Aranzadi zientzia elkarteak Nafarroako Gobernuarekin duen hitzarmena betez, herrialdeko hainbat leze, hobi eta ezpondetatik 1936ko estatu kolpean eraildako makina bat pertsonen hezurdurak berreskuratu ditu. Hala ere, ezin izan dira denak identifikatu. 46 pertsonen hezurdurak daude izen-abizenak emateko zain. DNA atera zaie eta desagertuen senideren batenarekin bat egiten duen bitartean, hezurdura horiei guztiei lur eman zieten Iruñeko hilerrian astelehenean.
1936an eraildakoen senideek sartu zituzten hilkutxak hiltegira. Horien artean zegoen, besteak beste, Concha Dieguez etxarriarra, bere aita Altsasuko Sozarretan, errepide bazterrean, erail zutena eta oraindik opatzea lortu ez dutena. Lur emandako pertsonen hezurdurak Nafarroako hainbat tokietatik ateratakoak ziren, tartean Otsaportilloko lezetik eta Iberoko Zurbaoko hobitik.
Sakanako bederatzi faltan
Urbasako saroiko lezetik hamar gorpu atera zituzten eta bederatzi identifikatuta daude: Balbino Garcia de Albizu Asurabarrena, Gregorio Garcia Larranbebere, Balbino Bados Garcia, Jose Urbizu Berasategi, Narciso Artola Razkin, Clemente Araña Miguel de Etxarri, Paulo Garciandia Arin, Andres Gonzalez eta Antonio Maiza Miranda. Beraz, hezurdura bati izen abizenak ematea falta da.
Urbasako lezean Aranzadikoek Meliton Agirre Lezea, Francisco San Roman Galbete, Domingo eta Francisco San Roman Otxoa anaiak, Jose Ubeda Sanchez, Victor Urkijo Tobalina eta Migel Bergara Bureau identifikatu zituzten. Iberon hainbat gizon fusilatu zituzten, tartean hiru uhartear: Victor Martirena Alegria eta Silverio Astiz Ezkurdia eta Silverio Astiz Lakuntza aita-semeak. Aurrenekoa bakarrik identifikatu dute. Urbasako eta Iberoko launa kutxari eman zieten lur Iruñeko kanpo santuan.
Aurten 80 urte bete dira Gerra Zibila bukatu zela eta diktadura garaian apirilaren 1a Garaipenaren Eguna izan zen. Egun horri beste zentzu bat eman nahi izan zion Nafarroako Fusilatuen Senitartekoen Elkarteak, berak antolatu baitzuen ekitaldia. Horregatik, eraildakoen makina bat senide elkartu ziren. Eta haiekin batera, Uxue Barkos presidenteak, Ana Ollo Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetarako kontseilariak eta Joseba Asiron alkateak parte hartu zuten 46 biktimaren identifikatu gabeko gorpuzkiak lurperatzeko antolaturiko ekitaldian. Eta “biktimen egia, justizia eta errepaziorako eskubidearen” beharra azpimarratu zuten.