Hondakindegiko zati bat itxita, lan gehiago bidean

Guaixe 2019ko urt. 24a, 18:29

Industriako 98.000 metro kubo hondakin hartzeko azpiegitura prest dago. Hurrengoak transferentzia kaiari ateak jartzea eta konpost planta.

Sakanako Mankomunitateak Arbizun kudeatzen ditu ibarrean jasotako hondakinak. Mank-ek hondakindegiaren zati handi bat (32.000 metro karratu) behin betirako zigilatu zuen joan zen urtean, horretarako, beharrezko lanak eginda. Aldi berean, 22.000 metro karratuko azalerako beste zati bat prestatu dute, 10 urtez erabilgarri izanen dena. Mank-eko Hondakin bilketa Zerbitzuko arduradun Alberto Urkiak Beleixe Irratian (FM 107,3 edo www.guaixe.eus) esan duenez, “prozesu nahiko luzea izan da. Joan den urtean egin ziren lanak 2011n egin behar ziren. Atzerapen dezenterekin gauzatu da egitasmoa”.

1998koa da Arbizuko hondakindegia. “Industrietatik etortzen ziren hondakin bizigabe ez arriskutsuak isurtzen ziren. Etxeetan sortzen diren hiri hondakinak ere hara isurtzen ziren 2009ra arte. Eta lurrarekin estaltzen ziren” azaldu du Urkiak. “Etxeko hondakinak ahalik eta gehien birziklatzeko eta ez isurtzeko asmoarekin 2009an transferentzia kaia egin zen. Ezin dira inolako tratamendurik gabe isuri”.

Urte horren bueltan zabortegiaren bi heren zigilatzea eta enpresetako hondakinak hartuko lukeen isurketa zelda berri bat egitea posible zela pentsatu zuten. 2011n proiektua egin zuen Mank-ek eta onartua izan zen, “baina krisiak kristoren frenoa egin zuen”. Lana egiteko administrazio lana egin dute ibarreko erakundeek. Enpresetako hondakinak hartzen dituen zelda berria martxan dago eta hondakindegi zaharraren erabateko zigilatzerako zatitxo bat falta da. Eguraldi ona iristeko zain daude azken lan hori egiteko.  


Kamioiak transferentzia kaian.

Lan gehiago
Hiri hondakinak Sakanan jasotzen dira. Baina bi hondakin mota ibarretik kanpo bukatzen dute. Ontzi arinak Azkoienen eta errefusa Tuterako Culebrete hondakindegian. Kamioietan eramaten dituzte. Hori egiteko 2009an transferentzia kai irekia eraiki zen. “Hondakindegian hego haizeak kristoren indarra hartzen du eta plastikoak eta ontzi arinak hegan ateratzen dira. Batzuk hondakindegiko eremuan gelditzen dira eta besteak ondoko larretan”. Hori saihesteko kaia handitu eta ateak jarriko dizkiote. “Kamioiak sartuko dira eta lana egin dezakegu, esaterako, gela handi batean bezala. Ateak itxita ez da haizerik sartuko eta sortzen zen egoera hori ahal den neurrian saihestuko da”. Obra 2018an gauzatua egon behar zuen.

Hondakindegian bertan konposta egiten da, inongo estalpe edo babesik gabe. Konpost planta eginda “baldintza onetan lan egitea eta konposta egitea” lortu nahi da. Abiadura Handiko Trenaren balizko ibilbidearen proiektuak kokapena aldatzea, tramitazio berria egitea ekarri zuen, lanen hasiera atzeratuz. “Hondakindegiko gertu, baina eremutik kanpo eginen da. Onartuta dago, baina ez dakigu aurten edo noiz eginen den”.    

Urkiak gogorarazi duenez, udaberriko eta udazkeneko konpost uzta banatzen dute. “Ahalik eta etxebizitza gehienetara iristeko, etxe bakoitzak kopuru mugatu bat dauka: udaberrian 150 kilo eta udazkenean 100”.