Auzolan eredua zehazteko bi saio

Guaixe 2019ko mai. 3a, 09:58

Asier Razkin, Egoitz Urritza eta Aner Galartza udaleko kideak biharko bilerara deitzen.

Larunbatean, 11:00etan, udaletxean bakaikuar guztiei zabalik dagoen saioa eginen da. Bi begiralek haurtzaindegi zerbitzua eskainiko dute.

Bakaikuko Plan Estrategikoa (BPE) egindakoan hiru lehentasun markatu ziren: etxebizitza, eskolen eraikina eta auzolana. Besteak baino lanketa txikiagoa eta uda aurretik despeditu zitekeen gaia zelako auzolanari ekitea erabaki zuten bakaikuarrek. BPEri jarraipena egiten dion batzordea osatu dute 20 bat bakaikuarrrek. Beste bi gaiei uda pasa ondoren helduko diete.

Auzolanari buruzko eztabaida lantzeko hiru taldetan banatu ziren. Aurrenak lege arloa landu du, besteak beste, beste herrietako ordenantzak aztertu dituzte. Bigarrenak, auzolanean egin daitezkeen lanak identifikatu ditu. Atzeneko batzordea, berriz, auzolanak izan beharko lituzkeen gako nagusiak identifikatzen saiatu da (behartua edo ez, deialdi pertsonala edo zabala, isunak…). Egindako lan guztia Emun kooperatibari eman diote eta hura da hurrengo bi saioak gidatuko dituena.

Erantzunak
Auzolanari buruzko ikuspuntu ugari daudenez, gaiak luze eman dezake. Zer nahi dugu? Zer behar dugu? Zertarako? Galdera horiei erantzuteko Emunek gidatuko dituen bi saio ireki antolatu ditu Bakaikuko Udalak. Bi ordu eta erdiko saioak dira. Aurrena bihar eginen da eta hurrena hilaren 18an. Egoitz Urriza Lazkoz alkateak esan digunez, “saioetan adostutakoa herri galdeketa bidez berretsi beharko da, eta udalak erabakitakoa berretsiko du”. Urrizak azaldu digunez, galdeketa San Juan festen aurretik litzateke.

Parte-hartze dinamika horretan udalak Sakanako Garapen Agentziaren laguntza izanen du eta Nafarroako Gobernuaren finantziazioa. Alkateak gogorarazi du bi saioak “herri guztiari zabalik” daudela eta “beharrezkoak dira herrian bizi garenon ikuspegi desberdinak”. Horregatik, auzolanari buruzko saioetan parte hartzeko gonbidapena egin dute udaletik.