Bizitegi-erabilera aurreikusten da Beikolarko Hiri Jarduketarako Plan Berezian. Epai bat betez Altsasuko Udalak egin du plan hori eta bere jendaurreko epea bihar bukatzen da. Beikolar Bizirik plataformak herri-helegiteak prestatu ditu, nahi duen guztiak sinatu ditzan. Helegite horietan hirigintza plan bereziaren kontrako lau argudio ematen dira. Alde batetik, salatzen da udalak aurkeztutako bi aukerak direla etxeak mantentzea eta bestelako eraikinak botatzea edo dauden eraikin guztiak botatzea. Plataformak salatu duenez, gaur egungo eraikin guztiak mantentzen dituen aukera ez da aurkeztu. Hirigintza planaren onartu aurretik Beikolarkoek alegazioak aurkeztu zituzten eta haiek kontuan izatea eskatu dute, udalak oraindik erantzun ez dituelako.
Bestalde, plataformako kideek udalak prestatutako ekonomia ikerketak zalantzazko datuak dituela gaztigatu dute, “etxebizitzen eta hirigintza lanen prezioak gaur egungoen parean egotea zalantzan jartzen baita”. Horretaz aparte, Beikolar Bizirik plataformakoek zalantzan jartzen dute ekonomia ikerketan gaur egungo ur, argindar eta telekomunikazio azpiegituren sendotzea kontuan hartu ote den. Azkenik, auzokideek eskatu dute hirigintza gastuak kontuan izanik, Plan Bereziaren kostuak banakatzea eta bizilagun bakoitzari bere kasu konkretuko gastu partikularrak ematea. Eta Altsasuko Udalari dagokion gastua publiko egitea ere.