Espetxean gaixotasunak suposatzen duena filmean jasota

Guaixe 2022ko ots. 18a, 10:58

Filmeko irudi bat. WWW.SARE.EUS

Otsailaren 20an, igandean, Etxarri Aranazko kultur etxean 'Tipularen sehaska kanta' Sarek egindako film dokumentala Etxarri Aranazko kultur etxean ikusgai izanen da.

Donostian hilaren 3an mustu ondoren, Lander Garrok zuzendutako Tipularen sehaska kanta film dokumentala Etxarri Aranazko kultur etxean emanen dute igandean, 19:00etan. Osasun diagnosi bat egiteko edo tratamendu bat izateko medikuarenera joatea gauza arrunta da kalean. Baina preso daudenendako bide oso zaila edo ezinezkoa da. Garrok ikus-entzunezkoan kartzelan gaixo egotearen esperientzia bizi izan dutenengana jo du, zer ondorio duen hobeki ulertzeko. 

Diskurtso politikotik harago doan hizkuntza erabiltzen du Garrok, osasunerako eskubiderik ez duten presoen defentsa falta emozioen ikuspegitik esploratuz, artefaktu zinematografikoaren baten bidez. Film politikoa baino gehiago film artistikoa da Tipularen sehaska kanta, lehen pertsonan eta hesteetatik kontatua. 1942an kartzelan hil zen Miguel Hernandez poeta espainiarraren Nana de la cebolla olerkitik abiatuta, analogia historikoa egiten du filmak: 1936ko gerran preso hiltzeak zentzurik ez bazuen, zentzurik ba ote du gaur?

Etxeraten larriki gaixo dauden presoen zerrendan dago Jon Gurutz Maiza Artola etxarriarra, Lannemezango kartzelan (300 km-tara) preso dagoena. Hainbat gaitz ditu Maizak: ikusmen zorroztasunaren galera, ezkerreko begiko erretina-askatzea, berriki, eta eskuineko begiaren galera haurtzarotik; diabetesa, dislipemia; hipertentsioa eta fibrilazio aurikularra. Hura askatzeko Orain Jon Gurutz dinamika martxan dago Etxarri Aranatzen.