Sakanako Plan Estrategikoan jasotako jarduerak eta ekintzak aurrera eramatea da Sakanako Garapen Agentziaren (SGA) egitekoa. Horretarako, Nafarroako Gobernuaren diru-laguntza jasotzen du. Aurten 330.434 euro izan dira. Foru administrazioak Sakanan egin beharreko inbertsio horri lastailaren 19an eman zion oniritzia.
Egoera horrek SGAren jarduna baldintzatu du. SGAko energia, industria eta zerbitzuak arloko teknikari Mikel Gaita Ansak azaldu digunez, “bagenekien etorriko zela, baina urte hasieratik gasturik eta kontrataziorik ez egiten saiatu gara. Gure orduek ematen zutena egin dugu soilik”. Orain, dirua badutela hainbat jarduera, kontratazioak eta lizitazioak eginen dituzte. Gainera, azaroa akaberarako jasotako diruaren justifikazioa aurkeztu beharko diote Nafarroako Gobernuari.
Gaitak esan duenez, “finantzazio faltak eragiten dituen eragozpenak gaindituta turismo, elikadura, industria eta energia sektoreetan egindako lanketa urteko azkeneko hilabete hauetan ondorioak emanen dituzte proiektuen garapenarekin”. Gaitak esan duenez, aurten martxan jarritako “lanketa guztiei heldu den urtean segida emanen zaienez, helburua 2018ko finantzazioa ahalik eta lehen ziurtatzea da, Sakanan modu eraginkorrean lan egiteko eta plan estrategikoan identifikatutako beharrei erantzuna emateko”. Foru administrazioak eskualdeen aktibaziorako planera diru gehiago bideratu du. Orain arte Sakanako Plan Estrategikoa zen handik finantzatzen bakarra, baina badirudi heldu den urtean eskualde gehiago izanen direla.
Lanean
SGAk lau sektoretan indarra egiten ari da: energia, industria, elikadura eta turismoa. Arlo bakoitzean hainbat lan ildo zehaztuta daude eta Gaitak esan duenez, “urte hasierako hilabeteak proiektu estrategikoetan garrantzitsu izan diren eragileak identifikatzeko eta haiekin lanketa egiteko erabili dira, beste ekintzak alde batera utzi gabe”.
Sektorez sektore proiektu “esanguratsuenak” zein diren azaldu digu: “energiaren arloan Lizarragako mikrosare elektrikoa da, udalaren autonomia elektrikoa ahalbidetuko duena eta urte bukaeran amaituko dena”. Proiektu horri lotuta, Lizarragako argiteria publikoa aldatuko dute heldu den urtean. Elikadurari dagokionez, “Dastatu Sakana marka sortu da bertako ekoizle eta beste sektoreen arteko elkarlana sortzeko balio izan duena”.
Industrian “e-HIERA proiektu estrategikoa da aurten garatu den ekintzarik handiena, eta hurrengo bi urteetan jarraipena izanen du”. Proiektu horretan Sakanako lau enpresa txikik hartzen dute parte turbina hidrauliko bat eta hura kontrolatzeko kudeaketa sistema berri bat sortzeko helburua dute.
Turismoari dagokionez aurten Sakanako Donejakue bidea, bizikletendako ibilbidea, Arabako Lautadako Donejakue bidearekin lotzeko aukera zein izan daitekeen landu da. Lan hori Arabako Foru Aldundiarekin eta Arabako Lautadako udalekin batera egin da. Heldu den urtean memoria baloratua aurkeztuko da Nekazaritza eta Arrantza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioko Caminos naturales programan sartu ahal izateko.