Eskolara buelta irailean 4an egin zuten 30 ikasleek. Eta ikasturte berriarekin batera eskolan egindako aldaketa ezagutu dute: jangela (11,43 metro karratu) eta jatekoak prestatzeko gela (7,21 metro karratu). Bi espazioak ate lerragarri batek banatzen ditu. Jangelan bi mahai eta hamabost aulki daude. Jantoki berria egokitzeko lanak udan egin dira, eta horietara Urdiaingo Udalak 28.915,26 euro bideratu ditu. Obra Construcciones Goikoetxeak egin du. Gainera, ikasgela batera sartzeko ate berria egin du. Bestetik, udalak ostalaritza ekipoak Comercial Lizarberi erosi dizkio.
Jantokia erabat hornitzeko platerak, edalontziak, koilareak, sardexkak, lapikoak eta azpilak ere behar ziren. Horiek erosteko guraso elkarteak hanburgesa festa antolatu zuen irailaren 4an. Saldutako hanburgesen diruarekin egin zuten erosketa.
Herri eskolako jangela berria 17 ikaslek mustu zuten. Gainerako ikasleek ere bertan bazkaltzeko aukera izanen dute. Horretarako, gurasoek 72 ordu lehenago jakinarazi beharko diote guraso elkarteari. Izan ere, guraso elkartea da jangelaren kudeaketaren ardura duena. Zerbitzua eskaintzeko Ausolan enpresa kontratatu du eta haren bidez urdindar bat jangelan begirale lanean ari da.
Prozesua
Urdiaingo herri eskolako jantokia 2025eko iraila eta azaroa bitartean egindako Zaindu dezagun Urdiain: haurren herria denon eskola hausnarketa prozesuan du jatorria. Eskolako zerbitzuak eta azpiegiturak hobetzea xede zuen herri ariketa horretan, eskola jantokia sortzea kokatu zen lehentasunen artean.
Ordutik, Urdiaingo Udalak, Herri Eskolak eta eskolako guraso elkarteak elkarlanean aritu dira egitasmoa zena errealitate bihurtzeko. Guraso elkarteko ordezkariek esan dutenez, "jantoki berria abian jartzeak erantzuna ematen dio herritarrek adierazitako premia bati". Gaineratu dutenez, "eskolako azpiegiturak hobetzeko urrats garrantzitsua dakar". Zehaztu dutenez, Urdiaingo Udalak diruz lagunduko du familiek ordaindu beharreko hileko kuota.
Jantokia ez da ikasturteko berrikuntza bakarra, izan ere, eskolaren luzera guztian, Elizpea kalean, zebrabide goratua jarri zuen udalak garagarrilaren akaberan. Asfaltozkoa da eta gainean galtzadarrien moduko zoladura du, Barrenkalde kalean dagoen bezala. Ibilgailuen abiadura murrizteaz aparte, zabalera handiak sarbidea ziurragoa egiten du. Udalak zebrabidea egiteko 10.500 euro bideratu zituen. Eskaera hori Urdiaingo Eskola Kontseilura eraman zuten gurasoek.
Gehiago
Egindako komunitate hausnarketan beste lehentasun batzuk ere agertu ziren. Esaterako, erabilera anitzeko gela baten premia. Izan ere, gaur egun udalaren gela batean egiten dute ikasleek. Patioa eraberritzeko beharra ere ikusi zuten. Horietaz Hezkuntza Departamentuarekin hitz eginen du guraso elkarteak. Ikastetxeak 483 metro karratu ditu eta beste 26 metro karratuko portxea. Aldamenean 397 metro karratuko kirol pista du.
Ikasturtea galtzak bete lan ditu guraso elkarteak. Izan ere, Urdiaingo herri eskola 1952koa da eta, beraz, heldu den urtean 75 urte beteko ditu. Horregatik, egitaraua prestatzen ari dira guraso elkarteko kideak. Gainera, urdindarrek Sakanako herri eskolen festa antolatuko dute.
