Langileak: “Triman Minerals langileoi eta Nafarroari iruzurra egiten ari zaio”

Guaixe 2019ko urt. 19a, 10:37

Trimaneko langileak justizia jauregiarne parean kontzentratuta. Argazkiak: utzitakoak.

Trimaneko langileek “instituzioengandik, justiziarengandik eta administrazioarengandik bizi” duten “ahaztura eta babesgabetasuna” salatu zituzten Nafarroako Justizia Jauregiaren parean egindako kontzentrazio baten bidez asteartean.

Triman Mineralseko langileak euren egoeraren arduradun Jose Luis San Segundo Perez egin zuten, Triman Minerals SAU, Saher 2000 SL eta Moncayo Real State SLU enpresen arduraduna. Epaitegiaren atean adierazi zutenez, “enpresa multzo ilun horren helburu bakarra garai onetan gure kontu aberastea da eta garai txarretan bere zorren ordainketa ekiditea”. Irabaziak Moncayo Real State SLUk jasotzen omen zituen eta “gauzak gaizki joan direnean Trimaneko langileak gara zordunak”.

Enpresak langileei, bataz beste, jada 12 nomina baino gehiago zor dizkietela salatu zuten. 2017ko abenduko estra kobratu gabe hasi ziren. Langileei etxean egoteko lizentzia eman zien enpresak apirilean. Aurretik hiruzpalau hilabete egona ziren enpresara joaten baina lanik egin gabe. Ez kobratzeak langileengan eragina izan du: “batzuk alokairua pagatzerik ez, hemendik joan eta batzuk gurasoen etxera bueltatu dira, besteak beste herrialde batera bizitzera”.

Trimanen gaur egun 45 langile daude. Duela 8 urte 2.050 langileko enpresa bat zen eta pixkanaka murriztuz joan da kopurua. Bizi duten egoera hasi zenean 70 bat langile zeuden. “20 inguruk ezin izan diote egoerari eutsi. Lan egiteko premia izan dute eta utzi behar izan dute. Haiek kontua eskatzean paperik, kalte ordainik eta abarrik gabe gelditu dira”.  Altsasun 18 langile dira (Asturiasen bi eta Iruñean beste lan zentro bat du enpresak).

Atzera begira
Epaitegi parean langileek azaldu zutenez, jabeak hainbat azpiegituren jabetza eskuz aldatu zuen 2016ko udaberrian. Esaterako, Altsasuko Triman Minerals lantegia Saher 2000 SL enpresari saldu zion. Beraz, ez lantegia ezta makinaria ere ez dira Trimanenak. “Eta beste hainbat operazio ilun egin zituen. Horien legezkotasuna zalantzan jarri dituzte kontu-hartzaileek”. Langileek ez dakite zein helbururekin egin zituen operazio horiek, bai ordea haiendako “ondorio larriak” dituela. Langileek argi dute enpresariak saiatu direla “denbora pasarazten eta bi urteko epea lortzeko eta hainbat epe pasatzen uzteko. Horrela, hartzekodunen konkurtsoko administratzaileak ezin du atzera bota bi urteko muga baino zaharragoak diren operazioak, esaterako, 2016koak”. Bi urte pasata, “orduan etorri ziren Enplegu Erregulazio Espedientearekin (EEE)”. Trimaneko langileen iritziz enpresak “iruzurra” egin du. Gaineratu zutenez, enpresako arduradunak oraindik ez ditu 2017ko kontuak erregistratu.

Langileek gogorarazi zutenez, Sodenak Triman Mineralsi 1,6 milioi euro eman zizkion Aljerian zuen kontratu bat gauza zezan. Langileek gaztigatu zutenez, “gaur egun diru publiko hori galdu da, enpresa itxi da, eta SODENA zordunen ilaran kokatu da”.

Triman Minerals SAU enpresa hartzekodunen konkurtsoan dago garagarrilaren 5etik. Orduan abiarazi nahi izan zuten EEE. “Gauzak ongi egin behar zirela” eta langileek ez zuten sinatu. “Irailean beste saiakera bat egin zuten baina kontuak auditatu gabe zituzten. Dokumentazioa falta zen eta formak ez zituzten bete. Ezin genuen negoziazioa aurrera eraman”. Hirugarren saiakeran hasi ziren EEE negoziatzen. Baina langileek Merkataritza-arloko Iruñeko 1. epaitegira jo zuten lastailaren 10ean. Epaileari hiru enpresen talde izaera onartzeko eskatu zioten, taldeak Triman Mineralsen zorra onar zezan. “Gure ustez Triman Mineralsek ezin du taldeak sortutako zor guztia ordaindu. Zorra Moncayo Real Staterena da”. Hori horrela eginda enpresarendako egon zitezkeen alternatibak aztertzeko aukera egon zitekeela nabarmendu zuten.



Epaia
Langileek astartean bertan jakin zuten epaitegiak ez ziela arrazoirik eman. Salatu zutenez, “epaileak langileen beharren gainetik enpresa eta kapitalaren interesak jarri ditu”. Hala ere, atzo emandako ebazpena aztertu eta ekimen berriak egitea ez dute baztertzen. Bitartean euren eskaeragatik lastailaren 30etik etenda zegoen Enplegu Erregulazio Espedientearen kontsulten epea martxan jarriko da berriro. Horrek langileen kaleratzea esan nahi du. Negoziazio horretan kaleratzerakoan langileek jasoko duten kalte ordaina, horiek pagatzeko bermeak eta abar negoziatuko dituzte. Langileak “ezkorrak gara, azken eskaintzan legez ezarritako gutxienekoa eskaini baitzuten”. Garagarrilean egindako manifestazioan alternatibak bazeudela azaldu zuten. Ordutik “denak galdu egin dira”. Langileak orain kontratua dute, ez dute kobratzen, ezin dute langabezia kobratu, ezin dute inon lan egin (horren alde eginez gero etorkizunean arazoak izan ditzakete), inork ez ditu kaleratzen eta ez dute soldatarik jasotzen. Langabezian gelditu nahi dute beste tokiren batean lan egin ahal izateko.

Trimaneko langileek salatu zutenez, Sodenak eta Nafarroako Gobernuak “lan egiteko eta gure zorrak kobratzeko dugun eskubidea” ez zituzten babestu. “Iruzur horren aurrean, guztiona den dirua berreskuratzeko zer egin beharko duten azaldu beharko dute”. Hartzekodunen konkurtsoan aritu den Moor Stephens administratzailearen jarrera ere kritikatu zuten: “ez dute bere lana behar den bezala egin, Trimanek dituen existentzien gaineko kontrol eza nagusitu da, enpresa jabearekin lerrokatu dira eta ez digute lana erraztu”. Gaineratu dutenez, “Inasan gertatu bezala gaurkoan ere langileak bakarrik geratu gara interes orokorraren defentsan. Instituzioek, epaitegiek eta Moor Stephens administrazio konkurtsalak bat egin dute iruzur horretan langile eta zordunen kalterako”.