Aitziber elkartearen historia dokumentalean jasoa

Guaixe 2017ko abe. 15a, 09:48

Mende erdi bete du elkarteak eta urteurren ospakizunen barruan grabatu dute dokumentala, larunbatean, 20:00eta, elizan mustuko dena

Ez dira beti 50 urte egiten eta, horregatik, Aitziber elkarteak urteurrena behar bezala ospatzea erabaki zuen. Aitziber egunean, agorrilaren 15ean, urteurren brindisa egin zuten eta 50. urteurreneko kamisetak mustu zituzten elkarteko kideek. Lastailaren 7an, berriz, bazkide egunaren txanda izan zen. Egun osoko egitarauan ekitaldi berezia sortzaileei egindako omenaldia izan zen. Baina urteurrenarekin batera, orain, dokumentala eta argazki erakusketa heldu da.

Ordu bateko iraupena duen dokumentala prestatu dute. Hasiera batean ekitaldi batzordearen ideia izan zen 50 urteetako ibilaldia laburtzea. Baina ideia sortu bezain pronto, zuzendaritza lanak egin dituen Maite Aldazek, garbi ikusi zuen Aitziber elkartearen lehenengo urteetan zentratzea interesgarria izanen zela, jakin-mina asetzeko: 1967an urdiaindarrak zerk bultzatu zituen halako ekimen bat sortzera?

Erantzuna Jaime Agirrek, Asun Aldazek, Agripina Zufiaurrek, Josetxo Aldazek, Encarna Zelaiak, Jesus Mari Zufiaurrek, Antonio Goikoetxeak, Miguel Angel Sagasetak, Coro Ostizak, Juan Jose Anduezak, Fernando Goikoetxeak, Juana Rosa Aristizabalek, Koro Albizturrek, Alicia Zufiaurrek, Patxi Galarzak, Eloy Zufiaurrek, Sebastian Floresek, Angel Mari Lakuntzak (Peque) eta Jesus Senarrek eman dute.

Talde zabala
Dokumentala auzolanean egin dute Aitziber elkartekoek. Gidoia eta zuzendaritza Maite Aldazen eta Arantza Floresen ardura izan da. Enara Insaustik grabatu eta editatu ditu irudiak, Xabier Asa eta Oscar Corrozarekin batera. Off-eko ahitrsak Maria Floresek eta Txomin Uhartek jarri dituzte. Azken horiek Imanol Goikoetxeak grabatu zituen. Goikoetxea berarena da dokumentalean agertzen den abestia. Paula Olaz iruindarraren musikaz arduratu dena. Azpitituluak, berriz, Oneka Alvarezek. Produkzio lana Puy Zufiaurrek, Maite Zufiaurrek, Amaia Zubiriak, Jaione Zubiriak eta Naiara Etxeberriak egin dute. Herriko enpresa gehienek eman dute dokumentalerako diru-laguntza.

Dokumentazio lanean ari zirela “altxor” bat opatu zuten: 1967an elkartea sortu berritan erabiltzen hasi ziren akta liburua. Eskuz idatzia dago, euskara hutsean. Horrekin batera, prentsa artikuluak eta urdiaindarrek utzitako garaiko argazki mordoa jaso dituzte dokumentalerako.

Erakusketa
Produkzio lanean aritu direnek erakusketa prestatu dute. Dokumentala egiteko erabilitako hainbat dokumentu, argazki eta jantzi erakutsiko dira. Guztiak ere, “Aitziber elkartearen sorrerako urteetako lanaren lekuko direnak”. Elkarteko ganbaran izanen da ikusgai, domekatik ilbeltzaren 6ra arte. Erakusketa dagoen bitartean elkarteko taberna publiko guztiari irekita egonen da abenduaren 17an, 24an eta 31an, 12:00etatik 14:00etara, eta abenduaren 23an, 30ean eta ilbeltzaren 6an, Errege egunean, 18:00etatik 21:00etara.