Kontzejuak bi apartamentu egokituko ditu

Guaixe 2021ko ots. 4a, 15:02

Unenuarrak eskailerak konpontzeko auzolan betean. Artxiboa.

Elkartearen eraikineko bigarren solairuan daude eta alokatu eginen ditu lanak despeditu ondoren. 

Unanuko Kontzejuak, aurreko urtearekin alderatuz, bere aurrekontua bikoiztu du, 60.420 eurotik 122.470 eurora pasaz. 85.000 euro inbertsioetara bideratuko dituzte. Jesus Mari Balda Mercero kontzeju-buruak esan digunez, “Karrika Nagusiko 26. zenbakian kontzejuak duen etxeko bigarren solairuan bi apartamentu prestatzeko lanetara bideratu dugu aurrekontuaren hazkundearen zati handiena”. Bigarren solairu horrek 135 metro karratuko azalera du eta han bi etxebizitza eginen dituzte: “alokatu eginen ditugu. Herriko gazteei. Eta familia bat etortzen bada, hobe”, esan du Baldak. Nafarroako Gobernuaren dirulaguntza izanen dute lan horiek. 

Kontzejuaren aspaldiko ideia bat, beraz, aurten gauzatuko da. Esaterako, eskailerak auzolanean berritu zituzten 2019ko lastailaren 12an. Kontzejuarena den maistruben etxea ere alokatuta du, 2017an konpondu ondoren. Bi apartamentu berriak egitean kontzejuak beste diru sarrera bat izanen du. 

Beriaingo pista 
Beriainerantz igotzen den pistan, Unanutik 380 bat metrora, langa bat dago. Baldak azaldu duenez, “harainoko pista zatia porlanez egitea da asmoa. Malda handia du eta urak kalte handiak sortu ditu. Lanak kostu handia duenez, hainbat urtetan eginen dugu”. Aurten, hasteko, pistako 70 metro porlaneztatuko dituzte. Langatik gora bizi diren artzainak badaude eta haien joan-etorriak nola egin lanak egin aurretik aztertuko dituzte, porlana ongi ontzeko eta pista behar bezala berrituta gelditzeko denbora beharko baitu. Lanak onartuta daude eta foru administrazioaren dirulaguntza dute. “Eguraldia hobetzen denean eginen dituzte”. 

Bestetik, Baldak aitortu digu Unanu “nahiko kolapsatuta” dagoela mendizaleen joanarekin. Izan ere, Beriain mendia erakarrita mendizale ugari joaten da berez Unanura, handik mendi ibilbidea hasteko.  Jendeak non-nahi aparkatzen zuenez, herrian aparkatu ezin zen tokietan arrasto horiak margotu zituzten lurrean. “Baina elurrarekin ez da ikusten eta nahikoa da batek aparkatzea, atzetik gehiagok aparkatzeko. Apika, seinale bertikalak jarri beharko ditugu”. Bitartean Unanuko Kontzejuko kideak ibilgailuendako aparkaleku bat egiteko toki egokiaren bila segitzen dute. 

Leihoak, zuntza eta argiak 
Despopulazioren kontra jasotako dirulaguntza hiru kontzejuen artean banatu zuen Ergoienako Udalak. 5.506 euro horiekin Unanuko Kontzejuak erabaki zuen mediku kontsultategiko leihoak aldatzea. “Lanak emanda daude, etortzea eta jartzea besterik ez da falta”, argitu du kontzeju-buruak. Bitartean Etxarri Aranazko osasun etxetik asteartero joaten dira osasun langileak kontsultategira. “COVID-aren aurretik astearteetan eta ostiraletan izaten zen”, zehaztu du Baldak. 

Unanuko Kontzejuak argiteria publikoan LED argiak jarri zituen 2018an. Baina ez frontoian. “Argiztapena dirua sartzen den makina batekin funtzionatzen du. Jendeak dirua sartu eta batzuetan ez da argirik pizten. Diru gehiago gastatzen dugu makina horretan argian baino. Horregatik, ez dago argirik”. 

Azkenik, Ondazgainen dagoen antena baten bidez jasotzen dute telebista seinalea eta Interneta unanuarrek eta dorrobarrek. Baldak esan duenez, “zuntza herri gehienean dago. Kontua da Movistarren monopolioa dugula eta asko pagatzen dugula”. Gai horrekin zer egin aztertuko dutela gaineratu du.

Erlazionatuak

Eskailera, auzolanean

Guaixe 2019 urr 15 Unanu

Arrasto hori gehiago

Guaixe 2020 eka 30 Unanu