Pilota

"Nik konfiantza banuen; finalera oso ondo iritsi nintzen"

Maider Betelu Ganboa 2019ko aza. 22a, 10:45

Katedraren ustea irauliz –dirua doble atera zen Altunaren alde–, Joseba Ezkurdiak Lau T’erdiko txapela jantzi zuen, jota zegoen Jokin Altunari 22 eta 16 irabazi eta gero. Ezkurdiaren kaiolako bigarren txapela behar bezala ospatu zuten Arbizun eta orain Binakakoan murgilduko da arbizuarra, Martija biko duela

Igandean katedrak Altuna jotzen zuen Lau T’erdiko finaleko faboritoa, alde nabarmenarekin. Apustuak Altunaren alde doblean atera ziren, 100-50era, eta pilotazale ia gehienek Altuna ikusten zuten txapelarekin, nahiz eta Ezkurdiak aurreko urteko txapela defendatu. Gipuzkoarra txapelketa bikaina egitetik iritsi zen finalera eta arbizuarrari, aldiz, tarteka ederki sufritzea tokatu zitzaion finaleko txartela lortzeko. Baina arbizuarrak katedraren ustea irauli egin zuen eta finala irabaztea eta lau t’erdiko bigarren txapela janztea lortu zuen, partida oso gogorrean fisikoki eta mentalki bikain jokatu eta Nafarroa Arenan zeuden pilota zaleen gehiengo baten babesak eman zion laguntzarekin. Aldiz, faboritoa izatearen zamak Altuna kaltetu zuen. Oso pozik zegoen Ezkurdia, are kontentuago ondoren herritar, lagunek eta senitartekoek Arbizun egindako harrerarekin. Aurresku eta lore eskaintzaren ondoren, besarkadetarako tartea eta afaldu eta txapela ospatzeko tartea heldu zitzaion arbizuarrari. Eta astelehenean, bezperan txapela ederki ospatu eta gero, berarekin hitz egiteko aukera izan genuen. 


Zer moduz joan dira ospakizunak?
Oso ongi, gustura. Afaria oso ongi, lagun eta familia artean, eta ondoren ere oso ongi pasa genuen. Gaua asko luzatu zen (kar, kar...), oso gustura. Finalak ez dira jokatzen egunero eta hori ospatu beharra zegoen. 

Altuna zen faborito nagusia eta alde horretatik garaipen honek iazkoak baino zapore hobeagoa izan du zuretzat?
Ez bereziki... Egia esan, aurtengoa asko disfrutatu dut banekielako partida oso zaila nuela, Jokin iazkotik aldatuta zetorrela, oso ongi ailegatzen zela; baina aurreko urtekoa ere asko disfrutatu nuen. Izan ere, azkenean finala finala da; egoera guztiak diferenteak dira baina bi final irabaztea niretzat oso handia izan da. 

Iaz Jokin finalera ez zela bere onenean iritsi esaten zen, baina aurten bere onenean zegoen eta irabazi diozu. 
Iaz asko esan zen, lesiotik zetorrela eta ez zegoela ongi, baina finalerako nik badakit ongi ailegatu zela. Aurten berak oso txapelketa ona egin du, finalerdietan erakustaldia eginez. Finalera beldurgarri sartu zen, momentu oso onean. Baina nik finalean jokatzen asmatu nuen; uste dut ongi jokatu nuela taktikoki, eta oso pozik nago. 

Ez finalean bakarrik, aurreko bi astetan ere disfrutatu duzu.
Bai, lasai nengoen eta momentu bakoitza aprobetxatu nahi nuen, egun guztiak disfrutatzea, bai entrenatzeko garaiak, elkarrizketatzeko tarteak… momentuan momentukoak bizitzea nahi nuen eta disfrutatu dut. Lasai nengoen, finalera ongi ailegatu nintzela banekien, gauza ongi atera da eta horrela hobe. Baina egia esan, galdu edo irabazi, argi nuen momentu horiek bizi behar direla, disfrutatu behar direla. 

Zuk aurreikusi bezala joan zen finala? Gidoia bete zen?
Beno... bai, azkenean zaila da asmatzea; banekien fisikoki gogorra izango zela, hasieran tentsio handikoa eta erritmo handikoa izango zela. 12-ra arte hala izan zen; tanto oso gogorrak, pilotakada azkarrak, pilotakada asko, partida gogorra, hasieran exigentea. Partida gogorra izango zela dudarik ez genuen eta gidoiaren barruan bazegoen. 

Uste duzu bera ez zegoela bere maila ematen ari?
Nik Jokin ongi ikusten nuen. Hasiera gogorra izan zen eta Jokin ongi zegoen. 7 eta 10 aurretik joan zen, ongi zebilen, asko ari zen defendatzen; 11-ra arte partida gogorra egin genuen. Erditik aurrera pixka jaitsi zen, buruz gehienbat, baina Jokinek oso gutxi behar du sake-errematearekin kristoren arriskua egiteko. Tantoa egiteko ez du ezer behar eta banekien partida itxi behar nuela, zeren aukera txikia ematen badiozu aprobetxatu egiten du. Hori argi ikusi zen, 16 eta 12 aurretik nengoela, bi sake eta beste sake-erremate batekin 15ean jarri zitzaidanean. Argi nuen azkar itxi behar nuela partida.

Joseba Ezkurdiak sinisten zuen txapela berea izango zela?
Nik konfiantza banuen. Txapela irabaztea zaila da, baina banekien nire jokoa egiten banuen aukerak izango nituela. Ez nuen partida luzatzeko beldurrik, fisikoki eta buruz ongi iritsi nintzelako, duda gutxirekin, nire buruarekin konfiantza handiarekin. Gauzak ongi eginez gero aurrera gai egiteko izango nintzela konfiantza nuen. 

Ez zen partida erosoa izan, eta ongi eutsi zenuen.
Momentu klabeak izan ziren hasieran. Tentsio asko zegoen, 7 eta 10 bera aurretik jarri zenean momentu klabea izan zen niretako: sakea lortu nuen eta partida berdindu nuen. Baina gero, aurrerago, 16 eta 15 hurbildu zitzaidan... Auspo handia eman zidan 18tik aurrerakoak; atsedenetik bueltan nire aldeko 3 tantoak azkarrak izan ziren eta horrek auspo handia eman zidan. 

Iazkoa kasualitatea izan ez zela erakutsi nahi zenuen aurten. Eta lortu duzu.
Finalera sartzea nahi nuen, iazko finalera sailkatzea elementu puntual bat izan ez zela erakusteko. Gainera, finalean sartu naizen moduan sartuta, bi partida oso gogor eginda… batean atzetik joan eta buelta emanda eta finalerdietan ni tanto bakar batera jarri, eta Jaka nola gerturatu zitzaidan ikusita azkenean partida irabaztea... txapelketa honek asko indartu nau, azkenaldi honetan nire jokoarekin eta buruarekin konfiantza handia ari naiz garatzen eta hori da garrantzitsuena. 

Hiru final jokatuak eta hiru irabaziak Joseba, bi lau t’erdiko txapel eta binakako bat.
Garrantzitsuena finalak jokatzea da, baina zaila da irabaztea. Oraingoz dena ari da ongi ateratzen, ea horrela jarraitzen duen. 

Jokin bereziki izorratuta ikusi genuen, jota.
Final amaieran lur jota ikusi nuen, bai. Finalerdiak nola jokatu zituen ikusita, erakustaldiak eginda, berak esperantza zuen irabazteko. Gaztea da, 23 urte ditu, 5 final jokatu ditu, lau eta erdiko lau segidan eta sekulako pilotaria da, pilotari askorendako eredua. Langile amorratua, asko entrenatzen du eta etorriko zaizkio txapelak Jokini, asko etorriko zaizkio...
Jokini jende askok irabazita ematen zion finala. Bera zen faborito argia, eta nik uste dut berari pisua eman diola horrek, kalte egin diola. Berak bere burua oso ongi ikusten zuen eta uste dut presio horrek mina egin diola, azkenean zaila da hori eramatea, tentsio eta presio hori. Katedrak uste duena nik ezin dut kontrolatu; horri buelta eman behar diot eta listo. 

Frontoiaz ez zuela hitz egingo esan zuen Altunak. Ezker pareta horrek “estrañoak” egiten dituela esan duzue, baina horren txarra da? 
Nafarroa Arenak ezkerreko pareta exigentea du, latza. Ni ere errestora beldurrez joaten nintzen, itxoiten ea ze akats egin behar zuen... Baina hori normala da. Bilbokoa ere frontoi zaila zen hasieran, baina jokatuz ikasi dugu, bai pilotariek eta bai frontoiak. Pena da frontoi honetan urtean barna gero jokatzen ez dela, eta horrela zaila da egitea. Baina bestela frontoia oso ona da; lurra oso ona da, frontisa ere ona, eta ezker paretak detaile horiek ditu. 

Non duzu txapela, amarenean?
Bai, oraingoz bai, besteen ondoan. 

Binakakoari ekingo diozue ostiralean.
Bai, ostiralean jokatuko dut Jokinen kontra (Altunak Ladis Galarzarekin osatuko du bikoa eta Ezkurdiak Martijarekin). Beste txapelketa polit bati ekingo diogu. Luzea da eta ea ongi ateratzen den, maila ona ematen dugun eta borrokan gauden goian egoteko.