Euskaraldiaren segida den ariketa egiten

Guaixe 2023ko urr. 30a, 11:59

Postre tailerra egin zuten Ziordiko elkartean. UTZITAKOA

Guraso eta zaintzaileen, hau da, helduen euskararen erabileran eragiteko eta umeekiko hizkuntza eredugarritasuna bulkatzeko ekimena da 'Haurren aurrean, helduak heldu'. Igandean despeditu zen.

Irurtzun eta Ziordiko euskaltzaleek eta ibarreko eskolek eta ikastolek bat egin dute Haurren aurrean, helduak heldu ekimenarekin. Lastailaren 20tik 29ra egin da. Hamar egun horietan umeekin harreman zuzena duten helduak aktibatzeko jarduerak egin dira bi herrietan eta aipatutako ikastetxeetan. Esaterako, Irurtzunen, Aizpea euskara taldeak antolatuta, haur eta helduendako jolasak izan ziren lastailaren 20an. Ziordiko euskaltzaleek, berriz, postre tailerra antolatu zuten Errekakartea elkartean egun berean. Bestalde, bi herrietan, eskola eta ikastoletan ekimenaren zabalkundea egiten eta baliabideak ematen ari dira. 

Ekimen horren sustatzailea Euskaltzaleen Topagunea da, eta Euskarak 365 egun ildoaren barruan kokatu du. Antolatzaileek azaldu dutenez, "0 eta 12 urte arteko umeekin harreman zuzena duten eta hizkuntza transmisioan eta eredugarritasunean eragina duten helduei zuzenduta dago ariketa. Hau da, gurasoei eta zaintzaileei, izan senideak edo herritarrak". Gaineratu dutenez, "helduen arteko hizkuntza praktiketan eragitea da helburua, euskararen erabilera areagotzeko", umeek ikus dezaten gurasoek eta herritarrek ere euskara erabiltzen dutela. Euskararen erabileran non begiratu, ispilu bat, izan dezaten. Horretarako, hainbat motako ariketak proposatu dira ekimenak irauten duen bitartean, esaterako: helduen hizkuntza ohiturak umeengan duten eraginaz jabetzeko, helduak hizkuntzari dagokionez eredugarri izateko, inguruko gurasoen beharrak ezagutzeko, motibatuta dauden gurasoei laguntzeko, gurasoak sentsibilizatzeko eta ahalduntzeko, guraso euskaltzaleak saretzeko... 

Segida
Dinamikaren bigarren edizioa da aurtengoa, aurrenekoa 2021ean egin zen. Euskaraldiko edizio batetik besterako tartean antolatzen da, bi urtean behin. Euskararen erabilera sustatzeko ariketan herritarrek emandako pausoei eusteko, pauso progresiboak ematen jarraitzeko eta herritar gehiago aktibatzeko horretarako da gaur egun indarrean den ekimena. Bestela esanda, Euskaraldian proposatzen den ariketa praktikoa egiten jarraitzean datza Haurren aurrean, helduak heldu ekimena. Euskaraldian gurasoak ere aktibatzen dira euren artean ahobizi eta belarriprest rolak hartuta. Baina Euskaltzaleen Topagunean jakitun da "Euskaraldiak bere mugak dituela". Harekin alderatuta, egun hauetan garatzen ari den dinamikak "helduen arteko hizkuntza portaerek umeengan duten eraginari sakontasun gehiagorekin erreparatzen dio". Argitu dutenez, egun hauetako ekimena "Euskaraldiarekin osagarria da, ariketa sozialean baliatu ezin ditugun aukerak baliatu nahi ditugularik". Beraz, rolak hartu eta gurasoek elkarrekin, eta umeei, euskaraz hizketatzera. 

Euskaltzaleen Topagunetik azaldu dutenez, "Gurasoek haurrei 'egin euskaraz!' agintzen diete, helduek euren artean erdaraz egiten duten bitartean. Euskal Herriko edozein txokotako irudia da. Haurrek euskaraz egin dezaten nahi badugu, zergatik ez dugu helduok hala egiten?". Gaineratu dutenez, "hizkuntza bat ikastea ez da gramatika kontu soila. Hizkuntza bat ikasterakoan hainbat arau sozial eta hizkuntza praktika ere jasotzen ditugu, eta, horregatik da hain garrantzitsua helduok zer jokabide daukagun euskararekiko, haurrek ere hizkuntzarekin batera jokabide horiek barneratuko dituztelako. Alegia, euskarazko esaerak dioenez, zer ikusi, hura ikasi", azpimarratu dute.

Erlazionatuak