Uharte Arakilgo Udalak igerilekuen ondoko eraikinean aterpea egin du. Eraikin berriak 450 metro karratuko azalera du. Eraikinak honako espazioak ditu: harrera lekua, administrazio gunea, botikina, harrera, bezeroen onarpena, ekipaje gunea, sukalde txiki bat duen jangela (suak, mikrouhin-labea, harraska, ontzi-garbigailua eta garbigailua), estalpea (arropa esekitzeko erabil daitekeena edo aire zabaleko jarduerak egiteko) eta lau pertsonendako logela bat mugikortasun urriko pertsonendako egokitutako ohatzeekin, bi gela zortzi pertsonarendako eta logela guztiei zerbitzua emango dien bainugela komun bat, bainugela egokitu bat barne.
Lanak hiru fasetan egin dira eta obra ordaintzera udalak 675.000 euro inguru bideratu ditu. Lanak finantzatzeko Uharte Arakilgo Udalak Europako Next Generation funtseko Turismo Jasangarritasunerako Planeko dirulaguntza lortu du Cederna-Garalurren bidez eta Nafarroako Gobernuko aurrekontutik zuzenean 90.000 euro jaso zituen, EH Bilduk foru aurrekontuari aurkeztutako zuzenketa bati esker.
Kontsultategia
Udalaren asmoa zen mediku kontsultategia aurten konpontzea, baina lanak emateko deialdira enpresarik aurkeztu ez denez, heldu den urterako utziko dira lanak. Uharte Arakilgo Udalak osasun kontsultategiaren segurtasun, osasungarritasuna eta baldintza termikoak hobetu nahi ditu, baita instalakuntzak ere. Lanak egiteko udalak aurrekontu aldaketa egin zuen eta 76.947,90 euro bideratu ditu. Lanak egiteko Osasunbidearen 66.253,43 euroko gehieneko dirulaguntza jasoko du.
Obrak bi fasetan egitea aurreikusi du Uharte Arakilgo Udalak. Aurrenekoan teilatuaren iragazgaiztasuna lortzeko hainbat lan eginen dira. Eta lanen bigarren fasean aerotermia sistema jarriko da, haren bidez hotza eta beroa lortuko da. Gainera, gas eta argindar kontsumoak murrizteko, eguzki plakak jarriko dira teilatuan.
Uharte Arakilgo mediku kontsultategia 2000. urteko lastailaren 25ean mustu zuten. Ekai eta Arruazu bitarteko 1.353 sakandarrek han jasotzen dute osasun arta.