Hogei urteko etenaren ondoren, Kultura, Kirola eta Gazteria Departamentuak Arkeologia eta Paleontologia Ondarean esku-hartzeak egiteko laguntzak banatu berri ditu. 16 hartzaileen artean Uharte Arakilgo Udala dago. 1.800 euro jaso ditu Agiri despopulatuko elizan arkeologia-indusketa egiteko.
2012an hasi ziren elizan indusketa egiten jubilatu uhartearrak Zizur Nagusiko institutuan historia irakasle eta Ezpilleta elkarteko kide den Pedro Arreseren zuzendaritzapean. Aurreneko bi udatan lan handiak egin zituzten, eta erritmoa hurrengoetan jaitsi egin da. Aurtengo udan Maria Flores Altsasu institutuko irakaslearen esanetara bueltatu dira elizara, hura zigilatu eta sendotzeko.
Eliza eta herria
Madotz eta Aralarko santutegia lotzen dituen bidearen bazterrean dago Agiri (Agiregi) despopulatua, 900 metroko altueran. Eliza 13 metro luze eta 6 metro zabal ditu. Pareta zabalak dira gelditzen dena. Iparraldeko pareta da finkatzen lan egin dute, barrura “puztuta” baitago. Elizak atea hegoalderantz du, ibarreko elizen moduan (Lakuntza salbu). Egindako lanek erliebedun harriak (ateko kapitelak?) eta alaka zuzen eta borobilduko harriak agerian utzi zituzten. Elizaren hegoaldeko hormaren luzeran harrizko banku bat izan daitekeena ere agerrarazi zuten. Elizatea hilerria izan zenaren gainean eraiki zuten, antza. Elizaren, eta herriko etxeetako teilatua begetala zen, “ziurrenik zekalez egina”.
Agiriko herri despopulatu bera 13 etxez osatutako dago. Arresek haietako bat ikertu zuen: 105 metro karratuko azalera eta 90 cm-ko zabalerako paretak ditu. Pareten altura ez da metro batera iristen. Atea, hegoaldean, non egon daitekeen susmoa du. Iltzeak eta zeramika zatiak opatu zituen.