Gaztaina zaintzan trebatzeko ikastaroa

Guaixe 2021ko api. 13a, 13:08
Gizonezkoa gaztainondo azpian gaztainak jasotzen. Argazkia: Arakilgo Udala

Bihar, 16:30etik 20:30era, Hiriberriko kontzeju etxean eta, etzi, ordutegi berean, Egiarretako Itxasperri ermitan. Plaza mugatuak dira eta aldez aurretik izena eman behar da. 

Martxoan frutagintza ekologikoari buruzko saioa antolatu ondoren, Arakilgo Udalak eta Arrea elkarteak gaztainondoen berreskurapenari eta zaintzari buruzko ikastaro teoriko-praktikoa antolatu dute biharko eta etziko, arratsaldez. Hiriberriko kontzeju-etxeko erabilera anitzeko aretoan eginen den saio teorikoan gaztainondoen zaintzaren oinarriak, izurrite eta gaixotasunak, gaztainen jasotzea,  kontserbazioa eta eraldaketa azalduko dituzte. Baita gaztainondoek Nafarroan duten potentzialtasuna eta haien balioa nabarmentzeko estrategiak azaldu ere. 

Ostegunean, berriz, ikastaroko parte-hartzaileek Itxasperri ermitan elkartuko dira eta handik Egiarretako gaztainadira joanen dira. Arratsalde horretakoa saio praktikoa izanen da. Bi saioak Efren Martin agronomia ingeniariak emanen ditu. Martin Extremadurako fruta arbola barietate zaharrak berreskuratu eta kontserbatzeko Arbolé proiektuaren sustatzaileetako bat da. 

Ikastaroa gaztainondoen berreskurapenean interesa duten herritako herritarrek dute lehentasuna ikastaroan. Izen emateko epea atzo itxi zuen Arakilgo Udalak. 

Egitasmoa 
Arakilgo Udala Bertako barietateak, bioaniztasun haziak proiektua sustatu du. Hura Arrea elkartea lantzen ari da, Sakanako Garapen Agentziaren laguntzaz. Agentziako elikadura teknikari Nerea Viana Zugadik azaldu duenez, “aurten agroekologian oinarritutako formakuntza eskaintza bat antolatzen ari gara SGAtik, Sakanako nekazaritzaren garapen endogenorako baliagarriak diren jakintza eta errekurtsoak zabaltzeko asmoz, eta herritarren zein sektoreko profesionalen artean agroekologian interesa pizteko helburuarekin”. 

Vianak nabarmendu duenez, prestakuntzaren beharra “aspaldi ikusten genuen, bai sektorean baita gizartean ere, baina Arakilen martxan dagoen proiektuak erein duen haziari esker gauzatu da”. Vianak gaineratu duenez, Arakilgo Udalaren egitasmoa “Sakanako Agroekologia Eskola deitu dugun horren hazia da”. SGAko elikadura teknikariak zehaztu duenez, eskola egitasmoa “oraindik ideia bat besterik ez da, parte hartzearekin aurrerago forma emanen diguna”.