Lakuntzako kultur etxe berria

Musikaren doinua

Erabiltzailearen aurpegia Larraitz Amadoz Lazkano 2014ko abe. 26a, 09:01

Gorka Gaztanbide bateria irakasleak San Saastin musika eskola berriari buruzko azalpenak eman dizkigu.

Zer da kultura musikarik gabe? Lakuntzako kultur etxeak ezin dio ukatu presentzia musikari, goiko solairuan gitarra edota tronpeta doinuak maiz entzuten dira arratsaldeetan. Duela bi hilabete gutxi gorabehera egin zuten aldaketa, lehenago udaletxeko goiko aldean zegoen kokatuta San Saastin musika eskola. Luisvi Jimenez musika eskolako zuzendaria oso ongi sentitzen da leku berrian, “argi asko dute gela berriek eta espazio zabala dugu musika irakasteko”. “Akats bakarra sabaien hots-gabetzearena izanen litzateke baina bestela oso pozik gaude musika eskola berriarekin” adierazi zuen Jimenezek.

Aurreko egoitzan baino gela gehiago dauzkate kultur etxean eta horrek lana errazten die, lehenago gela batzuk partekatu behar zituztelako. Sei gela dauzkate, eta instrumentu bakoitza protagonista da gela ezberdinetan. Instrumentu hauek eskaintzen dituzte: pianoa, gitarra, bateria, tronpeta, txistua eta akordeoia. Bakarkako ekintzak egiten dituzte eta beste batzuetan, berriz, taldekako klaseak ematen dituzte.