Eguneko albisteak

Apirilak 14

Guaixe Irratia 2025eko apirilaren 14a
Sakanerrian:

Sunsundegui, hasi da likidazio prozesua.  Bi asteko epean enpresa itxi eta 341 langile kalera joanen dira. Enpresa hornitzaileei eraginen die itxierak. Industria plana zuen inbertitzailerik ez dagoenez, eta 50 milioi euro inguruko zorra duenez, Sunsundeguiko konkurtsoko administratzaileek epaileari proposatu zioten apirilaren 14arekin, gaur, enpresaren likidazio prozesua hastea. Enpresa ixtearekin batera, langileak kaleratu eginen dituzte. Haiek Fogasara jo beharko dute kale ordainak jasotzeko. Enpresa batzordeak deituta, itxieraren kontrako manifestazioa egin zen Altsasun ostiralean.  Irurtzun 

Atakondoa eskolak 50. urteurrena ospatu zuen. Eskola posible egin duten langile, ikasle, irakasle, zuzendari eta udal ordezkariak omendu zituzten. Urteurren ospakizuna izan zuten Atakondoa ikastetxe publikoan larunbatean. Eskola ateak zabaldu zituela 50 urte ospatu zituzten. Goizetik eskolak haurrendako jokoak hartu zituen. 13:00etan herrian barnako kalejira batek herritarrak jaso eta kiroldegira eraman zituen, han ikastetxearen parte diren pertsona guztiak omendu zituzten. Alde batetik, garbitzaileak. Lan handia egin behar izan baitzuten 800 haur hartzen zituen eta asfaltatu gabeko patiotik sartzen ziren eta dena lokaztuta uzten zuten ikasleen arrastoak garbitzen. Atakondoara sartzen lehen ikasleak Vidente eta Manolo Beraza izan zirela gogorarazi zuten. Herrietako ikasleek beraien lekukotasuna utzi zuten. Irakasleak ere omendu zituzten. Irurtzungo eskola kontzentrazioa egiterakoan hainbat herrietako eskoletatik Irurtzungora joan baitziren asko. Euskarazko hezkuntza 1977an sustatu zuten gurasoak ere. Hasieran elebidun baina ikasturte ikasturte D eredua lortu arte aritu zirenak. Bestalde, ikastetxeko hamalau zuzendariak ere gogoratu zituzten: Sagrario Martirena, Felix Erro, Pablo Fernandez, Koldo Pla, Jose Manuel Eslaba, Nekane Estanga, Mª Jesus Larunbe, Camino Iragi, Jose Manuel Legarra, Blanca Ilundain, Felix Rey, Joana Ziganda, Silvia Sanchez, Iñigo Zamargilea eta Agurtzane Goñi. Irurtzungo Udaleko aurreneko eta egungo alkateek ere hartu zuten hitza, Tatono Arregi k eta Unai Razkinek. Bazkarian 320 pertsona elkartu ziren. Bazkaldu ondoren puzgarriak eta musika izan ziren. Javier Guibert arkitektoak diseinatutako ikastetxea 1975ean zabaldu zituen ateak. Eraikinak ordutik hainbat eraldaketa izan ditu. Bisita gidatuen bidez ikastetxea bertatik bertara ezagutzeko aukera izan zen larunbatean. Eskolak 443 ikasle eta 65 irakasle ditu. Ikastetxeak Imotz, Ollo, Goñi, Itza, Arakil eta Irurtzungo ikasleak hartzen ditu gaur egun. Baita A eredura joaten diren Leitza, Larraun eta Lekunberriko ikasleak ere. Hasiera batean baita Imotz, Irañeta eta Uharte Arakilgoak ere. Haur Hezkuntzatik Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 2. mailara arteko eskaintza du Atakondoak. Ondoren ikasleek ikasketak Iruñean jarraitu behar dituzte. Atakontoako komunitatearen eskaera zaharra da DBH guztia herrian bertan ematea. 

Lizarragan, Zortzikoa beti presente. Plazan bi dantzari irudikatzen dituen plaka jarri dute. Lizerratarrek oso presente izan zuten herriko zortzikoa larunbatean. Lizarragako Kontzejuak bideo sorpresa baten emanaldia iragarri zuen. Asko izan ziren kontzeju etxera hurbildu zirenak. Han 1994ko San Adrian festetako bideo bat ikusteko aukera izan zuten. Hartan lizerratarrak zortzikoa dantzan ikus zitezkeen. Emanaldia despedituta, plazara joan ziren lizerratarrak. Festetan musika taldeak jartzen diren tokiko baranda berritu du kontzejuak eta propio utzitako hutsune batean zortzikoa dantzatzen duten bi dantzari ageri diren plaka jarri zuten. Lizarragako Euskaraldia batzordeko kideek aukera baliatu zuten lizerratarrak animatzeko hizkuntza ohiturak aldatzeko ariketan izena ematera.

Kiroletan:

Pilotan, Joanes Bakaikoak ikusgarri hasi du B Serietako Buruz Burukoa. Final laurdenetako lehen jardunaldian bi tantotan utzi zuen Lizeaga. Apirilaren 18an Aldabe du zain. B Serietako Buruz Burukoan final laurdenetako ligaxka hasi zen asteburuan. Apirilaren 11n Joanes Bakaikoak Lizeaga izan zuen aurkari Gasteizko Ogetan. Aurrelari etxarriarrak masterclassa eman zuen eta jaun eta jabe izan zen jokoaren eremu guztietan: piloteoa, erasoa eta sakea. Bi tantotan utzi zuen Lizeaga. Apirilaren 18an, ostirala, Aldabe izango du aurkari Bastidan jokatuko den final laurdenetako bigarren jardunaldian. Aldabe lehen jardunaldian Egigureni 18-22 irabaztetik datoz, eta, hortaz, lehen jardunaldiko bi garaileen arteko partida izango da Bastidakoa. Ondoren, Buruz Buruko lehen mailako partida jokatuko dute Dariok eta Larrazabalek. Sarrera guztiak agortuta daude. 

Txirrindularitzan, Ekain Imaz eta Luca Martinez, elkarrekin Erramu Trofeoan. Tolosa / Danena taldeko txirrindulari sakandarrak elkarrekin iritsi ziren Altsasuko helmugara. Ekain Imazek denboraldiko lehen garaipena lortu zuen, etxean. Apirilaren 13an, igandea, Altsasu Kirol Elkarteak antolatutako junior mailako 66. Erramu Trofeoa jokatu zen Altsasun. Probak 101 km zituen, eta txirrindulariek bi aldiz egin behar izan zuten Zemagako bidegurutzerainoko buelta, ondoren Altamira hirutan igotzeko. Hasieratik euriari eta hotzari egin behar izan zieten aurre txirrindulariek, ibilbidearen erdiraino, gutxi gorabehera. Proba mugitua izan zen, eta hasieratik tropela apurtu egin zen. Tolosa / Danena taldeak goitik behera kontrolatu zuen lasterketa, eta Altamirako hirugarren eta azken igoeran salto egin zuten talde gipuzkoarrean dabiltzan bi txirrindulari sakandarrak, Ekain Imazek eta Luca Martinezek. Biak batera iritsi ziren helmugara, besotik helduta (2:10:52). Ekain Imaz altsasuarrak gurutzatu zuen lehenik helmuga, eta denboraldiko lehen garaipena lortu zuen. Luca Martinez lakuntzarra bigarren sartu zen, denbora berean. Hirugarren Egoi Arenaza (Arabarrak) izan zen (2:11:20). Mendiko sailkapena Ekain Imazendako izan zen, eta tartekako helmugena Javier Monrealendako (Vizcay Hermanos). Talde onena Tolosa / Danena izan zen. Aurten tropelean ez zegoen Burunda taldea, lehenengoz, ez Aralar kluba. Ekaitz Perez (Zu eta Biok) olaztiarra 35. sailkatu zen (2:11:58) eta Manex Huarte uharte arakildarra (Sumelec-Ermitagaña) 47. (2:12:29). Emakumezkoetan, Goretti Sesma (Vipeq Team) izan zen lehena (2:11:58), Maite Urteagaren (Grupo Eulen-Nuuk) aurretik (2:12:25). 175 txirrindulari zeuden izena emanda, eta 138k hartu zuten irteera. Horietatik 61k osatu zuten proba. Ildo honetan, kritiko azaldu zen probako arduraduna, Felix Mazkiaran. “Izena ematea itxi behar izan zgenuen, 175 txirrindulari izena emanda zeudelako, eta jendea utzi behar izan genuen kanpo. Eta probaren egunean 138 txirrindulari agertu ziren. Serioagoak izan beharra dugu, jendea kanpoan geratu delako”. Kontentu zegoen lasterketa ongi atera zelako, eta eskerrak eman zizkien boluntarioei. Ildo honetan, jendearen konpromisoa beharrezkoa dela nabarmendu zuen, “jendea ez badago lasterketak kolokan daudelako”. 

Herri kiroletan, Andra Mari, herri kiroletako txapeldun handia. Nafarroako Herri Kirol Jokoen final handian jokoan zeuden bost txapeletatik hiru lortu zituen Etxarri Aranazko ikastolak. Eguraldi kaxkarragatik Nafarroako Herri Kirol Jokoen final handiak Altsasuko Burunda pilotalekuan jokatu behar izan ziren, Iortia plazan izan beharrean. Aurten Nafarroako Herri Kirol Federazioak antolatutako txapelketak lau jardunaldi izan ditu –hirugarrena Etxarri Aranatzen jokatu zen–, eta final handiak, igandean Altsasun jokatu zirenak. Txapelketan barna 500 gazte inguruk hartu dute parte, 55 galde guztira, Andra Mari, Iñigo Aritza, Antsoain, Arantza, Araxes, Basaburua, Labiaga ikastola-Bera, Berriozar, Igantzi, Joakin Lizarraga, Malkaitz eta Paz Ziganda klubetatik sortutakoak. Proba konbinatuak: Herri kirol proba konbinatuetan kimuen, haurren eta kadeteen mailan jokatu zen txapelketa. Finaletan, ligaxkan sailkatutako lau talde onenak lehiatu ziren. Kimuetan Andra Mari ikastola 3 taldea gailendu zen, Basaburua B, Berriozar A eta Andra Mari 2 taldeen aurretik. Infantiletan, Igantzi izan zen txapelduna, Basaburuaren, Antsoain B-ren eta Iñigo Aritzaren aurretik. Iñigo Aritza tarte batean bigarren izan zen, baina, azkenean, ezinezkoa izan zen eta laugarren sailkatu zen. Azkenik, kadeteetan Araxes gailendu zen, Basaburuaren, Andra Mariren eta Antosain 4 taldeen aurretik. Sokatira: Sokatiran haurren eta kadeteen mailan jokatu zen txapelketa, eta finaletan maila bakoitzean sei taldek parte hartu zuten. Haurren mailako txapela Andra Mari 3 taldeak eskuratu zuen, Basaburuaren, Berriozarren, Iñigo Aritzaren, Antsoain A-ren eta Antsoain B-ren aurretik. Eta kadeteetan Andra Mari izan zen txapelduna, Basaburuaren, Araxesen, Paz de Zigandaren, Antsoain A-ren eta Berriozarren aurretik. Andra Marik hiru txapel: Beraz, Andra Mari izan da Nafarroako Herri Kirol Jokoetako txapeldun handia, hiru txapel lortu baitituelako, proba konbinatuen kimuen mailakoa, eta sokatirako haurren eta kadeteen mailakoak. Pozarren zeuden Mikel eta Jesus Senar arduradunak eta baita sokatirako Lizarraga ahizpak eta haien laguntzaileak ere. “Andra Marik urtero talde ugari aurkezten ditu txapelketarako. Aurten 80 gaztetxok parte hartu dute” nabarmendu zuen Jesus Senarrek. Iñigo Aritzak podiuma gertu izan zuen, baina bi laugarren posturekin konformatu behar izan zuen. “Gaur ez dute egunik onena izan. Pena da, baina halakoak gertatzen dira, eta pozik eta gustura daude egindakoarekin” adierazi zuen Iñigo Aritzako Jon Lagosek.