kimikorik ez dute egiten, bai, ordea, hasierako osteometria, hau da, hezurren dimentsioak neurtu eta traumatismoak edota patologiak bilatu. Jakintza-alor anitzeko taldea da.

Indusketan ari diren askoren sorterrian halakorik ez dago eta Aralarrekoa aukera handia da euren herrialdeetan ikasitakoa praktikatzeko. Aditu enpresako kideak dira urtero indusketetan errepikatzen dutenak, Emma eta Fran Valle de Tarazaga buru dituztela. Errepikatzen dutenen artean Hego Tiroleko Nicole osteoarkeologoa, Texasko Bruke isotopoen analisian trebatzen ari da eta gurean bi urte egin ditu eta Kroaziako Nicole. Aditukoak bertako jendea haiekin aritzearen aldekoa da, baina halako espezialitateetan ez dabil jende askorik.



Zamartzeko arrastoek zer kontatua dute oraindik
Han opatu zuten guztia ikertzen segitzen du Adituko taldeak. “Arrasto eta tresna bolumen ikaragarria dugu. Ongi dago, informazio kopuru handia emanen digulako”. Baina neguan horrekin buru-belarri aritu behar izaten dute. Arrastoak prozesatzen segitzen dute eta, horretarako, laborategira arkeologo gehiago ekarri dituzte. Abiadura onean ari dira, baina kopurua hain handia izanik…

Pilatuta agertu ziren hezur guztiak prozesatuak dituzte. Horiek dagoeneko Nafarroako Gobernuaren esku daude. Osorik dauden hezurdurak prozesatzeak denbora gehiago eskatzen die, aldi berean ikerketa antropometrikoa egiten dietelako. Kopuru handia egina dute. Gainera, isotopo ikerketa egin ahal izateko hezurdura horiei kolagenoa nondik atera erabaki behar dute. Garbitzean eta prozesatzean ikusten dute zein den kolagenoa ateratzeko toki egokiena. “Koherentea izan behar du. Ezker kokzixetik bada, denetan hala izan behar du”. Horregatik, erabakia hartu arte hezurdura osoak haien esku daude. Baina erabakia lehenbailehen hartu nahi dutela jakinarazi digu Franek.

Kolageno laginei isotopo azterketa egin eta handik pertsonen dieta eta eskualdea zein den jakiteko aukera izanen dute. Bakarren batzuk, interesgarrienak edo kokapen jakin bat zutena, karbono-14 bidez aztertuko dituzte. Bestalde, patologien ikerketak begien bistan utzi du anemia, artritis… gaitzak agerian utzi dituzte. Azken horren Zamartzeko presentzia Erresuma Batuko antzeko toki batekin alderatu dugu eta emaitza “oso harrigarria izan da: hemen %70 artritis gutxiago dago. Zergatia ez dakigu”.

Badira “berde” dauden beste arlo batzuk, esaterako, numismatikoa. Zamartzen opatutako txanpon guztiak ikertu nahi dituzte, kronologiak eta haien zirkulazio bideak, hau da, Zamartzek zituen loturak jakiteko. Batez ere, erromatar garaiaren ondorengoa. Toki askotako txanpon asko dituzten: erromatar ugari, merobingioak, Frantziako Luis IX.arenak, Nafarroako XII-XIV. mendeetakoak... Zamartzeko objektuak nondik etorri ziren? Objektu gutxi dituzte. Zein kulturakoak diren eta tipologia zehaztu daitezke. Baina metalezko eta beirazko objektuen jatorria zehaztea oso zaila da. Horregatik, erreparatuko diete txanponei.

Lan handia aurreratu dute, baina xehetasunez egin beharreko asko dute oraindik egiteko. Ikerketa aldiak luze joko du. Baina behin emaitzak publikatzen hasita, bata bestearen atzetik etorriko direla jakinarazi dute. Beti ziurtasunen gainean lan egiten ari dira. Ikerketarekin segitzen duten bitartean elizbarrutiak egindako proposamena Nafarroako Gobernuari luzatu diote: hezurtegi bat egin eta han jaso eta duela 700-800 urteko pertsona horiek gogorarazteko gunea izan dadila.



Bisitak
Larunbatero, 11:00etan, gidatutako bisita antolatuta dago. Edozein arrazoi dela-eta gerta daiteke haiek han ez izatea. Hortaz, antolakuntza errazteko info@aditu.info e-postara idaztea eskertzen dute. Zenbat joanen diren eta azalpenak zein hizkuntzetan nahi duten zehaztu daiteke. Larunbatetan joan ezin eta bisita egin nahi dutenek bide beraren bidez lotu dezakete bisita. Arkeologoak asteartetik igande goizera arte daude lanean.