Sei etapatan lau Uharte lotzeko ibilbidea

Guaixe 2022ko eka. 29a, 09:03

Lau Uharte herrietako alkateak. UDALBILTZA

Uharte Garazi, Uhartehiri, Uharte Iruña eta Uharte Arakil 2002tik daude senidetuta. Lau herriak lotzen dituen mendi ibilbidea egin eta gida argitaratu dute herritarren arteko harremanak sustatzeko. Oinez edo bizikletaz egin daiteke ibilbidea

Nafarroa Behereko eta Garaiko bina Uharte lotzen dituen mendi ibilbidea sortu eta haren berri emateko gida ondu dute lau herriek Udalbiltzaren laguntzaz. Uhartehiri, Uharte Garazi, Uharte eta Uharte Arakil lotzen dituen ibilbide horren bultzatzailea Juan Mari Feliu mendizalea da. Iruñerriko Uharteko Senidetze, Turismo eta Ingurumen zinegotzi zen 2018an eta Udalbiltzari proposatu zion Hurbiltzen egitasmoaren bidez lau Uharteak lotuko lukeen ibilbidea sortzea. Senidetzeak 20 urte bete ditu eta orain arte udalen arteko erakunde harremanak sustatu dira gehienbat, baina, esaterako, ez da gizarte edo kultur arloko harremanik izan. Ibilbidearekin senidetzeari "bultzada berria eman eta herrien arteko harremanak betikotzea" nahi dute udalek. 

Feliuren laguntzaz Udalbiltzak eta udalek euskal kultura, kirola eta turismoa uztartzen dituen ibilbide sortu dute. Eta hari buruzko argibideak ematen dituen gida ere argitaratu dute. Gidak mapa eta hogeita hamar interesgune biltzen ditu, tartean ermitak monasterioak, gazteluak, trikuharriak eta beste, haietan geldialdiak egitea proposatuz. Ibilbidean barna dagoen historia eta arkitektura ondarearen berri hiru hizkuntzatan (euskara, frantsesa eta gaztelania) ematen du. Gidak lau udalerrietako kultur etxeetan, udaletxeetan eta turismo bulegoetan egonen dira eskuragarri, paperezko euskarrian; baita Udalbiltzako webgunean ere, PDF formatuan.

Ibilbidea
Lau Uharteen ibilbideak GR-65 eta E3 europarraren seinaleztapena jarraitzen du, eta sei txanpa edo etapatan: Uhartehiritik Uharte Garazira (29 km), Uharte Garazitik Orreagara (24 km), Orreagatik Iruñerriko Uhartera (37 km), Iruñerriko Uhartetik Aratzurira (27 km), Aratzuritik Irurtzunera (23 km) eta Irurtzundik Uharte Arakilera (15 km). Azken etapara hori, nahi izanez gero, luzatu egin daiteke eta Artxuetako gailurreraino igo (28 km).

Uhartehiriko Zoiartze ermitan, ibilaldiko lehen txanpan, alkateak elkartu dira gaur ibilbidea eta gida jendarteari aurkezteko. Bertan izan dira Claire Dutaret Bordagarai (Uharte Garaziko auzapeza), Joseph Ithurbide (Uhartehiriko auzapeza), Alfredo Arruiz (Uharteko alkatea) eta Txomin Huarte Baleztena (Uharte Arakilgo alkatea); baita mendi ibilaldia ezagutarazteko gida idatzi duen Feliú mendizalea ere. Aurkezpenean izan dira, halaber, Udalbiltzako Lehendakari Jabi Asurmendi eta Daniel Oltzomendi, turismoaz arduratzen den Euskal hirigune elkargoko lehendakariordea.