Dumas: bat guztiendako eta guztiak batendako

Guaixe 2016ko mar. 11a, 08:26

Ikaslea ikaskuntza prozesuaren erdian jartzen duen proiektua da Dumas, Sakanako Eskola Txikiek landu dutena eta heldu den ikasturtetik aurrera Arbizuko eskolan martxan jarri nahi dena.

Alfredo Hoyuelosek, Nafarroako Unibertsitate Publikoko irakasle ihabardarrak, eta Marc Bonasek Ripolleteko (Bartzelona) El Martinet eskola publikoari buruzko dokumentala egin zuten: Berdea, Gozoa, Jazza, El Martineti buruzko hiru begirada. Sakanan estreinakoz joan den urteko maiatzaren 13an proiektatu zen, Altsasun. “Emanaldi haren ondoren gogo bat eta aukera bat sortu zen. Hoyuelos eta gu elkarri begira jarri ginen. Sakanan halako proiektu bat martxan jartzea proposatu zigun”.

Ordutik Sakanako ikastetxeetako irakasle talde bat elkartu da eta, lantaldean, berrikuntza pedagogikoko proiektu bat idatzi dute. Proiektua lantzeko mintegia antolatu dute. Mintegian gaiaren inguruko hainbat dokumentu landu dituzte (liburuak, dokumentalak...) Hezkuntza Departamentuko berrikuntza proiektuetara aurkeztuko dute laister.

Sakanako Eskola Txikiek (Uharte Arakil, Arbizu, Iturmendi, Urdiain eta Olatzagutia) antolatuta Gure ametsak eskola bihurtuz jardunaldiak izan ziren Etxarri Aranatzen hilaren 3an. Ripolleteko ikastetxeari buruzko dokumentala eman zen. Hoyuelos eta eskolako bi irakasle izan ziren jardunaldietan. Euskal Herri guztitik etorritako 250 bat pertsona elkartu ziren.

Dumas
Lierni Galarragak, Sakanako Eskola Txikien koordinatzaileak azaldu digunez, Alexandre Dumas idazlearen abizena hartu dute proiektua izendatzeko. Hark idatzitako D' Artagnan nobelako mosketariek zerabilten leloa bere egitea proposatu zien Hoyuelosek: guztiak batendako eta bat guztiendako. “Nahiz eta proiektua eskola txiki batean jarrita egon, beste eskolek sare bat osatuko dute proiektu hori janzteko eta aberasteko”.

Egitasmotik gertuen zegoen eskola Arbizukoa zela ikusi zuten eta han abiatuko da Dumas egitasmoa. “Bestalde, eskola, pixkanaka hazten ari da. Gero eta matrikula gehiago dauka. Irakasleen prestakuntza honetatik guztitik oso gertu dago. Hoyuelosekin aurretik elkartu izan dira. Tonucci prestakuntza saioan egondakoak dira”.

Hezkuntza ulertzeko modu honi buruzko bi dekalogo idatzi dituzte. Bata Haur Hezkutzakoa eta bestea Lehen Hezkuntzakoa. Hau izanen da irakaslearen lanerako iparrorratza. “Dumas proiektua pixkanaka sortu nahi dugu, heldu den ikasturtetik aurrera. El Martineteko esperientzia han ongi dago. Baina guk gurea, propioa sortu behar dugu. Gainera, dagoeneko sortuta dugunari errespetu handia diogu”, azaldu digu Galarragak. Pauso txikiak emanez, “erreferentzia eta abiapuntua ikaslea” izanen da: “ez egotea zigorrik; ez etxeko lanik; ez azterketarik; ikaslearen berezko proposamenetatik abiatzea ikasi nahi duena eta ikastetxea ikasteko giroetan antolatua egotea. Horretarako, espazioak, materialak, eta estetika kontu haundiz zaintzen dira. Proposamenak irekiak dira haurren autonomia, sormena, iniziatiba eta ikasle bakoitzaren barne proiektua bideratzeko.

Galarragaren iritziz, “gaitasunetan heztea, bizitzarako ikastea da azkenean. Ez da azterketa bat gainditzeko, baizik eta bizitzarako ikastea. Afektibitatea, elkarren arteko erlazioak zaintzea. Eskoletan beldurrezko erlaziorik ez egotea…” Bere koordinatzaile lanpostutik Galarragak hezkuntzan bide berriak bilatzea kezka orokorra dela ikusten du.


Testuingurua
Sakanako Eskola Txikiek 2014-2015 ikasturtean lau urterako plan estrategikoa egin zuten. Hezkuntza komunitate guztia kontsultatu eta zituzten beharrak aztertu ondoren lau helburu estrategiko zehaztu zituzten: kalitate pedagogikoa, kalitatea kudeaketan, eskualdean txertatutako irakaskuntza eta matrikulazioa.

Galarragak esan digunez, “kalitate pedagogikoaren arloan, leku askotan, hezkuntzaren paradigmaren aldaketa eta metodologia berrien kezka dago”. Horregatik, eskola txikietan prestakuntza saio asko egiten ari direla aitortu du Galarragak. F ormakuntza askotako ponenteak gure ikastetxeetako irakasleak berak izan dira. Prestakuntza saioak zerrendatu dizkigu: pedagogia sistemikoa, metodologia eta pedagogia berreraikitzen, bertsolaritza eta emozioak, robotika, Montessori (orain ari dira lantzen)... Eskualdearekin txertatuagoa den hezkuntza eta Sakanako curriculumarekin lotuta ibarreko kultur eta ondarearen ezagutza irakasleen artean zabaltzeko saioak egin zituzten. Galarragak gaineratu duenez, “bide batean goaz. Lan egiteko modu batean sinesten dugu: ikaslea irakaskuntzan zentroa izan behar duela uste dugu. Bera protagonista izan behar du”.



Ripolletera bisita
El Martinet eskola bertatik bertara ezagutzeko bisita antolatu dute apirilaren 2rako. Goizez bisitatuko dute eskola. Interesatua dagoen edozein irakaslek, gurasok edo herritarrek eman dezake izena. sakanakoherrieskolak@gmail.com e-posta helbidean eman behar da izena. 30 euroko kostua du. Euskal Herri osotik ari dira izena ematen, “El Martinet erreferentziazko zentro bat baita”.