Memoriaren Nafarroako Institutuak Nafarroako Memoria Historikoaren Lekuen zerrenda zabaltzen segitzen du. 1936ko estatu kolpearen ondoren izandako giza eskubideen urraketak edo biktimen memoria eta erreparazioa dute helburu Memoria Lekuak. Erasoak izan dituzten tokiak dira eta izendapen horrekin Nafarroako Gobernuak babesa eman die. Zerrendan aurretik Otsaportilloko lezea zegoen eta orain Iberoko Zurbaoko parajea gehitu zaio. Gobernuak han gertatutakoaren berri ematen duen totema jarri du, “bizikidetza-balioak transmititzeko leku bihurtzeko helburuarekin”.
Iberoko toki horretan Victor Martirena Alegria 22 urteko uhartearra fusilatu zuten 1936ko lastailaren 28an. Aranzadi zientzia elkarteak egindako indusketan hainbat gorpu agerrarazi zituzten eta identifikatzea lortu zutenen artean Martirenaren gorpuzkiak daude. 2017ko azaroaren 4an eman zioten lur Uharte Arakilgo kanposantuan.
Iberotik berreskuratutako zenbait hezurdurei izen-abizenak ematerik ez da izan oraingoz, baina pentsatzekoa da haien artean daudela Silverio Astiz Ezkurdia eta Silverio Astiz Lakuntza aita-seme uhartearrak. 1936ko estatu kolpearen ondoren 46 eraildakoren eta identifikatu gabekoren hezurdurei Iruñeko hilerrian eman zieten lur joan den urteko apirilaren 1ean. Sakandarrei dagokienez, Urbasako saroiko lezean identifikatu gabeko gorpuzki bat, Otsoportilloko lau eta Iberoko bi daude Iruñean lur emandako. Guztira Urbasako eta Iberoko launa kutxa.
DNA bankua
Nafarroako Gobernuak beraien senideak identifikatu nahi dituzten familien laginak jaso ditu DNA bankuan. Foru administraziotik 1936ko errepresioaren biktimen senideei DNA laginak eman ditzatela eskatu diete, gorpuzkiak identifikatu ahal izateko.