Ganboaren ‘Bideak’ dokumentalak hasi du bere ibilbidea

Guaixe 2020ko abe. 18a, 11:04
Aritz Ganboaren ibilbidea Aralarko santutegitik pasa zen.

Atzo Iruñean mustu zuten, gaur Izaban eta bihar, 19:00etan, Altsasuko iortia kultur gunean. Emanaldi horietara dokumentala aurrera egiteko diru-ekarpena egin zutenak daude gonbidatuta. Ilbeltzetik aurrera eginen dituzte emanaldi publikoak.

Aritz Ganboa de Migelek, gazta bat aldean eramaten zuela, Arruazu eta Izaba mendietan barna korrika lotu zituen joan den urteko lastailaren 26an eta 27an. Bere arbasoen bi herriak lotu zituen horrela. Baita zain berak dituen artzaintza tradizioa ere, Ganboaren herri bateko eta besteko familietan artzainak baitzeuden. Arbazuarrak egindako bidea ibilbide kolektibo bihurtu da giza, kultur, ingurune, paisaia, ekonomia, historia, gastronomia… ondarea aldarrikatzeko egitasmoa da; hasieratik hala aurreikusi zuelako zeharkaldia. 

Ibilbide aldapatsu haren lekukotza iruditan jaso zuten eta finantzaketa kolektiboaren bidez arbazuarraren ibilaldia dokumental bihurtu da: “Bideak”. Xabier Unanua Goikoetxea irurtzundarrak zuzendutako lantaldea arduratu zen irudiak hartzeaz. Artzaintza ardatz hartuta, ibilbidean zehar hamaika ahots eta lekukotza jaso zituzten, guztiek helburu berarekin: landa eremuaren eta kulturaren balioa aitortzea eta landa eremu bizi bat aldarrikatzea, hiriaren eta landa eremuaren arteko zubiak eraikiz. Ganboaren hasierako ideia xume batetik sortutako proiektuaren fruitua da dokumentala.