Sakanerria:
Udako haurrendako aisialdi programarako aurre izen-ematea zabalik. Garagarrilaren 30etik garilaren 20ra izanen da. Asteka matrikulatzeko aukera izanen da. Ergoienako Udalak jakinarazi du haurrei zuzendutako Udan Euskaraz aisialdi programan aurre izen-ematea zabaldu duela. Prozedura horrekin zenbat parte hartzaile izanen diren jakin nahi dute udalekoek. Eskaintza 3 eta 14 urte bitarteko haurrei zuzenduta dago. Programa Ergoienako hiru herrietan garatuko da. Garagarrilaren 30etik garilaren 20ra arteko hiru asteetan garatuko da programa. Haurrek hiru asteetarako edo aste solteetan matrikulatzeko aukera eskaintzen du udalak. Beraz, izena ematerakoan aukeraketa jakinarazi beharko da. Astegunez izanen da eta haurrek sartzeko ordutegi malgua izanen dute, 09:00etatik 10:00etara. Irteera ordutegia ere malgua izanen da, 13:00etatik 14:00etara. Izen ematea Ergoienan erroldatutako haurrak 15 eurokoa da aste bakoitzeko. Erroldatu gabeko haurren kasuan, berriz, 50 eurokoa. Aurre izen ematea apirilaren 28tik maiatzaren 23raino egin daiteke Ergoienako udaletxean edo info@ergoiena.com posta helbidearen bidez.
Olaztiko kiroldegiko teilatua konpontzeko lanen deialdia eginda. Itajurak ditu eta haiek kendu nahi ditu. Erburua kiroldegiko teilatua altzairu sinpleko txapaz eginda dago eta itajura asko ditu. Ur tantak kirol pistara erortzen dira, kirol praktikarako eremu ez segurua bihurtuz. Olatzagutiko Udalak teilatuko itajura horiek konpontzeko lanak emateko deialdia egin du. Obrak 116.110,01 euroko (BEZik gabe) aurrekontua du. Lana eskuratzeko eskaintza aurkezteko epea maiatzaren 5eko 23:59an despedituko da. Obra bere egiten duenak lanak despeditzeko hiru hilabete izanen ditu. Olatzagutiko Udalak lanak finantzatzeko Nafarroako Gobernuko aurrekontuetatik zuzenean 60.000 euro jasoko ditu, EH Bilduren zuzenketa bat bitarteko dela.
Oporraldiak hiru trafiko ezbehar utzi ditu. Bi kasutan bidaiariak kolpeekin ospitalera eraman zituzten. Oporraldiak hiru auto istripu utzi ditu Sakanako errepide 16:07an. sarean. Irurtzun parean bi izan ziren. Iparraldeko Autobian (A-15), Latasarako noranzkoan apirilaren 26an 16:07an izan zen istripuan. Ezbehar horretan bi emakumezko gaztek min hartu zuten. 19 urteko emakumeak kolpe arina izan zuen belaun batean, eta 18 urteko emakumeak, berriz, traumatismo kraneoentzefalikoa, pronostiko erreserbatukoa. Nafarroako Unibertsitate Ospitalera eraman zituzten. Istripuaren tokira Cordovillako suhiltzaileak, Irurtzungo mediku talde bat, bi anbulantzia, Foruzaingoa eta Guardia Civila joan ziren. Irurtzun parean, apirilaren 18an, beste istripu bat izan zen errepide berean. Auto batek petrila jo zuen. Foruzaingoak jakinarazi zuenez, auto gidaria, 20 urteko gizonezkoa, korrika ihesi atera zen, eta agenteek "zerbait ezkutatzen" ari zela pentsatu zuten. Geldiarazi eta alkoholemia proban 0,75 mg/l-ko tasa eman zuen, baimendutako maximoaren hirukoitza. Gidaria, gainera, gidabaimenik gabe zihoan. Gizonezkoa epaitegira joateko deitu dute, alkoholaren eraginpean gidatzeagatik bide-segurtasunaren aurkako delitu bat egotzita. Bestalde, Iparraldeko Autobian (A-1), Ziordia parean, auto bat bidetik atera zen apirilaren 19an, 20:30ean. Horren ondorioz, 67 urteko gizon bat zauritu zen. Autoan bakarrik zihoan gidaria kolpe ugari zituen eta Nafarroako Unibertsitate Ospitalera eraman zuten. Altsasuko suhiltzaileak, anbulantzia medikalizatu bat , oinarrizko bizi-euskarriko beste bat eta foruzainak joan ziren dira, eta haiek arduratu dira ezbeharra ikertzeaz. Azkenik, Foruzaingoak jakinarazi duenez, Altsasun gizonezko bat atxilotu zuten Aste Santuan. Antza, gastronomia elkarte baten barruan atxilotu zuten, hainbat mahaikideri mehatxu eta eraso egiteagatik. Atxilotutakoari mehatxuak, atentatua eta agenteei desobeditzea egotzi zizkioten.
Ekoizleek plaza hartu zuten. Ibarreko hamar ekoizle batzen dituen Belardi elkarteak antolatu zuen Amalur azokak Etxarri Aranazko plaza itxuraldatu zuen. Ekoizleak eta artisauek beraien ohiko lantokiak utzi eta haien lanaren fruituarekin sortutakoak zuzenean saltzen jarri ziren. Amalurra azokan izan zen. 25 salmahai izan ziren azokan. Plazatik pasa zirenek haietan gazta, barazkiak, eztia, ogia, hestekiak, ardoa, zukuak, pastak, arropa, bitxiak eta beste opa zitzaketen. Gainera, aurreko edizioetan bezala, arkume haragi pintxoak dastatzeko aukera izan zen. Azokako berritasuna aziendaren presentzia izan zen. Urbasa-Andiako larrean zabalik daudela adierazi eta azienda mendira igotzen zela irudikatzeko hiru saldo pasa ziren plazatik, bi zaldiak ziren, bestea behiak. Herrian barna kalejiran ibili ondoren, gaitariak azokari soinu banda jarri zioten. Pieza eta pieza artean Eneida Carreño Mundiñano esatariak azokako ekoizle eta artisau guztiak elkarrizketatu zituen txandaka. Euskaraldia batzordeko kideek txapak banatu eta izen-emateak hartu zituzten. Aldamenean zituzten Inklusibitatearen Aldeko Batzordekoak, inklusibitatearen betaurrekoak jartzera gonbidatu zutenak, begirada aldatu ahal izateko. Etxarri Palestina Elkartasun Taldeak joskintza taldekoek egindako manta eta gazta baten zozketarako txartelak saldu zituzten. Bestalde, Juan Luis Larraza Lakuntza idazleak herrian girotutako bi liburuak, Bernoa eta Luis Lizarraga kapitaina, saldu zituen.
Kirolalk:
Etxarri Aranatzek kopa ekarri zuen etxera. Etxarrik 1-2 irabazi zion Carcastilloko Larrateri Funesen jokatutako final handian. Apirilaren 17an jokatu zen Nafarroako Futbol Federazioaren kopako finala, Funesen. Etxarri Aranatzek eta Carcastilloko Larratek jokatu zuten finala. Etxarri Aranaztik bost autobus joan ziren taldea animatzera, eta Carcastillotik zazpiren bat. Beraz, giro ederrean eta zaleen babesarekin jokatu zen finala. Lehen zatia oso borrokatua izan zen. Bukaera aldera, arbitroak Etxarri Aranazko Geovanny Quezada jokalariari txartel gorria atera zion, sarrera gogorra egin zuela argudiatuta. Jokalari bat gutxiagorekin geratu zen Etxarri, eta 43. minutuan Larrateko Labordak gola sartu zuen. Atsedenaldira, beraz, jokalari bat gutxiagorekin eta 1-0 galtzen joan zen Etxarri Aranatz. Sakandarrek, ordea, ez zuten behera egin. Jokalari bat gutxiagorekin, lan gehiago egitea tokatu zitzaien. Hasi eta berehala Jon Erdoziaren golari esker bana berdindu zuen Etxarrik. Bi taldeek aukera sendoak izan zituzten, eta partida luzapenera zihoala zirudienean, deskontuan, Jon Erdoziak garaipenaren gola sartu zuen eta, 1-2 irabazita, kopa lortu zuen Etxarri Aranatzek. Xabat Goikoetxea kapitainak izan zuen kopa jasotzeko ohorea, eta zale etxarriarren artean zoramena barreiatu zen Funesen. Ondoren, ongietorri beroa egin zieten Etxarri Aranatzen. Kopa herriari eskaini, eta jokalariren batek baino gehiagok iturrian sartuta ospatu zuen kopa lortu izana. Parranda ordu txikiak arte luzatu zen Etxarri Aranatzen, festa egun handia izan baitzen.