Tabu zena hizpide bihurtu du mapak

Guaixe 2018ko ots. 2a, 10:16

Etxarri Aranazko Sufrimenduaren Maparen aurkezpenean etxarriarrek zuzenketak eta ekarpenak egin zituzten. Bestalde, UPNk eskatu du udalari Gobernuak emandako laguntza kentzea; horretarako proposamena aurkeztu du Nafarroako Parlamentuan

Euskal Memoria fundazioko Iñaki Egañak Etxarri Aranazko Sufrimenduaren Mapa aurkeztu zuen kultur etxean asteartean. Oinarrizko agiria zela argi utzi zuten. Aldi berean, etxarriar guztiei dokumentua irakurtzeko gonbidapena egin zieten. Kopiak udaletxean eta edo www.etxarriaranatz.eus web orrian eskuratu daitezke.

Udalaren deialdiari 45 pertsonek erantzun zioten. Agiriaren nondik norakoak azaldu eta gero, elkarbizitzari buruzko elkarrizketa sortu zen bildutakoen artean. Aldi berean, aipatu zen garrantzitsua dela norberak bizitakoa askatasunez eta kezkarik gabe lasai kontatzeko aukera izatea eta espazioak sortzea, kanpoko interesetatik aparte. Garbi gelditu zen sufrimenduak ezin direla konparatu.

Sufrimenduaren Maparen argitalpenaren inguruan sortutako zalaparta kanpoan izan dela eta herrian halakorik ez dagoela adierazi zuten. Bestalde, asteartean kultur etxera joandako etxarriarrek zuzenketa batzuk eta ekarpenak egin zituzten. Azken horien artean proposatu zen beste arlo batzuk ere jasota gelditu beharko liratekeela dokumentuan.

UPNren eskaera

Pasa den asteartean PPko Ana Beltranek Nafarroako Parlamentuko Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetarako Batzordean eskaera egin zion Ana Ollo kontseilariari: Etxarri Aranazko Udalak Sufrimenduaren Mapa egiteko jasotako 5,790 euroko diru-laguntza kentzea.

PPkoaren eskaera ahozkoa izan zen, eta UPNk eskaera bera eginez mozioa aurkeztu zuen astelehenean. Udalari diru-laguntza kentzearekin batera, "ETAren terrorismoa zuritzeko asmo guztiak baztertzea" eskatzen dute erregionalistek. UPNkoendako "agerian gelditu da aipatu mapan ETAko biktimak eta erakunde terroristako kideak parekatzen" direla. Euren ustez, "kontakizunaren bataila irabazteko estrategiaren barruan dago eta bi alderen arteko gatazka politikoa zegoenaren teoria sendotu nahi du; bi aldeek zilegitasun bera eta Giza Eskubideak urratu eta sufrimendua eragin zutela".

Nafarroako Parlamentuan joan den astean Ana Ollok Etxarriko maparen kontura egindako agerraldia Nafarroako Gobernuari egurra emateko erabili zuten UPNk eta PPk. Gauzak horrela, Nafarroan terrorismoaren biktimak biltzen dituen elkarte berri bat sortu zela jakinarazi zen. AVT erakundeko Alfonso Sanchez buruak alderdi batek biktimak erabiltzen zituela gaztigatu zuen. PPk Etxarrin duen zinegotzi Juan Antonio Extremerak bere burua eskaini du Sanchezi gobernuaren laguntzaz Etxarrin egindako agiria emateko. "Biktima eta hiltzaileak parekatzen ditu. Jakin balu ez luke esanen gobernua biktimekin lan handia egiten ari dela".