Nafarroako Mendialdeko gizarte eta ekonomia garapenean lagunduko duten proiektuak laguntzeko asmoz, Cederna-Garalur elkarteak 2014-2020 Tokiko Garapen Parte-hartzailearen Estrategiaren diru-laguntzaren laugarren deialdian 17 proiektu onartu zituen apirilaren 6an. Guztien artean 647.181 euro banatu ditu, kopuru horren % 22,38, 144.861,18 euro Sakanara etorriko dira. Proiektu horietatik hiru Sakanakoak dira, bi administrazioek aurkeztutakoak eta bakarra ekintzaile batena.
Irurtzungo Udalak turismo zerbitzuen gunea, hau da, autokarabanendako gunea egiteko 46.785,23 euro jaso ditu. Etxarri Aranatz, Bakaiku, Iturmendi eta Urdiaingo Udalek Bernoako Erdi Aroko galtzadari balioa aitortzeko eta hura seinaleztatzeko 50.000 euro jasoko dituzte. Bestetik, Etxarri Aranatzen ekintzaile batek 48.075,95 euroko dirulaguntza jasoko du 160.000 euro inguruko inbertsioa eginen baitu. Bere asmoa da martxan den jarduera bat dibertsifikatzea. Zehazki eginen du: lau pertsonarendako bi turismo-apartamentu, bost gela bikoitz, 2 banakako gela, (bat mugikortasun urrikoendako) eta lau plazako familiendako gela bat.
Garalur elkarteko zuzendari kudeatzaile Ibon Mimentzak jakinarazi digunez, deialdira 30 proiektu aurkeztu ziren. “Horietatik 3k atzera egin zuten eta 2 atzera bota genituen baldintzak ez betetzeagatik. 25 proiektuk egin zuten aurrera eta “eskatutako dirulaguntzak baremazioan lortutako puntuazioaren arabera eman dira”. Mimentzak jakinarazi digunez, puntu gutxigatik dirulaguntzarik gabe gelditu da Urdiaingo Udalak erabilera anitzeko gela bat egiteko egitasmoa. Gaineratu duenez, “egia da deialdi honetan aurrekoetan baino diru gutxiago zegoela”. Cederna-Garalur elkartearen 2014-2020 Tokiko Garapen Parte-hartzailearen Estrategia Nafarroako Gobernuaren eta Europar Batasunaren baterako finantziazioa du, LGENF landa-garapeneko funtsen bitartez.