Enrike Zelaiaren azken kontzertua

Guaixe 2014ko irailaren 15a

Igandean jendaurreko kontzertua eman zuen Enrike Zelaiak. Altsasuko festetan izan zen, herri bazkariaren ondoren. Dantzan eta kantatzen jarri zituen Burunda frontoian bildutako asko eta asko. Zelaiak emanaldiaren lehen zatian kontzerturako piezak jo zituen. Bigarrenean, berriz, Zazpiak bat antologiaren herrialde bakoitzeko errepaso bat egin zuen. Pieza horiekin hain zuzen jarri zituen bazkaltiarrak dantzan.
 
Zelaiak emanaldirako hainbat musikariren laguntza izan zuen eta haiendako partituren moldaketak egin zituen. Oholtza gainean izan ziren Jesus Irisarri (bonbardinoa), Josetxo Lumbreras (perkusioa), Lohitzune Berastegi (panderoa),  Luisa Larrañaga (irrintziak) eta Olatz Garde (txirula). 75 urte dituen Zelaiak esan zuen bere azken kontzertua izan zela igandekoa. Ahalegin handia kostatzen zaio halako emanaldiak prestatzea eta kontzertuak emateari utziko diola ziurtatu zuen. Aurrerantzean ongi pasatzeko eta gehiegi eskatzen ez duten errepertorioekin ariko dela ziurtatu du.