Berastegiren "Harmaila" aldizkaria saritua

Guaixe 2018ko ots. 2a, 09:58

"Patxadaz irakurtzeko aldizkaria, kirola eta kirolaria erdigunean jartzen dituena". Horregatik jaso du prentsa idatzizko Argia saria Harmaila aldizkariak. Aitor Manterolak, Eñaut Barandiaranek eta Iñaki Berastegik editoreek jaso zuten saria

Argia aldizkariak 29. Argia sariak banatu zituen Ursurbilen ostiralean. Han izan zen Iñaki Berastegi kazetari urdiaindarra eta Harmaila aldizkaria dituen bi kideak. Haiendako egun polita" izan zela aitortu digu.

Sortu berriak eta saria. Halakorik espero zenuten?
Ez. Astelehenean hots egin ziguten eta ez genuen sinesten. Hasieran broma zela uste genuen,  hasi berritan eman digutelako saria. Eta hasi berritan emanda, poz handiagoa!

Ez dakienarendako, zer da Harmaila?
Kirol aldizkari bat. Euskal Herriko kirolari buruzkoa. Euskara hutsean. Urtean bost aldizkari argitaratzen dira. Patxadaz irakurtzeko aldizkari bat da: testu, elkarrizketa eta erreportaje luzeak, sakonak ditu. Diseinu aldetik ere nahiko berritzailea da, landua. Argazkiek ere garrantzia dute.

Zeren euskaraz halakorik ez zegoen.
Ez. Erdaraz baditugu: futbolean Panenka eta txirrindularitzan Volata. Horietatik inspirazio puntu bat hartu dugu. Hori ekarri nahi izan dugu gurera, euskarara eta Euskal Herriko kiroletara eta kirolarietara.

Hasi, Interneten hasi eta paperera salto egin duzue, ezta?
Agorrilean 0 zenbakia argitaratu genuen, Interneten,. Proba modura gure lanaren pieza txiki bat atera genuen. Jendearen erantzunaren arabera erabakitzea zen asmoa. Badirudi jendeari gustatu zitzaiola. Askok diote paperezko hedabideen aroa despeditzen ari dela. Guri paperean argitaratzea interesgarria iruditu zitzaigun. Halako aldizkari batek, argazki horiekin eta, indar gehiago hartzen du paperean. Durangoko Azokarako gure aurreneko zenbakia aurkeztu genuen, Hori, dagoeneko, paperean.

Durangoko Azokan auto-ekoizleen standean egon zineten. Zer moduz?
Oso ondo. Egia esan, lehen aldiz egon naiz beste aldean, saltzaileen postuan, eta oso esperientzia polita izan da. Beste hainbat ekoizleekin elkartu ginen standean eta oso momentu onak pasa genituen. Jende asko hurbildu zitzaigun galdetzera, aldizkaria hartzera, harpidetzak egitera. Balantze oso positiboa bi aldeetatik: Harmaila aldizkaria ezagutarazteko eta, esperientzia pertsonal gisa, Euskal Herriko  euskararen kulturaren azoka handienean egotea aparta delako.

Argia saria aurrera egiteko bultzada izanen da, ezta?
Bai, oso handia. Gainera, urtea hasi berritan. Bultzada handia ematen digu. Jada egun hauetan nabaritzen ari gara askoz ere jende gehiago hurbiltzen ari zaigula. Urtea hasi berritan, bigarren zenbakia prestatzen ari garela, oso bultzada handia  da. Eskertu nahi diegu, nola ez, Argiako lantalde guztiari eta sari honetarako gurengan pentsatu duten guztiei.

Beraz, bigarren zenbakia prestatzen?
Erdia edo idatzita. Baina ondoren, zalantzak, zuzenketak, argazkiak, diseinua, hau bai, hori ez. Gai nagusia Euskal Herriko Itzulia izanen da. Apirilaren 2an hasiko da. Martxoaren erdialderako kalean izanen dugu gure  bigarren zenbakia.

Urterako zein asmo?
Aurreneko zenbakiaren tirada 300 alekoa izan zen. 100 bat harpidedun ditugu. Gure itxaropena da urte akaberarako 300 harpidedunen bueltan izatea. Badakigu oso lan nekeza dela papererako harpidedunak lortzea, Interneta leku asko hartzen ari delako. Itxaropen handia dugu. Aurten lau zenbaki izanen dira, baina, normalean, urteko bost.

Harpidetzeko zer egin behar da?
www.harmaila.eus web gunean sartu. Paperekoa 40 eurotan bost zenbaki. PDFak, berriz, 15 eurotan.   Ale solteak 10 eurotan daude. Kioskoena lantzen ari gara.