Lakuntzetxeko lanek aurrera segitzen dute

Guaixe 2021ko mai. 19a, 13:31
Aralarko santutegi ondoko Lakuntzetxeko lanak eta garabia Uharte Arakildik.

Eguraldiak hobera egin eta kanpoko lanak despeditzeko zain dauden bitartean langileak barruan ari dira lanean.

Aralarko santutegira begiratzen duenak, haren aldamenean oraindik garabia zutik dagoela ikusiko du, Lakuntzetxe edo Deierri etxeko konponketa lanek segitzen duten seinale. Santutegiko kaperau Mikel Garziandia Goñik azaldu duenez, "barruko lanak, harriak harearekin hartu eta, lanak ongi doaz. Kontentu gaude. Orain metaleko langileak igogailua muntatzen hasiko dira. Eta tenperaturak uzten duenean, goian, teilatuan teilak beharrean harlauzak jarriko dituzte. Eguraldiak berora egiten duenean, kanpokoa osatuko dute". 

Lanek 450.000 euroko aurrekontua dute, eta beste 100.000 euro eraikina janzteko. Santutegiak 60.000 euro jarriko ditu, artzapezpikuak 100.000 euro, 50.000 euroko mailegu bat eskatuko dute eta gainontzeko 340.000 euroak mezenasengandik jaso nahi dituzte.

Laguntzeko aukera 
Aipatutako lanak interes sozialeko izendatu ditu Nafarroako Gobernuak eta Mecna zigilua eman dio. Beraz, dirua ematen duten nafarrek eta enpresek zerga desgrabazioa izanen dute. Esaterako, 150 euro ematen dituenari ogasunak errenta aitorpenean %80 (120 euro) desgrabatuko dio. Kopuru horretatik gorako dohaintzen kasuan desgrabazioa % 40koa da. Desgrabazioa lortzeko diru ematea izen-abizenekin eta nortasun agiriaren zenbakia emanez egin behar da.

Enpresen kasuan sozietate-zergako zerga-oinarrian kenkaria izanen dute. Gainera, 300 euro ematen badituzte kuota-likidoan %30eko kenkaria izanen dute, %20koa gehiago bada. Bai pertsonek bai enpesek ES11 3008 0045 9840 71845517 kontu korrontean sartu behar dute dirua eta gai gisa "Aralarko santutegia Mezenasgoa" jarri behar dute.

Bultzada
Garziandiak azaldu duenez, "joan den urtean, pandemiarengatik, ez genuen mezenasgoa ezagutzera eman. Jendea egoera txarrean zegoen martxoan, apirilean eta maiatzean. Dena den, saiatu ginen sareen bitartez udazkenean pixka bat mugitzen eta, egia esan, 250 pertsonak lagundu dute eta mezenasgoaren bidez 50.000 eurotik gora jaso ditugu". 

Aralarko kaperauak gaineratu duenez, "aurreko urtean 250 pertsona animatu baditugu sareen bitartez, gure erronka aurten da 2.000 pertsonak mezenasgoarekin laguntza ematea. Erraza baita. Bultzada hori lortzeko orain herriz herri ari gara. Aralarko aingeruarekin joaten garela, hainbat ibarretan horren berri ematen ari gara eta jendearen harrera oso ona izaten ari da". Dagoeneko 126.000 euro jaso dituzte. "Gure asmoa da jakinaraztea nola doan jendeak emandako laguntza, gardentasuna egoteko. Eta, horrela, jendeak badaki berak eman duena zertan gelditzen den". Horren berri ematen du www.sosaralar.org webguneak. Informazioa ere www.sanmigueldearalar.org/eu web orri berrituan opa daiteke.