Nafarroako Gobernuaren Gobernu Irekia atarian astearteaz geroztik dago Toki Administrazioa berrantolatzeko lege-aurreproiektua eta 20 egunez ekarpenak egin daitezke. Haren helburua da Nafarroako eskualdeetan udalerri-mailan dagoen desoreka pixkanaka murriztea, eta toki-gobernuari antolaketa-baliabide eta baliabide ekonomiko nahikoak ematea administrazio gisa duen zeregina erabat bete dezan. Izan ere, Nafarroo gaur egun duen toki administrazioko egitura zaharra da eta azken 25 urteetan beti aldatu nahi izan da.
Isabel Elizalde kontseilariak azaldu duenez, lege-proiektuaren asmoa da toki-zerbitzuen estaldura eta kalitatea hobetzea, beti ere "zerbitzu bakoitza herritarrengandik gertuen dagoen erakundeak ematea, behar bezala ematen duela bermatzen bada, betiere".
Eskualdea
Proiektua dagoen bezala onartzen bada, Nafarroa 11 zatitan banatuko da, eskualde izenekoa. Sakana eskualde horietako bat izanen da. Udalak eta kontzejuak mantenduko lirateke. Kontzejuek egungo eskumenak mantenduko lituzkete. Udal eta eskualdeekin hitzarmenak egiteko aukera lukete. Desagertzeko, berriz, bi aukera lituzkete: propio eskatu edo bi hauteskundeetan hautagaitzarik ez aurkeztea.
Baina mankomunitateak desagertuko lirateke. Ibarraren kasuan Sakanako Mankomunitatea eta Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen hiru mankomunitateak desagertuko lirateke. Azken hiru horiek bat egin eta eskualdearen menpe geldituko lirateke. Izan ere, eskualde bakoitzak bost eskumen hartuko lituzke beren gain: uraren goi-hornikuntza, udalaz gaindiko hondakinen kudeaketa, gizarte-zerbitzuen kudeaketa, eskualde-mailako lurralde-antolaketa eta 1.500 eta 3.000 biztanle baino gutxiagoko udalen Idazkaritza eta Esku Hartzea antolatzea. Legea onartu eta urte bete pasa baino lehen eskualdeak eratzen hasi beharko lirateke.
Idazkariak funtzionario izatera pasako lirateke eta lehiaketa publiko bidez beteko lirateke etorkizunean postuak. 1.500 biztanletik gorako udalek idazkaria izanen lukete. Eta 3.000 herritarretatik gorakoek kontu-hartzailea. Eta, azaldu bezala, biztanle kopuru horietatik beherako herrietan eskualdeak erabakiko du.
Nafarroako Gobernutik argitu dutenez, "eskualdeetan integratzen diren egungo toki-erakundeetako langile, funtzionario eta kontratatu administratibo guztiak eskualdeek subrogatuko lituzkete, integrazioaren unean indarrean dauden kontratu-baldintzetan".
Finantzazioa
Erreformak toki-finantzaketarako eredu berri bat zehazten du ere. Toki Ogasunen Funtsa Nafarroako Ogasun Publikoaren zerga-sarreren urteko ehuneko finko baten arabera ezarriko da. Zehaztu gabe dago ehunekoa, baina ezingo da % 10 baino txikiagoa izan. Kopuru zehatza 2018ko abendua baino lehen onartu beharko luke. Hala, banaketa-egitura bakar bat egonen da: zati bat Nafarroako Gobernuak diseinatzen dituen plan gidariei lotutako obrak finantzatzeko; beste bat zerbitzu jakin batzuetarako moduluetan banatua, "non lurralde-desberdintasunak eta beste alde batzuk izanen baitira kontuan"; eta nahieran zehazteko kopuru bat.
Honakoak izanen lirateke berariazko beste finantzaketa-ildo batzuk: montepioak, hiriburutza-agiria, kargudun publikoen ordainsaria eta toki-erakundeen finantzaketa. Finantzaketa berri horretan, nahitaezko baldintza izango da katastro-txostenak eguneratuta egotea.