Askapenako kideen kontrako epaiketa lastailaren 19an hasiko da

Guaixe 2015ko eka. 29a, 13:21

Bi aste iraunen du eta azaroaren 2rako bukatzea aurreikusi dute. Bost epaituen artean Aritz Ganboa De Migel arbazuarra dago.

Espainiako Auzitegi Nazionaleko 1. aretoak lastailaren 19a eta azaroaren 2aren artean Askapenako bost kide epaituko ditu, Aritz Ganboa De Migel arbazuarra barne. ETAri laguntza emateagatik 6 urteko espetxe zigor eskaerari egin beharko diote aurre. Atxilotu zituztenean ETAko kide izatea leporatzen zieten. Horretaz aparte, Askapenaren, Bilboko Askapeña konpartsa eta bidezko merkataritzan ari den Elkar-truke enpresaren ilegalizazioa eskatuko da epaiketan.

Auzibidearen atzean erabaki politikoa ikusi dute Askapenako bost kideek. “Estatuak bere erabakiak bere bitartekoen bidez gauzatzen ditu eta horietako bat auzitegi berezi bat da, Euskal Herriaren kontra eraikia dagoena”. Horregatik, ez dute espero “justizian oinarritutako kolpe bat, baizik eta oinarri politikoak dituen kolpe bat”. Espero duten bakarra absoluzioa da, “ez dugulako beste aukerarik onartzen. Gure militantzia politikoagatik epaituko gaituzte eta hain zuzen ere hori aldarrikatzera joanen gara”. Askapenako kideen egoera berean, epaiketa zain, sakandar gehiago daudela ere gogorarazi du Ganboak.

Babes sarea
Prozesutik elkartasun internazionalista indartuta ateratzea bilatuko dutela jakinarazi digu Ganboak. Bestalde, nabarmendu du Askapena erakunde internazionalistaren ildo politikoa elkartasunaren bidetik aurrera egitea dela: “herrien arteko elkartasuna behar da, baina, baita giza talde eta pertsonen artean ere”. Horretan oinarrituta bost epaituekiko eta Askapenarekiko elkartasun gisa antolatu ziren larunbatean Arruazun. Ehundik gora luze pertsona elkartu ziren herri bazkarian.

Arbazuarrak aurreratu digunez Herriak Libre dinamika martxan jarriko da Euskal Herrian eta nazioartean (Euskal Herriaren Lagunak dinamikaren bidez). “Gu internazionalistak izateagatik epaituko gaituzte. Bada, herri honek estatu espainolaren izaera inperialista salatu eta epaitu eginen du”. Ganboak sakandarrei dinamika horrekin bat egiteko eta “aktibatzeko” gonbitea luzatu die.

Atxiloketa
Ganboak gogora ekarri duenez, “gu atxilotu aurretik hedabideak urteak zeramatzaten Askapenaren jardueraren kriminalizazio mediatikoa egiten. Ohikoa den bezala, kriminalizazio horren ondoren polizia gauez iritsi zen. ETAko kide izateagatik atxilotu gintuzten”. Denbora pasa ahala Espainiako estatuaren helburua Askapena legez kanporatzea zela ikusi zutela esan digu.

2010eko irailaren 28an atxilotu zuten Ganboa. 3 egun inkomunikatuta egon ondoren Soto del Real espetxean sartu zuten. Han bi egun eman ondoren Navalcarneroko espetxera eraman zuten. Hiru hilabetez egon zen preso, beste atxilotu batzuk 6 egon ziren. Bera bezala gainontzeko auzipetuak behin behinean preso egon ziren. 60.000 euroko fidantza pagatu ondoren, epaiketa zain, baldintzapeko askatasunean daude.