Txirinbuloko suteko kalte-ordaina haur eskola berrirako

Guaixe 2015ko abe. 18a, 16:37

Udalak erabaki hori astelehenean hartu zuen. Lanak egin ahal izateko Nafarroako Gobernuaren diru-laguntza ezinbestekoa litzateke.

Irailaren 3an sute batek Txirinbulo haur eskola txikitu zuen. Aseguru etxeak Altsasuko Udalari 342.793,51 euro eman dizkio. Udalak diru horretatik 28.714,64 euro suteak Zelandi eskola publikoan sortutako kalteen konponketara bideratu ditu eta beste 20.808,86 euro Intxostiapunta gazte gunean haur eskola egokitzeko lanetara. Altsasuko Udalak gelditzen diren 258.270,01 euroak haur eskola berriaren eraikuntzara bideratzea erabaki zuen astelehenean. Lan horiek aurrera egin ahal izateko Nafarroako Gobernuaren milioi bat euro inguruko diru-laguntza beharko litzateke.  

43 haur
Horiek dira Txirinbulon daudenak. Haien gurasoek Altsasuk haur eskola publikoa izan dezan sinadura bilketa hasi dute change.org web plataformaren eta taberna eta dendetan banatutako paperen bidez. 1.800 bat sinadura jasoak dituzte dagoeneko. Sinadurekin Nafarroako Gobernuari heldu den urteko aurrekontuetan haur eskola eraikitzeko diru-saila jar dezala eskatzen dute. Gogorarazi dutenez, haur eskolak 35 urte darama batetik bestera eta haien ustez “baldintza egokiak dituen kokapen finko bat izateko garaia bada; jangela zerbitzua eta ordutegi zabala eskain ditzan”. Zerbitzuak haurren garapen integralerako eta lanaren eta familia-bizitzaren kontziliaziorako ezinbestekoa dela ere azpimarratu dute.