A13k fiskaltzaren asmoaren atzetik herri galdeketa kriminalizatzeko saioa ikusi du

Guaixe 2014ko mai. 30a, 12:08

Lekuko gisa deklaratu dute herri galdeketa sustatu zuen herri ekimeneko bi kidek eta lokalaren jabeak.

Nafarroako fiskaltzak ikerketa zabaldu du apirilaren 13an Etxarri Aranatzen independentziari buruzko herri galdeketaren inguruan. Hura sustatu zuen A13 herri ekimeneko bi kide, Manu Gomez eta Mikel Mundiñano, gaur Altsasuko Guardia Zibilaren kuartelean lekuko gisa deklaratzera deitu ditu fiskaltzak. “Ohiko tramitetzat” jo dute fiskaltzatik deialdia.

Bien iritziz herri galdeketa eta erabakitzeko eskubidea bera kriminalizatzeko saioa dago fiskaltzaren ekinbidearen atzean. Fiskaltzaren asmo ezkutua zein den ez dakite ezta inor inputatu ote duen. Herri galdeketaren eta Etxarri Aranazko Udalaren arteko lotura bilatzeko ahaleginean dago fiskaltza, “ea udalak ezertan lagundu duen jakin nahi dute”.

Antolaketari buruzko hainbat galdera egin dizkiete: hautestontziak, ordenagailuak, eta beste nondik atera dituzten; lokalaren alokairua ordaindu ote duten, errolda erabili zuten... A13ko kideek jakinarazi dute galdeketa herri ekimen batek egitea erabaki zuela eta hark eraman zuela aurrera. “Gauzak publikoki egin ditugu eta batzarretan onartu dira erabakiak” zehaztu dute biek. Eta berretsi dute iritzi guztien errespetuan oinarrituz burututako ariketa demokratiko bat izan zela.

Bakoitzak 20 minutuz erantzun ditu fiskaltzatik luzatutako galderak. Zergatik deitu dituzten, zertarako edo zeren bila galderak ere egin dituzte bi etxarriarrek baina ez dute erantzunik jaso. Atzo, galdekatua izan zena herri galdeketa hartu zuen lokaleko jabea izan zen.

Erlazionatuak