Plan estrategikoaren jarraipen bilera eginen da

Guaixe 2021ko mar. 12a, 14:42
Bakaikuarrak kalean hizketan. Artxiboa.

Larunbatean, 18:00etan, udaletxeko goiko gelan. Udalak bakaikuarrak parte hartzera gonbidatu ditu. 

Dagoeneko bi urte bete dira bakaikuarrek herrirako plan estrategikoa onartu eta hiru lehentasun zehaztu zituztela: auzolana, etxebizitza eta eskolak hartu zituen eraikina. Lehenik auzolanaren ingurukoak zehaztu zituzten eta orain beste bi gaiei heldu diete. Hala ere, Bakaikuko Udaletik aitortu dutenez, “koronabirusa dela eta, azken urtean ez dugu plan estrategikoaren jarraipen taldea biltzeko aukerarik izan”. Biltzea “komeni” dela uste dutenez, larunbaterako deitu dute bilera. 

Bertan auzolanaren ordenantza aurkeztuko dute, eta udalak onartzeko emanen dituen pausoak azalduko ditu. Horrekin batera, etxebizitza lantaldeak bere burua aurkeztuko du. Eskolen inguruan bakaikuarren iritzia jakiteko udalak bere proposamena jakinaraziko du. Horrekin batera, udalak jakinarazi du herriko denda urte akaberan itxiko dutela. Horren inguruko hausnarketa eta proposamen bilketa eginen da. Eta, despeditu aurretik, bakaikuarrek beraien herriari begirako ekarpenak egiteko aukera izanen dute.