Astekaria

Aizkorben eta Mikorena etxean segida du bertako barietateen proiektuak

Alfredo Alvaro Igoa 2026ko maiatzaren 18a

Mikorena etxeko lursailean fruta arbolak. UdalaAizkorben landatutako mahasti edo ardantzeta. udalaFruta arbola loretan. UDALAArdantzean mahatsa sortzen. UDALA

Arakilgo Udalak Aizkorben mahatsa eta Satrustegin fruta arbolak landatu ditu.

Bertako nekazaritzako barietateak berreskuratzeko proiektua du Arakilgo Udalak. Egitasmoa 2020. urtean abiarazi zuen. Haren bidez, antzina Arakilen erabiltzen ziren haziak, fruta arbolak eta zurezkoak aurkitzea eta berreskuratu nahi izan dute bai udalak bai ekimenarekin bat egin duten arakildarrek ere. Denen artean hamahiru espezieetako tokiko 70 barietate aurkitu zituzten. Guztien lanaren emaitza Arakilgo bertako barietateen gida. Nekazaritza bioaniztasunari lotutako ezagutza tradizionalaren bilketa bat gidan jasota gelditu zen, udalak argitaratu zuena 2021ean. 

Ordutik baratzeko produktuen haziak landatu, landareak fruitua eman, hura jaso eta batzuk jateko izanen dira, baina besteak elkarbanatzeko. Horretarako, Arakilen sarea sortua dute. Oihana Olaberria Jaka alkateak azaldu duenez, "topaketa batzuk egiten ditugu haziak gorde, garbitu eta halakoetarako". Alkatearen susmoa da "arakildarrek jada bertako babarrun barietateak landatzen dituela: Negrita, Ttoporra eta Eper begia". 


Fruta arbolak Mikorena etxeko lursailean. UDALA

Arbolak
Berreskuratutako barietateen artean fruta arbolak ere bazeuden. Haiek jarraipena izateko landaketa egin beharra zegoen. Helburu horrekin, Arakilgo Udalak Nafarroako Gobernuko Estrategia Proiektuko arduradunekin hitzarmena sinatu du. Eta, ondorioz, gobernuarena den Satrustegiko Mikorena etxeko lursaila erabiltzeko baimena jaso du Arakilgo Udalak. Lursailak 4.000 metro karratu ditu. Gobernuak hamar urterako erabilera utzi dio Arakilgo Udalari, baina epea luza daiteke. 

Olaberriak azaldu duenez, "Mikorena etxeko lursailaren helburua da berreskuratutako bertako fruta arbolak mantentzeko mintegi bat izatea". Argitu duenez, "bakarren batek barietateren bateko txertoak egin nahi baditu, bertan izanen du materiala. Hainbat barietate txertatzeko patroiak landatu genituen duela bi urte". Alkateak argitu duenez, "Mikorenan landatutako barietateak handitu eta sendotzeko denbora behar dute. Hala daudenean hasiko gara handik txertoak hartzen". 

Satrustegiko lursailean landatutako fruta arbolen artean daude udareak, sagarrondoak, mizpirak, okanak, pikuak... Olaberriak argitu duenez, "fruta jasotzea ez da helburu nagusia, baina emango diogu irteera". Alkateak gaineratu duenez, "Mikorenan bertan ekoizpen gune kolektibo bat sortzearen ideia hor dago". Fruta arbolak zaintzeaz udala arduratzen da. 

Mahatsa
Berreskuratutako barietateen artean ere bi ardantze edo mahats mota zeuden. Horietako bat Beruesa da. Aizkorben, mendian dagoen herri lur batean, Arakilgo Udalak Beruesa barietateko hainbat ardantze landatu zituen duela bi urte. Horretarako, Arakilgo Udalak Nafarroako Gobernuko Ingurumen Departamentuarekin lursailaren erabileraren aldaketa hitzartu zuen. 

Landaketa egiteko, udala Nafarroako Gobernuko Evena erakundearekin elkarlanean aritu da, Felix Cibriainekin. Evena mahastizaintzan eta ardogintzan esperimentatu eta ikertzeko berariaz sortutako zentroa da. Hark Larragan duen gunean prestatu zituzten ondoren Aizkorben landatu ziren ardantze txertoak. Betiere Arakilen jasotako materialetik abiatuta. Nafarroako beste ardandegi bat ere espezie hori berreskuratzen ari da. 


Aizkorbeko herri lurretan landatutako ardantzeak edo mahatsondoak. UDALA

Aurten aurreneko Beruesa mahatsak heldu dira. "Baina lehenengo urtean kentzea komeni da", azaldu du Olaberriak. Hurrengo urteetan etorriko den mahatsarekin "zerbait eginen dugu". Alkateak gogorarazi duenez, Arakilen "lehen ardo gorria egiten zen, txakolin gorri esaten zioten. Hori egiten ere hasiko gara". Rafael Carasatorre Vidaurrek Barranca-Burunda liburuan Etxarrengo 1593ko ordenantzen berri ematen du. 30. artikuluan jasoa dagoenez, mahastiaren zaintzaileak kontzejuari mahats biltzea baino lau egun lehenago jakinarazi behar zion, mahastia ikuskatzeko. Herri guztia elkarrekin egiten zuen mahats bilketa.


Landatutako ardantzea. UDALA

Alkateak jakinarazi duenez, "joan zen urtean garnatxa beltz landaketa txiki bat egin genuen, probatzeko. Klima aldaketarekin landaketa mugak iparraldera egingo duela dirudi, eta interesgarri ikusten dugu proba horiek egitea". Olaberriak gaineratu duenez, "udalok elikadura burujabetzarako bidean asko daukagu esateko, horretaz konsziente izan beharko genuke. Sakana burujabe da esne, arrautza eta haragiari dagokienez, baina gure ekoizpena dibertsifikatzeko pausoak ematen hasi beharko genuke berandu baino lehen".

Erlazionatuak

Nekazaritzaren kultura berreskuratuz

Erkuden Ruiz Barroso 2020 eka 01 Arakil

"Berreskurapen lanarekin segituko dugu"

Alfredo Alvaro Igoa 2021 aza 25 Arakil   Etxarren